"Zuzenbide Estatu batean, guztiz beharrezkoa da tortura boterearen erabileratik desagerraraztea". Hala adierazi du EAEko ararteko Manuel Lezertuak Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunaren harira ateratako agirian.
Besteak beste, gogora ekarri ditu Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Kontseiluak Espainiari buruz egindako txostenak. Horietan aipatzen da, esaterako, inkomunikazio erregimenak dakarrena: "Opakotasun gune horrek tortura, tratu txarra eta gehiegikeriak errazten ditu, eta prebentzioa eta ikerketa zaildu. Gainera, zenbaitetan, tratu krudel, anker edo lotsarazlea eragiten du".
Hala, prebentzioan jarri du arreta arartekoak, eta hainbat alderdi nabarmendu ditu: salaketa asko ikertzeko izapiderik gabe artxibatu izana, salatzaileek presioak jaso izana, "arrazoirik gabeko atzerapenak", indultuak... "Eta are gehiago, zigor irmoa jasotako agenteei sariak eman zaizkie". Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiari jarritako zigorrak ere oroitarazi du Lezertuak, tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik.
Arartekoa: "Horregatik, egun hau oroitzean, ezinbestez agerian jarri behar dira, berriro ere, gure berme sistemak egiaz dituen gabeziak".
Jaurlaritzaren ikerketaren aurkezpena
Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, torturari buruz egindako ikerketa ere aipatu du arartekoak agirian. Hain justu, astelehenean aurkeztuko dute lan hori, torturari buruzko EHUren udako ikastaro baten barruan. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak, Bake eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek, Paco Etxeberria auzi medikuak eta NBEko Torturaren aurkako kontalari berezi Juan Ernesto Mendezek hartu dute parte, besteak beste.