Gaur ekingo diote berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Inocente Montano El Salvadorko Defentsa ministrorde eta armadako koronel izandakoaren aurkako epaiketari. 1989ko azaroaren 16an Ignacio Ellakuria euskal herritarra eta bertze lau jesuita eta hiru herritar hiltzea egozten diote. Fiskaltzak 150 urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat.
Rene Yusshy Mendoza El Salvadorko armadako tenientea zena eseriko da gaur akusatuen aulkian. Hasieran, Yusshy Mendoza bera ere epaitzekoak ziren, baina epaiketa hasieran preskribitutzat jo zituzten haren delituak.
Justiziarekin kolaboratu duen eta egindakoa onartu duen jeneral bakarra da Yusshy Mendoza. 1993 arte kartzelatuta egon zen, eta amnistia legea ezartzearekin bat askatu zuten. Atlacatl batailoiko kidea izan zen, eta berari egozten diote hilketak egitea.
Mendozaren testigantza klabea izango da Montanoren aurkako epaiketan. Izan ere, lekuko izateak epaiketan egia erratera behartzen du. Montanok, orain arte, beti ukatu izan du hilketekin zerikusia zuela.
Mendozaren testigantzaren ondotik, Alvaro Henry Campos eta Edward Sidney Blancoren txanda izango da: El Salvadorko prozesu judizialaren hasieran fiskal eta ondotik Jesusen Lagundiaren akusazioaren abokatuak izan ziren .
Lucia Barreda hilketak ikusi zituen lekuko bakarra eta haren senar Jorge Cerna izango dira hurrengo lekukoak. Eric Warren AEBetako armadako jenerala izango da bere testigantza emango duen azken lekukoa.
Behin-behinean espetxeratuta
Auzitegi Nazionalak hogei bat militar ohi auzipetu zituen, baina El Salvadorko agintariek ez diete jaramonik egin estradizio eskaerei. Montano, berriz, 2015ean atxilotu zuten, AEBetan, eta bi urte geroago Espainiako Estatuaren esku utzi zuten AEBek. 2017ko azaroaren 29tik dago behin-behineko espetxealdian. Osasun arrazoiak eman ditu kartzelatua ez izateko.