Ekonomia

Lezoko Udalak dio ez daudela onartuta kanpoko portuaren eta Jaizkibelgo tunelen egitasmoak

Aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak bi proiektuon diseinuaren berri eman du. "Udalen eta gizartearen gainetik oso erabaki interesatuak jarri nahi dituzte", esan du Haritz Salaberria alkateak, eta hilaren 29an Markel Olano ahaldun nagusiarekin bilduko da.

2008ko irailaren 5a
16:18
Entzun
Pasaiako kanpoko portua eta Lezo lotuko dituen tunelaren diseinuaren berri eman du aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina gaur Lezoko Udalak ohartarazi du ez kanpoko kaiaren eta ez Jaizkibelgo tunelaren egitasmoak ez daudela onartuta, oarsoaldekohitza.com webak dioenez.

Aldundiaren arabera, tunelak Jaizkibel mendia zulatuko luke, eta bi kilometro izango lituzke. Aldundiak Pasaiako Portu Agintaritzari emango dio egin duen azterketaren berri, proiektu osoaren plan zuzendarian atxiki dezan, Eneko Goia Bide Azpiegituretarako diputatuak asteazkenean jakinarazi zuenez.

Pasaiako kanpoko portua eta Gi-2638 lotzeko bide berria egingo lukete, eta guztira 2,9 kilometro izango lituzke -haietako bi, tunelean-. Aldundiak aurreikusten du 93 eta 138 milioi euro artean beharko lituzkeela azpiegitura berria egiteko.

"Dakigun bakarra, prentsa bidez jaso ahal izan duguna da", esan du gaur Haritz Salaberria Lezoko alkateak udaletxean egindako prentsaurrekoan. "Hau al da Aldundiak hainbestetan esan duen elkarlana portuaren eta Pasaiaren biziberritzeari dagokionez? Ez dugu uste. Udalen eta gizartearen gainetik oso erabaki interesatuak jarri nahi dituzte, udalen eskumenak errespetatu gabe. Kea saltzen dabil".

Kanpoko kaiaren eta aipatutako tunelen inguruko eztabaida egin dadin bideak jarriko dituela adierazi du Lezoko Udalak eta, haren iritziz, Portuko Agintaritzak, Aldundiak eta gainerako alderdiek "eztabaidatzeko interes txikia dute".

Salaberria hilaren 29an Markel Olano ahaldun nagusiarekin biltzekoa da, eta jarrera alda dezan eskatuko dio, baita publikoki azalpenak eman ditzan ere. Horrez gain, "informazioan gardentasuna" nahi duela ere bai.

Alkateak dio egitasmoak Oarsoaldea eskualdea "itoko" lukeela. "Tunelak eraikitzeko egunero lau mila ibilgailu pasatuko lirateke gure errepideetatik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.