Letamendi-Urresti sendia, iheslarien atzoko eta gaurko historiaren lekuko

Erbestean jaio zen Ikerne Letamendi Urresti, bi iheslariren alaba; erbestean du semea orain. «Traba ugari» pasatu dituztela azaldu du

Hodei Iruretagoiena
Donostia
2015eko abenduaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beste hizlarien artean, Ikerne Letamendi Urresti zegoen atzo Iheslariak.Euskal erbestea (1936-2015) liburuaren aurkezpenean. Haren familiaren istorioak biltzen du liburuak hartzen duen aldi horretan milaka euskal herritarrek pasatutakoa. Aldirik aldi, eta alderik alde. Letamendi Urresti bera erbestean jaio zen, Parisen. 1936ko gerrako iheslariak zituen gurasoak, munduko hainbat lekutan ibiliak ihesean. Gaur egun, Letamendi Urrestiren semea dago erbestean.

Txomin Letamendi Murua izan zen Ikerneren aita, 1901ean Bilbon jaioa. Haren kide baten testu bat irakurriz ekarri zuen gogora atzo Ikerne alabak familiaren istorioa. Bilboko Orkestra Sinfonikoan turuta jotzen aritu zen Letamendi Murua, eta goitizen horixe geratu zitzaion gerora: Turuta. 1936ko gerran Ariztimuño Batailoiko komandante hautatu zuten. Francoren tropen aurka aritu zen borrokan Bilbo erori arte. Orduan hasi zuen ihesaldia, beste askoren antzera. Parisera heldu, eta han ezagutu zuen Karmele Urresti Iturrioz, 1915ean Ondarroan (Bizkaia) jaioa. Bikote egin, eta han izan zuten lehen alaba: Ikerne Letamendi Urresti.

Ihesi joana zen Parisera Karmele Urresti Iturrioz ere. Gazterik Bilbora joana, Basurtuko ospitalean hasi zen lanean, erizain gisa. Gerra piztutakoan ere jarraitu zuen langintza horretan, orduko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura, Bilbon, Portugaleten eta Santoñan (Kantabria, Espainia). Handik, ordea, Ipar Euskal Herrira egin behar izan zuen alde, Lezo Urreztieta komandantearekin. Saran (Lapurdi) Eresoinka taldea sortu zutenean, han hasi zen dantzari gisa, eta halaxe heldu zen Parisera.

1940an, Alemaniak Frantzia inbaditu zuenean, Marseillako portutik Venezuelarako bidaia hasi zuten bikoteak eta alabak. Hiru urte geroago, Jose Antonio Agirre lehendakariak laguntza eskatu zion Letamendi Muruari, Madrilen informazio talde bat osatzeko, besteak beste, Jesus Insausti Uzturre, Peio Irujo, Andima Ibiñagabeitia eta Sabin Barrenarekin batera. Baiezkoa eman zuen, eta Bizkaira itzuli zen berriz, familiarekin.

Torturak hila

1945ean atxilotu zuten lehen aldiz Letamendi Murua. Bilboko etxera joan zitzaizkionean, ihes egitea lortu zuen, baina Donostian harrapatu zuten gero; torturatu, eta baldintzapean aske utzi zuten denbora gutxira. Hilabete batzuen buruan, ordea, berriro atxilotu zuten, Bartzelonan. Torturatu,eta espetxeratu egin zuten: Bartzelonan, Carabanchelen (Madril) eta Guadalajaran (Espainia). Haren osasunak okerrera egin zuen tortura saioen ondorioz, eta, azkenean kalera atera bazuten ere, berehala hil zen. 1950a zen. Senarraren heriotzaren ondoren, Venezuelara egin zuen alde berriz ere Urresti Iturriozek. 1975ean itzuli zen Ondarroara. 2010eko maiatzean hil zen, sorterrian, 94 urte zituela.

Bien alaba, Ikerne Letamendi Urrestik, gogora ekarri zuen atzo «traba ugari» pasatu behar izan dutela. «Gerra zibiletik hasita, gaur arte». 1992an atxilotu zuten haren seme Robert Diaz Letamendi, Parisen. Ariztimuño batailoiko komandanteak eta Santoñatik ihes egindako erizainak elkar ezagutu zuten erbeste berean. Gaur egun ere erbestean dago Diaz Letamendi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.