Bergarako (Gipuzkoa) Instrukzio Epaitegian jaso zuten atzo lekukoak egindako deklarazioa. Han dioenez, «ez da egia komunikabideetan atxiloketaren orduari buruz zabaldu dena, ezta ohiko kontrola zegoenik ere, eta ezta atxilotuek poliziari aurre egin zietela ere».
Auzitegiko deklarazioaren kopia bat zabaldu du Askatasunak, lekukoaren izena ezabatua daukana.
Deklarazioan jasotzen denez, zakurrarekin kalean zegoela atxiloketa aurrez aurre ikustea egokitu zitzaion lekukoari. Une hartan gertatutakoari buruz zabaldu den ia guztia gezurra dela dio. Lehenik, bertsio ofizialak dioenaren kontra, atxiloketa 10:00etatik 10:30era bitartean izan zela dio, eta han ez zegoela Guardia Zibilaren kontrolik. Bera, 10:00ak baino lehenagotik Udalarako bidearen inguruan dagoen banku batean eserita egunkaria irakurtzen zegoela jasotzen da -Ergin eskolaren inguruetan-. 10:00 aldera Udala mendi aldetik «bi mendizale» zetozela ikusi zuen, eta Guardia Zibilaren bost ibilgailu agertu eta haiengana joan ziren, zuzenean. Motxilak eskatu zizkieten, eta lekukoari zakurrari eusteko eta identifikatzeko agindu zioten.
Portu eta Sarasolaren automobila -Volkswagen Caddy bat- miatzeari ekin zioten gero guardia zibilek. Zelofanetan bildutako pakete bat atera zuten autotik. Lekukoak dioenez, paketearen barruan zegoena ikusi ostean, biei eskuburdinak jarri eta haiei autoan sartzeko agintzen ari ziren guardia zibilak. Berari, berriz, dokumentazioa itzuli zioten, eta handik joateko agindu.
BERTSIO OFIZIALA. Astelehen goizaldean, Portu erietxera eraman eta ordu batzuetara bere osasun egoera larriaren berri ematen zuen mediku txostena jakinarazi ostean azaldu zuen Espainiako Barne Ministro Alfredo Perez Rubalcabak bertsio ofiziala.
Bi atxilotuak igande gauean egindako miaketetan ondo ikusi zituztela esan zuten familiakoek; baina, bertsio ofizialaren arabera, atxiloketaren unean hautsi zioten saihetsa Porturi, orduan zulatu zioten birika, eta egoera horretan eduki zuten miaketan, harik eta astelehen goizaldeko03:56an erietxera eraman zuten arte. Atxilotzerakoan eman «behar» izan zizkioten kolpeen ondorioz dauka gorputz osoa puztua eta ubelduraz betea Portuk. Sarasolak dituen lesioak ere gisa berean sortutakoak dira, betiere, bertsio ofizialaren arabera.
Igor Portuk torturatu egin dutela salatu du, etaGrande Marlaskak inkomunikazioa luzatu egin dio
Donostiako Lurralde Auzitegiko epaile batek ere deklarazioa hartu dio Porturi, lesioen inguruanagentziak
Donostia
Igor Portu baldintzarik gabe espetxeratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak, atxilotuari Donostiako Ospitalean deklarazioa hartu ostean. Gehienez beste bost egunez Portu inkomunikatuta edukitzeko agindua ere eman du. Grande Marlaskak gaur hartuko dio deklarazioa Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta jarraitzen duen Mattin Sarasolari. Fiskalak Sarasola ere preso sartzeko eskatuko duela zabaldu dute berri agentziek.
Portu erietxean dago astelehen goizaldeaz geroztik, Guardia Zibilaren esku egon den denboran saihets bat hautsi diotelako, eta saihetsak birika zulatu diolako. Hala, Donostiako Ospitalean izan ziren atzo Grande Marlaska eta Miguel Angel Carballo fiskala, Porturi deklarazioa hartzen.
Berri agentziek zabaldu dutenez, Portuk ez zien erantzun fiskalak eta epaileak egin zizkien galderei. Iturri horien arabera, Portuk epaileari esan zion bakarra zera da: inkomunikatuta eduki duten denboran Guardia Zibilak torturatu egin duela, eta mehatxu ere egin diotela.
Preso gisa Donostiako Ospitalean jarraituko du Portuk, eta senda agiriajasotzen duenean eramango dute espetxera. Gainera, inkomunikazioa kentzen ez dioten bitartean ezin izango du egon ez bere abokatuekin ez eta familiarekin ere.
Inkomunikazioa luzatzeko argudio gisa, Grande Marlaskak esan du Sarasolari bihar hartu behar diola deklarazioa. Askatasunaren iritzian, aldiz, inkomunikazioa torturatzeko erabiltzeaz gain, tortura hori estaltzeko ere erabiltzen dutela salatu du Askatasunak komunikabideetara bidalitako oharrean. Askatasunaren ustez, Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du nahi inork Portu ikus dezan, eta ezta presoak inorekin hitz egiterik ere. Hain zuzen ere, horregatik luzatu dio inkomunikazioa, Askatasunaren ustez.
«Talde terroristako» kide izatea egotzi dio Grande Marlaskak Porturi, eta baita armak eta lehergailuak edukitzea ere. Aurreko egunetan zabaldu bezala, Madrilgo Barajasko aireportuko atentatua egitea eta iazko abuztuaren 26an Les Coves de Vinroman (Herrialde Katalanak) furgoneta bat leherraraztea ere leporatu dio.
Hala, hurrenez hurren bi kasu horiek aztertzen ari diren Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazen eta Baltasar Garzonen aurrean ere deklaratu beharko du Portuk, berri agentzien arabera. Iturri horiek diotenez, Sarasolak ere gauza bera egin beharko du.
DONOSTIAKO EPAILEA.Donostiako Lurralde Auzitegiko 1. Instrukzio epaileak ere deklarazioa hartu dio Porturi. Efe berri agentziak zabaldu duenez, Donostiako Ospitalean azterketa medikua egin ostean jakinarazi zuten mediku txostenean jasotzen diren lesioak nondik datozen aztertzen ari da epaile hori. Beraz, Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta egon den Porturi deklarazioa hartu dio. Iturri horien arabera, atzo baino lehenago hartu zion deklarazioa.
Mediku txostenaren ondorioz ireki diren aurretiazko eginbideetarako informazioa metatzen ari da epailea. Eginbideak amaitu ostean erabaki beharko du auziarekin jarraitzen duen edo, auzia beste epaitegiren bati dagokiola erabakiz gero, inhibitu egiten den.