LGTBIfobiaren Aurkako Eguna (II)

LGTBIfobia oholtza gainera igotzen denean

Gorputz disidenteek, oholtzara igotzean, jazarpena eta segurtasun eza pairatzen dute: erasoak, isiltasunak eta begiradak, besteak beste. Bada txiki sentitu eta bere burua isilarazi duenik ere hori dela eta.

Altxaliliren ikuskizun bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Altxaliliren ikuskizun bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko maiatzaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Hogei minutu inguru igaro dira bertso saioa hasi denetik; plaza, goraino. Bere bikotekidearekin oporretara joan eta jatetxe batean liskarrean aritu ostean hotelerako ibilbidean gertatutakoaz abesteko eskatu dio gai jartzaileak bertsolariari. Hark, trebetasunez, barre eragin die bertaratutakoei. Bigarren bertsolariaren txanda da; oraingoan, jatetxe batean beharrean, etxean da bikotea, eta, liskarra beharrean, harekin ezkontzeko eskatuko dio bertsolariak bere bikotekideari. Bertsolari hori ere, trebetasunez, egoerari buruzko txisteak egiteko gai izan da; plaza, ostera, mutu dago. Bi bertsoen arteko aldea: aurreneko bertsolariak bikote heterosexual baten inguruan abestu du; bigarrenak, bestetik, bikote lesbiana baten inguruan.

Hori ez da egun jakin bateko gertakizun bat, LGTBI kolektibokoak diren bertsolariek —eta artistek, oro har— hainbatetan pairatu izan duten bizipena baizik. LGTBIfobia askotan indarkeriaren bidez agertu arren, xehetasunetan ere badagoela uste du Maider Arregi bertsolariak; isiltasunetan, begiradetan, deserosotasunean. «Gaiak aukera ematen digunean lesbiana garela esateko, homofobiaren aurka agertzeko edo LGTBIQ+ komunitatearen inguruan abesteko, lotsa sentitzera heltzen gara. Nabaritzen dugu jendearen erantzuna ez dela erosoa; isilik geratzen dira askotan», azaldu du Arregik.

Arregiren iritziz, bertsolaritzaren esparru «orokorrean» —hau da, «kode heterosexualetan oinarritutakoan»—, LGTBI komunitateko kideen bizipenak ez daude «guztiz ordezkatuta». Hori dela eta, abesterakoan «deseroso» sentitu izan dela azaldu du: «Sentitzen dugu bigarren planoan gaudela, ez garela beste bertsolariak beste». Izan ere, bere sexualitatearen inguruan kantatzean jendea «azkar nekatzen» dela nabaritzen du Arregik. «Heterosexualitatea behin eta berriz agertzen da plazetan, eta inor ez da kexatzen. Guri, ordea, 'berriz gai horrekin' ari garela esaten digute. Astunak garela sentiarazten digute askotan».

«Heterosexualitatea behin eta berriz agertzen da plazetan, eta inor ez da kexatzen. Guri, ordea, 'berriz gai horrekin' ari garela esaten digute»

MAIDER ARREGIBertsolaria

Gainera, eta Arregik «gauzak pixkanaka aldatzen ari direla» iritzi dion arren, ez da erraza heterosexualitatea nagusi den gai horietatik ateratzea. Izan ere, gaietan ere LGTBIfobia topatu daitekeela nabarmendu du bertsolariak. Hori dela eta, «heteroz mozorrotu» eta bere izaera ez adieraztea erabaki izan du hainbatetan. Zenbaitetan bere burua isilarazi duela esan du, «borrokak aukeratzearen» garrantzia azpimarratuta.

Maider Arregi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa, Arrasaten, iaz. GORKA RUBIO / FOKU
Maider Arregi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa, Arrasaten, iaz. GORKA RUBIO / FOKU

LGTBIfobia, baina, ez da soilik bertsolaritzan oholtzaratzen. Dom Campistron ilustratzaile eta Altxalili kabareteko kideak argi du LGTBIfobia «egunerokoan» dagoela; eta, hortaz, kultura adierazpide «guztietan» topa daitekeela. Campistronek, hala ere, xehetasunetatik harago doazen eraso LGTBIfoboak pairatu ditu: Altxalili kabaretari eraso egin izan diote. «Behin baino gehiagotan gertatu zaigu herri batean ikuskizuna antolatu eta herriko gizon talde bat gerturatzea. Aurrena nor garen ikustera etortzen dira, eta horren ostean datoz erasoak».

Ilustrazioak aurkeztean edo ilustratzaile gisa solasaldiak ematean ere LGTBIfobia pairatu duela azaldu du Campistronek. «Esaten didate nire pertsonaiak itsusiak direla. Gainera, LGTBIQ+ erotika oinarri hartuta ere margotu ditut hainbatetan; eta ilustrazio horiei egindako kritika asko homofobiari lotuak daude». Kulturgileak azpimarratu duenez, bere lanetan «LGTBIQ+ ikuspuntu bat txertatzen» saiatzen da, eta jendea horren aurka agertu izan da zenbaitetan.

Segurtasuna eraiki

Gorputz disidenteak oholtzaratzean paira dezaketen LGTBIfobiaz jakitun —edo pairatu ondoren, askotan—, heteronormatibitatetik ateratzeko eta «seguruago» sentitzeko lekuak eraiki dituzte LGTBI komunitateko kideak diren kulturgile anitzek. Horien adibide dira bai Arregi, bai Campistron; bakoitza bere esparruan.

«Guk Altxalilin egiten dugun gisan, plazak hartu ditugu [LGTBI komunitateko kideak], eta ez gara bertatik joango»

DOM CAMPISTRONIlustratzailea eta Altxaliliko kidea

Bertsolariari dagokionez, beste hainbat bertsolari lesbianarekin elkartu, eta bollo bertso saioak izeneko ekitaldiak antolatzen hasi zen. Are gehiago, Arregiren ustez, heteroarautik atera izanak gauza txarrak ekarri dizkion arren, onak ere ekarri dizkio: horrelako plazak eraiki ahal izatea, adibidez. «Gaur egun bertsolaritza ezin da hartu kultur adierazpide homogeneotzat. Guk hasitako saioetan, bertsolaritza beste modu batera egiteko aukerak plazaratu ditugu».

Dom Campistron, lanean. BERRIA
Dom Campistron, lanean. BERRIA

Beste hainbat euskal artistarekin elkartuta, bere lana leku seguru bat sortzeko gai izan da, Campistronen iritziz: «Kabaretean LGTBIQ+ ingurune bat sortzen dugu, eta, hortaz, gure ikuskizunetara datozenak komunitateko kideak dira, edo komunitateko kideekin eroso daudenak». Gainera, argi du queer mugimenduari ikusgarritasuna ematen laguntzen duten kultur ekintza oro onuragarria dela LGTBIfobiaren aurka egiteko: «Guk Altxalilin egiten dugun gisan, plazak hartu ditugu, eta ez gara bertatik joango».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.