LEP eredu berri bat proposatu dio Osakidetzari LABek

Hurrengo lan eskaintza publikoak, lan taldea handitzen ez duenez, premiak asegabe uzten dituela dio sindikatuak

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Osakidetzak laster lan eskaintza publiko (LEP) berri bat egiteko asmoa iragarri duela eta, LABek eredua aldatzeko eskatu dio. Atzo bertan jarraibide berri baten proposamena bidali zion Osakidetzari. «Uste dugu sistema ez dela egokia eta ez dituela osasun arlo publikoaren beharrak betetzen, ez eta hauta probetan parte hartzen duten herritarrenak ere», esan du Iñigo Bilbao LABeko osasun arloko komunikazio buruak.

LABek proposatutako ereduak deialdiak urtero edo bi urterik behin egitea jartzen du xede gisara, dela bete barik dauden lanpostuak betetzeko zein lan taldea handitzeko. Oposaketa galdera sorta bati erantzun beharreko azterketa bidez egingo litzateke. Galderen erantzun zuzenak administrazioak herritarren esku utzi beharko lituzke. Azterketa horren emaitzari, euskararen betekizuna, lanean emandako denbora eta trebakuntza gehitu beharko litzaizkioke. Euskararen ezagutzari dagokionez, Osakidetzak une honetan ez duela agindutakoa betetzen salatu du Bilbaok. Aurrerantzean, proposatutako eredu berri honen bidez, euskararen ezagutza eten barik egiaztatzea eskatzen du LABek.

Bilbaoren esanetan, beste trebakuntza eredu bat behar da. Kontrataziorako aldez aurretiko prestakuntza beharko balitz, adibidez, administrazioak berak eman beharko lukeela dio. Halaber, ez dute ontzat, aurreko LEPetan postua eskuratu ezinik geratu zirenek, berriro azterketa egin behar izatea. «Behin egin eta gaindituz gero, emaitza gordetzeko eskatzen dugu. Hurrengora nahi duena aurkez dadila, esate baterako, emaitza igotzera».

Akatsak zuzendu

LABen proposamenak osasun administraziora sarbidea erraztea du helburu, herritarren eskubideak murriztu gabe. «Burokraziaren akatsak eta horrelako deialdien alderdi negatiboak saihestea» jomugen artean du.

Egitear dagoen LEP honetan 2.500-2.600 lanpostu inguru eskainiko ditu Osakidetzak. Bilbaok dioenez, oso gutxi dira. Bete gabe dauden hutsuneak betetzeko beste; baina ez lan taldea handitzeko lain. Hala, Bilbaoren ustez, LEP horrek ez du Osakidetzaren arazoa konponduko. «Krisia gora eta behera gabiltzala, sektore publikoaren aldeko apustu garbia egin behar dela pentsatzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.