Hamarkada luzez politikan aritutakoa zen Adolfo Suarez, frankismo garaian Movimiento delakoan idazkaritza nagusiko ministro ere izandakoa, eta 1976an, Franco hil ondoren, gobernuburu izendatu zuen Juan Carlos I.ak, Arias Navarroren ordez. Helburu argiarekin aukeratu zuen: frankismoan izendatutako gorteek aldaketak onartzea, baina, aldi berean, Francoren legeria onartuta, armadaren babespean gobernatzea. Hitz gutxitan, frankismotik trantsiziorako zubi lana egin zuen lemazaina izan zen Suarez.
Franco hil osteko urteetan, Suarez gobernuan zela, errepresio latza izan zen Euskal Herrian. 1976ko Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia eta Montejurrako (Nafarroa) hilketak haren agindupean jazo ziren, Manuel Fraga Gobernazio ministroa zela.
Giro politiko nahasi horretan iritsi ziren 1997ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Bozetara berak bultzatutako aukerarekin aurkeztu zen Suarez, UCD koalizioarekin, alegia. 1977ko abenduaren 30ean, Euskal Kontseilu Nagusia osatu zen, eta autonomia aurreko erregimena onartu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat, Nafarroa kanpoan utzita. Espainiako Konstituzioa onetsi aurreko hilabeteetan, beste lurraldeetara ere zabaldu zen autonomia, eta Autonomi Estatua egituratzen hasi zen orduan.
1979an, Gernikako Estatutuaren negoziazioetan, ezinbesteko rola izan zuen Suarezek. UCDren eta EAJren arteko bi aldeko elkarrizketen ondorioz lortu zen ituna, baina batez ere Suarezen eta Carlos Garaikoetxearen arteko buruz burukoetan. Ofizialki, negoziazioak Espainiako Kongresuko eta Euskal Legebiltzarkideen Asanbleako ordezkaritzen artekoak izan ziren, baina praktikan, Suarezek eta Garaikoetxeak hartu zituzten erabakiak. Batez ere, auzi politikoenak bi agintarien mahaian konpondu zituzten aurrena, gero beste mahaietara joateko. 1979ko uztailaren 16an, EAJ eta UCD ados jarri ziren, eta uztailaren 18an, Estatutuaren testu osoa onartu zuten batzorde mistoan. Hilaren 21ean, Kongresuko Batzorde Konstituzionalak legea onartu zuen, behin betiko.
Euskal Herriko gatazkari dagokionez, ETArekin negoziatzearen aurka agertu zen beti Suarez, jendaurrean bederen. Espainiako Gobernuko presidente zela, negoziazioaren aurkako diskurtsoari eutsi zion. Alabaina, duela hiru urte inguru jakin zen Suarezen gobernuaren garaian zerbitzu sekretuek ETArekin harremanak izan zituztela, adar politiko-militarrarekin zein adar militarrarekin.
1980ko hamarkadan, gobernuko presidentea izateari utzi zionean, «erakunde terroristekin edonolako negoziazioak» egitearen alde agertu zen, betiere elkarrizketa horiek Konstituzioa eta Estatutua errespetatzen baldin bazuten. Halaber, odol delituak zituzten ETAko kideei indultuak emateko aukera onartzeko prest agertu zen.
Soslaia. Adolfo Suarez
Lemazain mandatua bete zuena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu