EUSKAL PRESOAK

Lierni Armendariz eta Oroitz Salegi presoak bananduta dauzkate, lau hileko haur bat izan arren

Etxerat-ek salatu du Armendariz Aranjuezko amen modulura mugitu dutela baina Espainiako Espetxe Zuzendaritzak ukatu egin diola Salegiri kartzela berera eramateko eskaera.

2012ko abenduaren 20a
11:12
Entzun

Lau hilabeteko haurra dute Armendarizek eta Salegik. Leongo Mansilla espetxean (Espainia) zeuden biak semea izan aurretik, baina Armendariz Aranjuezko kartzelako amen modulura mugitu zuten umea jaio baino bi hilabete lehenago. Ordutik, Salegik Aranjuezko espetxera mugi dezatela egindako eskariei uko egin die Espetxe Zuzendaritzak, Etxerat-ek kritikatu duenez. Biak elkarrekin egotea "arriskutsua" izan daitekeela argudiatu du zuzendaritzak, Etxerat-en arabera.

Haurra izanda bikotea bi espetxetan bananduta dagoen kasu bakarra da Armendariz eta Salegirena. Etxerat-en esanetan, egoera "bereziki gogorra" da bikotearentzat, aitak eta semeak ez dutelako oraindik elkar ezagutu. Egoera "erabat bidegabea" dela kritikatu du elkarteak.

Haurrik ez duten bikote gehiago badira espetxe bitan bananduta, ordea. Bost bikote daude egoera horretan, Etxerat-en hitzetan. Elkarteak azaldu du presondegi berean izateko eskaerei ezezkoa emateko argudioak "berberak" izan ohi direla: ez daudela komunitate berean, segurtasun arrazoiengatik edo euren tratamendurako txarra izan daitekeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.