erasoak

Lehergailuekin eraso egin diete Kutxabanken bi bulegori

Igorren eta Gasteizen izan dira gertakariak. EAEko Segurtasun Sailak Kutxak gaur duen batzarrarekin lotu ditu erasoak. EH Bilduk eta Kutxabankek bi ekintzak errefusatu dituzte.

BERRIAk erredakzioan jasotako irudia, Igorren jazotako erasoa erakusten duena. BERRIA
Ander Perez Argote
2014ko urriaren 24a
15:25
Entzun

Bart gauean, pertsona batzuek Kutxabanken bulego bati eraso diote Igorren (Bizkaia), eta beste bati Gasteizen. Lehenengoak goizaldeko 04:10 inguruan egin du eztanda, Agirre lehendakariaren kaleko 33. zenbakian dagoen bulegoan. Bertako langile batek BERRIAri jakinarazi dio lokala “txikituta” dagoela. Eztandak atea bere lekutik atera eta hainbat kristal apurtu ditu.

Gasteizen, bestalde, gizon batek Kristo kaleko Kutxabanken bulegoko atean kokatutako objektu baten berri eman dio Ertzaintzari. Lehergailuetan aditua den Ertzaintzaren unitatea bertara joan da, eta objektua lekutik ateratzeko lanean ari da.

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Kutxak gaur egingo duen batzarrarekin lotu ditu erasoak. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu du Ertzaintzak gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu duela. Edonola, bi erasoen arteko antzekotasunaren “ebidentzia mahai gainean” jarri du Beltran de Herediak, eta Kutxak banku fundazio bihurtzeko egingo duen batzarrarekin lotu ditu gertakariak: “Badirudi hau dela haien desadostasuna erakusteko modua”.

EH Bilduk bi erasoak errefusatu ditu, eta uste du halako ekintzek "Kutxabanken kontrol publiko eta sozialaren aurka aritzen direnen estrategia eta argudioak elikatzen" dituztela. Koalizioak ohar bidez adierazi duenez, erasook bat egiten dute BBKren, Vitalen eta Kutxaren "bankarizazio prozesua babesten dutenen helburuekin".

Kutxabankek ere erasoak gaitzetsi ditu. Nabarmendu du erasoetan ez dela inor zauritu, eta ez duela ekintzaren eta horren helburuaren gaineko informaziorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.