Lezako erietxea zerbitzu gehiagorekin hornitzeko eskatu dute langileek

Bilduren ustez, Lezako ospitalea eskualdeko erietxe bihurtuta amai daiteke Arabako Errioxako erien gatazka

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Lezako (Araba) ospitaleko ELA eta LAB sindikatuetako langileek erietxe hori «zerbitzu gehiagoz hornitzeko» eskatu diote Osakidetzari. Ospitalea eraberritzeko hiru milioi euro inbertitu ondoren, Osakidetzak hura «desmuntatzeari» ekin diola uste dute beharginek; hori egin beharrean, Lezakoa inguruko «erreferentzia-ospitaletzat» hartzeko eskatu diote.

Erietxe horretako laborategia itxi izana eta bertan ematen ziren zerbitzuak Gasteizko laborategi bateratura eraman izana leporatu diote ELAk eta LABek Osakidetzari. Hori osasun zerbitzuaren asmoaren «lehen urratsa» izan dela uste dute sindikatuek. Gainera, erabaki horrek Arabako Errioxako hainbat herritar kaltetuko dituela ohartarazi dute, eta besteak beste, odola ateratzeko eta jasotzeko Gasteizko ospitalera joan beharko dutela salatu dute.

Lezako ospitalea indartuz eta hura eskualdeko erietxe bihurtuz, Arabako Errioxako gaixoak artatzearen gaineko afera konponduko litzatekeela uste du Bilduren Oiongo Udaleko taldeak. Errioxako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuek behin-behineko akordioa lortzen badute ere, «duela hamarkada ugari» konpondu beharreko arreta arazoa ez dela amaituko azaldu du Bilduk. Horretarako, gaur egun erietxeak dituen azpiegiturak «baliatu» behar direla gaineratu du.

Kohesio funtsa, irtenbide

Arabako Errioxako gaixoen gaineko gatazka eta horren tankerako hainbat arazo konpontzeko, osasun arloko kohesio funtsa erabili behar dela esan du EAJko legebiltzarkide Nerea Antiak. Izan ere, Antiak oroitarazi duenez, funts horren helburua da arreta zerbitzu publikoetara heltzeko aukera berdintasuna bermatzea.

Antiak Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian egin ditu adierazpenok. Haren ustez, Arabako Errioxako gaixoen afera «aukera» bat izan daiteke haren antzeko gatazkak konpontzeko, baina konponbidea Espainiako presidente izango den Mariano Raxoik «kargua hartu baino lehenago» iritsi behar dela esan du: «Arabako Errioxako biztanleak ez daude zeremonietarako». Gatazka «eztabaida politikoa» izan delakoan da Antia, eta Eusko Jaurlaritzak nahiz Errioxako Gobernuak gaizki jokatu dutela uste du. Dena den, Jaurlaritzari zuzendu dizkio kritikak: «Ez ditu gauzak behar bezala egin; gaizki eta berandu aritu da».

Gatazka konpontze aldera, aste hau «erabakigarria» izateko itxaropena azaldu du Antiak. Gainera, kaltetuak izan diren herritarrekin eta Eusko Legebiltzarrarekin komunikazioa «indartzeko» eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.