Krisia gogor eragiten ari da kulturan, eta kolokan daude proiektu batzuk. Jaurlaritza aztertzen ari da Txillida Leku museoa erostea.
Donostia 2016ren egoera zein da?
Beste etapa bat hasi da. Horrelako proiektuek garai txarrak eta onak izaten dituzte. Ez da ezer berria gertatu. Krisiak egoten dira. Egin behar zen zuzendaritzaren aldaketa, bai ikusten genuelako eta bai zuzendaritzak eskatu zuelako. Osatuta dago dena, eta ea abian jartzen diren indar guztiarekin.
Diru ekarpenari eutsiko diozue?
Hori da gure konpromisoa.
Txillida Leku museoa erosiko duzue?
Lantzen ari gara familiarekin zer egin. Hainbat proposamen daude. Ez da soilik erosi: ikusi behar da zelako museoa nahi dugun, zelako erlazioa, zelako parte hartzea, nola ireki eta kudeatu... Guztia aztertu behar da. Gero ikusiko dugu.
Balentziaga museoaren etorkizuna...
Erraza ez da. Arazo asko daude, bai ekonomikoak eta bai langileenak. Lantzen utzi behar diegu, ea nolako akordioa egiten duten, eanola ikusten duten irtenbidea.
Egoera nolakoa den ikusita, beste Guggenheim museo bat Urdaibain?
Proiektu bat dago, proiektu on bat. Baina ez da momentua. Beste garai batean? Igual bai. Orain badaude gauza asko egiteko. Ez da zementuaren garaia. Birpentsatu behar dugu nola lan egin.
Gabonetan izango da kultur bonua?
Ez dakigu zer izango dugun Eguberrietan. Kultura bonuaren akatsa zen Eguberrietan soilik zela. Asmoa da urte osorako bonua edo beste zerbait ateratzea. Kultura urte osoan erabili behar dugu.
Euskara Biziberritzeko Planak elebitasun orekatua du xede. Posible da?
Landu behar dugu, eta egin. Posible? Ez dugu eperik jarri. Pausoak eman behar dira. Urte pila bat daramagu lanean, aurrerapauso nabarmenak eman ditugu. Gure gizartea gero eta gehiago murgilduta dago euskaran. Azterketa egin ondoren, hamar urterako pauso bat jarri da. Plan orokorra da.
Hedabideen laguntzei eutsi diezu, euskara ikasleenak berreskuratu. Lehen urteko keinua izan da?
Ez. Pentsatuz zein izan den gure ahalmena, oso apustu garrantzitsua izan da, eta aurrekontuetan ikusi da. Lehentasunak jarri behar izan ditugu: euskaltegiak eta hedabideak. Hori betetzea da asmoa. Aldaketarik ez dugu egingo, ahal bada. Orain ari gara lantzen aurrekontuak. Ikusiko dugu.
«Lehentasuna aurrekontuan ikusi da; ahal bada, ez dugu aldatuko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu