Lizarra, kinka larrian

Onzinedako hirigintza operazioan PSNko eta UPNko aurreko alkateek sinatu zituzten kontratuen ondorioz, egungo udalak 20 milioi euroren kalte-ordainei egin behar lieke aurre.

Begoña Ganuza UPNko alkate ohia, Lizarrako Udalean egindako bere azken bilkuran (2014). IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
2017ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Alarma gorriak piztu dira Lizarran. Duela gutxi, Desjabetzeen Epaimahaiak erabaki du Onzineda hirigintza operazioko lurra erosi zuten bi eraikuntza enpresei 4,3 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko diela Lizarrako Udalak. Kalte-ordaina zehazteko, 2007an UPNko Begoña Ganuza alkate ohiak kontratuan erantsitako gehienezko prezioa ezarri du epaimahaiak —108 euro metro koadroko, alegia—. Egungo udalak salatu duenez, prezio horrekin Onzinedako zoruaren jabe guztiek auzitara joko balute, Lizarrako Udalak 20 milioi euroko zorra ordaindu beharko luke. Egun 11 milioi euroko aurrekontua duela kontuan harturik, kinka larrian gera daiteke, eta Espainiako Ogasun Ministerioak esku hartzeko arriskuaz ohartarazi du egungo udalak.

Koldo Leoz Lizarrako alkateak (EH Bildu) PSNren eta UPNren ardura politikoa azpimarratu du. Hirigintza operazio hori Maria Jose Fernandez alkate sozialistarekin hasi zen, eta gero UPNko Begoña Ganuzarekin jarraitu zuen. «Bi alkate ohiek legez kanpo sinatu zituzten kontratuok, eta baliogabe geratu beharko lirateke. Haiek azaldu beharko dute zergatik eta zer interesek bultzatuta egin zuten, baina hiria porrot egiteko arriskuan utzi dute». Epaimahaiaren erabakia Lizarrako Udalaren interesen aurkakoa izanagatik, Leozek nabarmendu du oraindik azken helegite bat jartzea falta zaiela, eta azken itxaropena dute: Nafarroako Kontseiluak, erakunde aholku emaile gorenak, baliogabe uztea.

PSNk hasitako operazioa

2003ko legealdian, PSNren udalak Onzinedako lur eremuan kirol hiria egiteko egitasmoa bultzatu zuen. Hasiera hartan, UPN salbu gainerako talde guztiak proiektuaren alde zeuden, baina, bidean zailtasunak agertu zirenez, luze jo zuen. Gatazka piztu zen Onzinedako lurraren jabeen artean. Landa eremua zen zorua, eta jabe gehienek begi txarrez hartu zuten udalaren planteamendua: metro koadroa hiru edo lau euroko prezioan erosteko proposamena egin zien udalak; gerora, bederatzi eurora igo zuen. Hala eta guztiz ere, jabeen %70ek kontra jarraitzen zuten. Ustez lurrak indarrez desjabetzea eragozteko, garai hartako udal sozialistak jabe horiei proposatu zien lurraren truke Ibarra izeneko beste eremu batean etxeak egiteko eskubidea ematea.

Horrek guztia aldatu zuen, eta hirigintza operazio baten negozio aukerak erakarrita, higiezin arloko bi enpresa sortu ziren 2006an Nafarroan. Ignacio Txibite Siguenzak eta Ignacio Rodriguez Leonek Actividades Alhama sortu zuten; Jose Ignacio Txibite Siguenzak eta Rafael Txibite Solanak, berriz, Promociones Herchi SL. Biek zuten egoitza Erriberan, baina helburu bakar bat zuten: Lizarrako Orzinedako lursailak erostea 1,12 milioi euroren truke.

2007ko udal eta foru hauteskundeak ate joka zirela, azkenik lortu zuen udal sozialistak espero zuen hauspoa: jabe guztiekin akordioa lortu zuen zoruaren truke eraikitzeko eskubideak lortzeko. Tartean ziren Herchi eta Alhama. Haatik, berehala etorri zen kolpea. Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak erabaki zuen baliogabe uztea akordioa, eta, ondorioz, lurrek landa eremu kalifikazioa zuten oraindik. Proiektua kolokan geratu zen.

Bozetarako kanpainaren erdian, Mari Jose Fernandez alkate sozialistak auzitegiak baliogabeturikokontratuari hainbat eranskin gehitu zizkion, eta sinatu egin zuen. Koldo Leoz egungo alkatearen ustez, sinadura erabat irregularra izan zen, irizpide teknikoen bermerik gabe egin zelako eta auzitegiak baliogabetutako ituna «biziberritu» zuelako. Eranskin haietan, udalak akordioa gauzatzeko epe batzuk ezarri zituen, eta horiek bete ezeankalte-ordainaren prezioa metro koadroko 43,95 euroan ezarri zuen. «Fernandezek sinatutako eranskin horien berri ez zuen ez udal gobernuko inork, ez haren bazkide politikoek ere», dio Leozek.

Hauteskundeetan PSNk kolpe handia hartu zuen, eta UPN iritsi zen agintera. Nahiz eta ordura arte kirol hiriaren operazioarekin ados egon ez, azkar aldatu zuen iritzia Begoña Ganuza alkateak. Fernandezek jarraitutako ildotik, Onzinedako zoruen jabeekin hitzartutako akordioari eranskinak gehitzen jarraitu zuen, eta, harrigarriki, operazioaren kalte-ordainak garestitu zituen. «Ganuzaren sinadura oso larria da, kalte-ordainaren prezioa metro koadroko 43,94 eurotik 108 euroraino igo baitzuen», azaldu du Leozek.

Herchi eta Alhama enpresekin sinatutako akordioetan ere eranskin hori sinatu zuen Ganuzak, eta, horregatik, biek auzitara jo zuten 2014an, UPNko alkateak isilean hartutako konpromiso hori betetzen ez zela ikusita. Administrazioarekiko auziko epaitegiak behartu egin ditu Lizarrako Udala eta enpresak zoruengatik prezio bat ezartzera, eta duela gutxi Desjabetzeen Epaimahaiak erabaki du eranskinean Ganuzak sinatutako prezio hori izango dela; hots, Lizarrako Udala kinka larrian jarri duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.