«Libre eta zabalik» nahi dituzte

Ehunka lagun bildu dira Donostian 'herriko tabernen' kontrako epaia salatu eta haien jarduna defendatzeko.«Itxiarazita, bestelako Euskal Herri baten aldeko lanari ateak itxi nahi dizkiote»

'Herriko tabernetako' hainbat ordezkari, euren elkartearen karteltxoekin, atzo, Donostian egindako manifestazioan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2015eko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Pankartari lehen lerroan helduta zihoazenek egindako aldarria da. Atzetik, euren herriko elkartearen karteltxoari harrotasunez oratuta zihoazenena. Desobedientzia eskatuz bigarren pankartari eutsita zihoazen gazteena —Segikoak izateagatik epaitu eta absolbitutakoak asko—. Eta, batik bat, euriaren bustiari eta bustiaren tristeari aurre egin zieten ehunka lagunena: herriko tabernak «libre eta zabalik» nahi dituzte.

Iragarria zuten antolatzaileek ez zutela atzokoa mobilizazio «arrunta» izatea nahi. Herrikoek azken 30 urteetan egindako lanaren isla izatea nahi zutela, kultura eta politika nahi zituztela uztartu —Politika eta kulturari aterik ez itxi! Epaiketa politikorik ez! izan zen manifestazioaren leloa—, eta uztarketa horixe egin zuten ibilbidean. Gipuzkoa plazatik abiatu zen manifestazioa (17:40). 35/02 auzian zigortutako kideak eta kulturgintza eta sindikalismo munduko lagunak pankartaren buruan. Askatasunaren hiribidean lehen geldialdia. Beñat Gaztelumendiren bertsoak eta Fito Rodriguez idazlearen hitzak. Azenarioaren politika. Jules Renar idazle, olerkari, dramagile eta kritikari literario ezkertiarraren liburua oinarri hartuta josi eta errezitatutako testua. «Eta gogoratu: euri berberak sorrarazten ditu osinak eta loreak», Rodriguezen amaierako oharra. Eta aurrera.

Askatasunaren hiribidetik Salamanca pasealekurako bidean, Askapenako kideak bi pankartarekin (Internazionalistak garelako epaitu nahi gaitu. Epaituko dugu! Espainiar Estatu inperialistari herri epaiketa). Haien aldeko txaloak eta oihuak. Babesa. Irailean dute epaiketa.

Maria Cristina hotelaren parean, bigarren geldialdia. Ibilbide guztia egin zuen kamioitxoaren babesetik Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiek bertsotan. Espainiako plaza izenekoan kantuan aritzearen paradoxaz, garai zaharren herentziaz, zuri-beltzeko garai haietatik gaurko garaietara arteko diferentziaz, agorturiko pazientziaz, eta desobedientziaz. Txaloak zaparradaka. Euria zirimirika. Eta aurrera.

Ordurako, manifestazioa luzatuta. Burua Salamanca etorbidean sartzear zela, amaiera oraindik Askatasuna hiribidean sartzear. Herrikoak libre eta zabalik; Ez, ez, epaiketarik ez; Demokrazia Euskal Herriarentzat; Desobedientzia; Ez gaituzue geldituko... ibilbide osoan gehien errepikatu ziren aldarriak.

Txalaparta doinuak lagun, pankarta Salamanca etorbidean barrena. Kamioitxotik Gatibu taldearen abestia: Euritan dantzan. Egokiagorik nekez. Lehenengoak San Telmo museoaren aurrealdean (18:20). Zuloaga plaza betetzen eta jendea oraindik Maria Cristina hotelaren paretik atzera. Hirugarren geldialdia, eta azkena. Kamioitxoaren babesetik Gaztelumendi anaiak berriro bertsotan, eta Kattalin Miner mugimendu feministako kidea Donostiarron adierazpena izenekoa irakurtzen. Hainbat alderdi, sindikatu eta kulturgileren babesa jasotako adierazpena. 1.000 atxikimendutik gora izan dituena. Nabarmentzen duena, besteak beste, epaia «tokiz kanpo» dagoela azken urteotan egindako urratsak eta sortutako egoera berria kontuan hartuta. Ze Esatek! taldekoen jarduna eta Mattin marrazkilariaren mural koloretsua hurrena. Joseba Alvarezen hitzartzea azkena.

Kulturaz eta politikaz lehen ideia, harena. «Ez baitago euskal kulturarik gabeko euskal proiektu nazionalik eta ezta politikarik gabeko euskal demokraziarik ere». Eta hori izan dela azken 30 urteotan herriko tabernen jardueraren ezaugarria: «euskal kultura eta euskal politikagintza uztartzearena». Eta horixe dela zigortu nahi dutena: «Kulturari eta politikari ateak itxiz, bestelako Euskal Herri baten aldeko lanari eta esperantzari ateak itxi nahi dizkiote».

35/02 auzian emandako epaia «selektiboa, maltzurra, zatikatzailea eta bakearena aurkakoa» izan dela nabarmendu zuen Alvarezek —urtebete eta 10 hilabeteko zigorra ezarri dio Gorenak berari—, eta kulturari edo politikari ateak ixterakoan «sektore sozial horren heriotza zibila eta politikoa» bilatzen dela. «Horregatik, herriko tabernak lapurtzen dizkigutenean, gure jabego pribatua baino askoz ere gehiago lapurtuko digute. Ilusioz eta maitasunez, milaka orduz sorturiko gure txokoak dira itxi nahi dizkigutenak. Gure jendartearen eredu praktikoa erakusten dutenak dira zapuztu nahi dizkigutenak. Herri kultura bultzatzeko izan ditugun egitura nagusiak dira kendu nahi dizkigutenak. Euskaratik eta euskaraz harremantzera bultzatu gaituzten espazio euskaltzaleak ala euskaldunak dira desegin nahi dizkigutenak. Feministagoak, independentistagoak, ezkertiarragoak, antitaurinoak zein antimonarkikoak, kontsekuenteagoak, bi hitzetan, militante hobeak izaten ikasteko eskola txikiak dira lapurtu nahi dizkigutenak».

Aurrera begira, zer?

Baina «alferrik» dabiltzala ohartarazi zuen. «Herri baten askatasun egarria ez da errepresio bidez asetzen». Eta jarri zituen legez eta indarrez erasoa jasan eta berriro sortutakoen adibideak: euskararena, Egin eta Gara egunkariena, Euskaldunon Egunkaria eta BERRIArena, hainbat alderdi eta erakunderena... «Eta orain, legez eta indarrez, herriko tabernak itxiko dituzte, eta zer uste duzue pasatuko dela? Argi dago: berriak sortuko dira, bai hauek denborarekin berreskuratuz edota berriak sortuz, baina guk erabakitzen duguna egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.