Listeriosiaren aurkako protokoloa aktibatu du Eusko Jaurlaritzak. Pates Zubia SL enpresak adierazi du Listeria monocytogenes bakterioa hauteman dutela lau foie-medailoi sortatan eginiko barne analisietan, eta hori jakinda jarri du martxan protokoloa Osasun Sailak. Osakidetzako epidemiologia zerbitzuek ez dute produktu horien kontsumoari lotutako listeriosi kasurik ezagutzen. Halere, kaltetutako produktuak salmentatik kendu dituzte, prebentzio neurri gisa.
Osasun Sailak ikerketa bat abiatu du «kutsadura mikrobiologiko horren jatorri identifikatzeko eta konpontzeko». Lehen informazioen arabera, «kutsadura gurutzatu zehatz bat» litzateke ekoizpen prozesuan medailoiak kutsatu izanaren arrazoia. Bestalde, enpresak adierazi du arazoaren jatorria zehaztu dutela, eta martxan jarri dituztela garbiketa eta desinfektatze neurriak.
Jaurlaritzak produktu horiek dituztenei gomendioa egin die ez kontsumitzeko eta erositako dendan itzultzeko. Produktua jada kontsumitu eta sintomak badituzte osasun etxera joateko deia ere egin dute. Listeriosiak inkubazio aldakorra du, hiru eta 70 egun artekoa. Halere, 21 egun ingurukoa da ohikoena. Sintomei dagokienez, «sukar koadro arina» eragin ohi du, baina larriagoa izan daiteke hainbat kasutan: arriskuan dauden pertsonak, haurdun dauden emakumeak eta pertsona immunodeprimituak.
Enpresak barkamena eskatu die kontsumitzaileei «izan litezkeen eragozpenengatik», eta «konfiantza eta ulermena» eskertu dizkie. Horrez gain, nabarmendu dute gainontzeko produktu guztiak garbi daudela.
Bigarren Listeria kasua da azken hilabeteetan. Azaroan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak merkatutik kendu zituen Berroeta gaztandegian prestatutako gaztak, arrazoi beragatik.