Les Bascos elkarteak diskriminazioen kontrako politika orokorra galdegin du

Herriko hauteskundeak izango direla eta, LGBT elkarte horrek «egiazko engaiamendua» eskatu die Ipar Euskal Herriko hautagai eta instituzioei.

Les Bascos elkarteko kideak, prentsaurrekoan. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko urtarrilaren 14a
15:18
Entzun

Herritar hitzarmen bat plantan ezarri du Les Bascos elkarteak «berdintasunaren alde, anaitasuna lagun eta aniztasuna bultzatzeko». Helburua da Ipar Euskal Herriko herriko etxe guztiek izenpetzea, eta, horretarako, hautagai guztiei igorriko diete agiria. Datorren martxoan izango dira herri hauteskundeak, eta elkarteak eskatu du instituzioak «argiki» engaiatzea diskriminazioen kontrako borrokan.

Hitzarmenaren lehen ardatza da diskriminazioen inguruko diagnostiko bat egitea. «Diagnostiko baten bidez, egoeraz jabetuko gara, eta arazoa politiko bilakatuko da», azaldu du Beñat Gachen Les Bascos elkarteko lehendakariak. Emaitzen arabera «borroka plan orokor eta transbertsal bat» sortzea proposatzen du elkarteak, lan tresna berezituen bitartez. Gachen: «LGBTfobia, arrazakeria, matxismoa eta beste diskriminazioak batera borrokatu behar dira». Horretarako, nabarmendu du herriko etxeen konpetentzia guztietan sartu behar dela diskriminazioen aurkako borroka: garraio zerbitzuan, kirol arloan eta gizarte zerbitzuetan, besteak beste. Arlo horietan guztietan sentsibilizazio kanpainak eramatea beharrezkoa dela iruditzen zaio Gacheni. Azaldu du BOC Baionako errugbi taldearen zaleekin sentsibilizazio kanpaina bat abiatu dutela, «zelaitik homofobia kanporatzeko».

Bestalde, hauteskunde zerrenden parekotasuna aipatu dute, eta salatu dute Pirinio Atlantikoetako auzapezen %12,4 soilik direla andreak. Euskal elkargoko kontseilarietan, %23 baizik ez dira emazteak. Egoera horiek «gizartearen ispilu dira» Gachenen arabera, eta, hori eragozteko, eskubideen berdintasuna aldarrikatu dute. Herriko etxeetako langileek formakuntza beharrezkoa dutela uste du, eta azpimarratu du transgeneroek izailtasun administratiboak zan ditzaketela. Eragileen eta instituzioen arteko harremana segurtatzeko, diskriminazioen kontrako axuanta eta hautetsiak eskatu dituzte. «Politika orokor» hori plantan ezartzeko bideak proposatu ditu elkarteak: diskriminazioen kontrako herritar ekintzak laguntzea, gertakari kultural eta hezitzaileak plantan ezartzea, eta komunikazioan aniztasuna sustatzea, besteak beste. 

Hitzarmenaz gain, hilabete honetarako, mahai inguruak antolatuko dituzte Miarritzen eta Baionan; hautagai guztiak gonbidatu dituzte. Eztabaidatzeko guneak izango dira, eta diskriminazioak eragozteko «metodologia» bereziak sortzea izanen da erronka, Gachenen ustez. 2014ko herri hauteskundeetan ere egitasmo bera ezarri zuten plantan. Duela sei urteko mahai inguruen harira, Baionan izan dira «lorpen handienak», Gachenen ustez, nahiz eta oraindik «gehiago egin» daitekeen. Izan ere, diskriminazioen kontrako borrokarako axuant bat izendatu zuen Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak azken agintaldian. Baiona eta Miarritzen ekinen diote lan handienari, baina guztira hamabi herritako hautagaiekin hasiak dira eztabaidan. Gainerateko lekuetan, herritar hitzarmena helaraziko diete zerrendaburuei, eta «erantzun baikorrak» espero dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.