Sortu eta Bilduren auziak. Elkarrizketa. Iñigo IruinJavier Perez Royo. AbokatuaZuzenbide Konstituzionaleko katedraduna

«Logikoena da Sorturen kasua Bildurenaren antzera ebaztea»

Iñigo Iruin abokatuaren eta Javier Perez Royo juristaren ustez, Auzitegi Gorenak, Sorturen kasuan, ez ditu bete legeak eskatzen dizkion eskakizunak. Bilduren epaia Sorturen auzirako lagungarri izango dela uste dute biek.

Pello Urzelai.
Bartzelona
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Bartzelonako Abokatuen Bazkunak elkartu ditu, Sortu eta Bilduren auziei buruz argia eman dezaten. Iñigo Iruinek (Hernani, 1953) Sorturen estatutuak prestatu ditu, eta haren defentsa egin du Auzitegi Gorenean eta Auzitegi Konstituzionalean, Adolfo Araiz abokatuarekin batera. Bilduren auzian ere, Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako babes helegitea prestatu du. Javier Perez Royo (Sevilla, Espainia, 1944) Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna da, eta aholkulari gisa parte hartu du Sortu eta Bilduren auzietan.

Abokatuen Bazkunak antolatutako solasaldiaren ondoren, BERRIAk elkartu ditu berriz galdera batzuk egiteko, Bartzelonako jatetxe baten barneko patioan. Solasaldi mamitsua izan da. Biek uste dute Sorturen auzia legeztatzearekin amaituko dela, Auzitegi Konstituzionalak Bilduren auzian jarritako irizpideei jarraikiz.

Sorturen kasuan nabarmena da Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren auzi eskabideek eta Auzitegi Gorenaren epaiak Poliziaren txostenekiko duten mendekotasuna. Zein da zuen iritzia gai horren inguruan?

Iñigo Iruin: Auzitegi Gorenak saihestu egiten ditu jarraikortasuna determinatzeko parametro legalak —Alderdiaren Legeak bere 12.3 artikuluan finkatzen dituen lau irizpideak—, parametro objektibo horiek ez diotelako balio Sorturen eta legez kanporatutako alderdien arteko jarraikortasuna ondorioztatzeko, eta, orduan, bide berri bat bilatzen du. Orduan, tribunalak dokumentu batzuen balorazioari heltzen dio, guztiz subjektiboa den balorazio bati. Azkenean aurkezten duten froga bakarra da, ez dago besterik: Poliziaren txostenak eta txosten horietan doana, balorazio batek lagunduta. Orduan, era akritikoan bere egiten ditu tribunalak txosten horiek eta haienedukiak, beste dokumentu batzuk baztertuz, edo dokumentu horietako kontrako datuak baztertuz. Nire ustez, garrantzitsuena da hori guztia egiten duela legeak eskatzen duena saihestuta. Hau da, legeak exijitzen dio zantzu objektibo batzuk aztertzea, eta ez du egiten. Txostenei heltzen die, beste euskarririk ez daukalako.

Javier Perez Royo: Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak abiapuntu bat hartu dute: oinarrizko eskubide baten erabileraren aurrean egon beharrean, iruzur baten aurrean gaude. Lege iruzur bat dagoela erakusten saiatzen dira. Nola? Bakar-bakarrik Poliziaren txostenekin, txosten horiek diotelako jarraikortasuna dagoela Sorturen (eta gero Bilduren) eta legez kanporatutako alderdien artean. Honako hau da tesia: hemen borondate adierazpen bakarra dago, ETArena, eta gero borondate horren gauzatzea, Sortu eratzen ari direnen aldetik.

Poliziaren txostenak tesi batekin datoz, eta gero Sorturen defentsaren alegazioetan eta auzi saioan tesi hori ezeztatzen da, baina tribunalaren epaiak ez du kontuan hartzen hori guztia...

Perez Royo: Hala da, bai. Behin abiapuntu hori hartuta, ez daukate beste oinarri dokumentalik Poliziaren txostenak ez badira. Nola frogatu lege iruzurra? Estatutuak ongi daude, ezin zaie ezer esan. Baina Poliziak dio gezurra dela, ETA engainatzen saiatzen ari dela, Sorturen bitartez gezur bat kontatzen ari dela. Nola erakutsi ETA engainatzen saiatzen ari dela? Zeren eta Poliziak esaten die ETA engainatzen saiatzen ari dela, eta berak ematen dizkie frogak, orduan hor Polizia kausaren instruktore bihurtzen da. Behin puntu horretan jarrita, ez dago besterik egiterik.Hori da fiskalak erosten duena, hori da Estatuaren abokatuak erosten duena, hori da Auzitegi Gorenaren gehiengoak erosten duena. Orduan Poliziaren txostenekiko mendekotasuna erabatekoa da.

iñigo Iruin: Boto partikularrean nabarmentzen denez, 19.242 zenbakidun poliziak, epaiketan egindako galdeketaren ondorioz,onartzen ditu zirkunstantzia batzuk Poliziaren txostenen funtzionario berak ukatzen edo ezkutatzen zituenak, adibidez, ezker abertzalearen barruko eztabaida eta tresna bakarra bide politiko eta demokratikoak direla. Elementu horiekin tesi nagusia deseginda edo oso ahulduta gelditzen zen. Hala eta guztiz ere, Gorenaren autoak ez ditu kontuan hartzen...

Perez Royo: Hori da frogaren balorazioa ez egitea. Are gehiago, hemen auzi saioaren froga haiek diotenetik ezberdina da. Ez dute onartzen hor debate bat egon denik, eta, gainera, debatea egin denik ez haiek dioten dokumentuarekin beste batekin baizik. Debatea ezker abertzaletik sortzen da, eta argi uzten du ez duela ETAk aginduko debate politikoan. Horrek guztiak ez du balio, haien ikuspuntutik, dena ETA delako, dena itxura delako. Behin tesi horretan eta abiapuntu horretan kokatuz gero, hasten bazara zerbait zuzentzen dena osorik erortzen zaizu.

iñigo Iruin: Haien abiapuntua hori da: ETA=Batasuna, eta Batasuna=ezker abertzalea. Auzitegi Gorenarentzat hirurak gauza bera dira. Eta hori Bilduren epaiak bertan behera botatzen du. Auzitegi Konstituzionalak, Bilduren kasuan, behin baino gehiagotan ezker abertzalea eta Batasunaren artean bereizi egin behar dela dio, bi gauza ezberdin direla, ezker abertzalea ez dagoela legez kanpo eta ezin dela legetik kanpokotzat jo. Ongi etorriko zaigu Sorturen babes helegitean.

Nola azal daiteke Auzitegi Gorena ez sartzea aztertzen kontrazantzua, Abertzale Sozialisten Batasunaren autoaren aurrekaria izanda?

Perez Royo: Sinesgarritasun kontu bat da. Bildurekin berdin gertatzen da.

Iruin: Auzitegi Gorenaren epaiak aditzera ematen du kontrazantzuaren edo indarkeriaren arbuioa instrumentala dela, beste engainu bat dela, jukutria iruzurgilearen barnean sartzen dena, esaten dutelako atentatuak gaitzesteko posibilitateaz dokumentu bat aurkitu dutela.

Planteamendu hori ez al da irizpide politiko bat ezartzea irizpide juridiko baten ordez?

Perez Royo: Aurreiritzi politiko bat da, eta horretan oinarrituta eraikitzen da Auzitegi Gorenaren epai osoa. Frogarik? Ez dago. Ez da frogaren baloraziorik, ezta arau juridikoaren azterketarik.

Iruin: Gako nagusia hauxe da: jarraikortasunak jarduerarena izan behar du; hau da, Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak frogatu behar zuten Sortu Batasunak egiten zuen berbera egiteko jaio zela, haren jokaerak errepikatzeko, eta Auzitegi Gorenak horri buruz erabaki behar du Sortu jarduerarik izan baino lehen, izaera juridikoa izan eta bizitza publikoan parte hartu baino lehen. Aurreiritzi politiko bat presente egotearen arriskua oso handia da.

Auzitegi Goreneko gehiengoaren arrazoibideetako bat Sortu hauteskundeetara aurkezteko trikimailu bat izatea da. Helegitea aztertzen denerako, paradoxikoki, Bildu aurkeztu ahal izan da.

Perez Royo. Bi eskubide ezberdinen aurrean gaude: parte hartze politikorako eskubidea eta elkartzeko eskubidea. Juridikoki, Sorturen kasuan, batez ere elkartzeko eskubidea aztertuko da. Noski, elkartzeko eskubidea lotuta dago parte hartze politikoaren eskubidearekin. Eta badaude beste eskubide batzuk jokoan: askatasun ideologikoa, adierazpen askatasuna... eta gero berdintasunaren eta aniztasunaren printzipio konstituzionalak. Hori guztia dago jokoan Sorturen epaian. Argi dago Sortu eta Bilduren artean konexioa dagoela, eta bi epaiak lotuta daude. Absurdoa litzateke kontrakoa pentsatzea. Beraz, logikoena da Auzitegi Konstituzionalak Bildurena ebatzi duen bezala ebatzita, ondorio berera iristea. Azken batean, Auzitegi Konstituzionalak dio Gorenak susmoetan oinarrituta zigortu duela. Konstituzionalak dio Gorenak froga deitzen diona ez dela benetako froga, eta, ondorioa hain irekita uzten duenez, ez dauka nahiko sendotasunik oinarrizko eskubide bat eragozteko. Argudio berak balio beharko du Sorturen kasua ebazteko. Azkenean, Auzitegi Goreneko boto partikularrak egin duen antzeko froga balorazioa eta azterketa juridikoa egongo da Konstituzionalean.

Sortuk babes helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean. Helegite horretan, zein elementu interesgarri jaso duzu Bilduren kasutik?

Iruin: Hiru nabarmenduko nituzke. Bata, Auzitegi Gorenak ezker abertzalearen eta Batasunaren arteko identifikazioari buruz, Bilduren epaian, behin baino gehiagotan dio bereizi behar direla ezker abertzalea eta Batasuna. Halaber, Auzitegi Konstituzionalak leporatzen dio Auzitegi Gorenari ezker abertzaleak sinatutako dokumentu batzuk Batasunarenak direla esan izana. Auzitegi Konstituzionalak Bildu auzian egiten duen bereizketa hau oso garrantzitsua da Sorturi begira, Auzitegi Gorenak kontrakoa egiten duelako. Bigarren elementua badaezpadako legez kanporatzearena da. Bilduren epaia, azken atalean, badaezpadako kontrolen bidegabetasunari buruz mintzo da, hauteskundeetan parte hartzea eragozteko orduan. Erreferentzia hori, Sorturen kasura ekarrita, badaezdapako legez kanporatze baten bidegabekeria da. Agerikoa da, alderdien erregistroan izena ematea eragoztean, alderdi horrek jarduerarik izan ez duela kontuan izanik. Orduan, asmoak epaitzen ari dira, inskripzio hori badaezpada eragozten ari dira, alderdi horren jarduna eta jokabideak Batasunaren antzekoak izango direla pentsatuz. Auzitegi Konstituzionalaren epaiak badaezpadako kontrolen bidegabetasuna aipatzea oso garrantzitsua da. Hirugarren elementu garrantzitsua kontrazantzuari buruzkoa da. Auzitegi Gorenak, bai Sorturen bai Bilduren kasuan, gutxietsi du kontrazantzuaren balioa, ez du ezta aztertu ere egiten. Auzitegi Konstituzionalak gogor kritikatu du kontrazantzuaren balorazioa baztertu izana. Beraz, baloratu beharra dago, are gehiago Sorturen kasuan indartsuagoa denean Bilduren kasuan baino. Sorturen kasuan, kontrazantzuaren sendotasuna eta irmotasuna askoz handiagoa da, eta alde batera utzi izana askoz gehiago kritikatuko du Auzitegi Konstituzionalak Sorturekin Bildurekin egin duena baino.

Perez Royo: Babes helegite honetan, Auzitegi Konstituzionalak ez ditu hauteskunde helegitean dituen mugak. Oinarrizko eskubide guztiak aztertzeko aukera du. Gai guztietan sartu ahal izangoda, sakontasunez.

Bilduren kasuan, Auzitegi Konstituzionalean boto partikularra egin dutenek jurisdikzioa gainditu dela argudiatu dute. Debate hori errepikatuko da berriro Sorturen kasuan?

Iruin: Nik uste dut baietz.

Perez Royo: Ziur errepikatuko da. Argudio hori erabiltzenjarraituko dute.

Nola ikusten duzue debate hori?

Iruin: Bilduren kasuan egon diren boto partikularren edukia ikusita, aurreikuspena da Sorturen kasuan ez egotea aho bateko epaia. Pentsatzekoa da boto partikularrak egongo direla, eta argudioetako bat jurisdikzioa gainditzearena izango da. Zeren eta Auzitegi Konstituzionala behartuta egongo da aztertzera Auzitegi Gorenak inskripzioa eragozteko erabili dituen zantzuen sendotasuna eta kalitatea. Beste magistratuek diote ezin direla aztertu zantzuak banan-banan babes helegitea aztertzean, lan hori jurisdikzio arruntari dagokiolako.Baina Auzitegi Konstituzionalak esan du orain, Iniziatiba Internazionalistaren kasuan egin zuen bezala, balorazio orokorra ezin dela oztopo izan zantzu horien izaera, garrantzia edo kalitatea aztertu ahal izateko. Horrek eraman dezake aztertzera banan-banan zantzu batzuk edo guztiak.

Perez Royo: Tribunalak Sorturen kasuan badu argudio bat ez zeukana Bilduren kasuan: Sortu alderdi politiko bat da. Sorturen izaera juridikoa eta Batasunarena homogeneoak dira. Beraz, Sortu Batasunaren jarraipena den edo ez argitzeko egin beharreko azterketa Alderdien Legearen 12. artikuluan jasotzen diren irizpideetan oinarrituta egin beharra dago. Hori ez da egin Auzitegi Gorenaren epaian —bai boto partikularrean—, eta hemen Auzitegi Konstituzionalak oso argudio sendoa du: «Alderdien Legea ez duzue bete, Auzitegi Goreneko epaile jaunak, azterketa ez egitean, ez duzue bete legea interpretatzeko beharra». Legegileak esan die nola jardun behar duten jarraikortasuna dagoen edo ez argitzeko, eta ez dute azterketa hori egin.

Gertaera politikoen bilakaerak nolako eragina izan dezake Sorturen auzian, horiek defentsaren tesiak berresten dituzten neurrian?

Iruin: Ikuspuntu juridiko hutsetik, Auzitegi Konstituzionalak bakarrik ebatz dezake mahai gainean daukanaren inguruan. Ezin du erabili koiuntura politikoaren elementurik. Hori ez da egongo arrazoibide juridikoan. Beste kontu bat da kanpoko faktore bat izatea. Eman ahal die tribunaleko kideei nolabaiteko segurtasuna norabide egokian ari direla ebazteko uste izateko.

Badu zerikusirik sinesgarritasunaren inguruko debatearekin?

Iruin: Sinesgarritasunaren gaia argi utzi du Auzitegi Konstituzionalak Bilduren kasuan. Zuzenbide arloko gaia ez dela dio. Subjektuaren zintzotasuna zuzenbidearentzat ezin ebazteko gaia da.

Perez Royo: Dena badaezpadako kontrol bat da, Sortu oraindik ez delako eratu, ez duelako oraindik izaera juridikorik. Nolabaiteko kontrol abstraktua da. Sortuk ez du jarduerarik izan. Beraz, Auzitegi Konstituzionalak erabaki behar du alderdi gisa eratzeko borondateari buruz. Horri buruz erabaki behar du, Sortu ez baita existitzen. Auzitegiak esan dezake: «Ez gara ari jarduna kontrolatzen, Alderdien Legeak dionez, baizik eta asmoak epaitzen».

Iruin: Auzitegi Konstituzionalak oso argi esan du Bilduren epaian asmoak epaitzeak sistema demokratikoa arriskuan jartzen duela. Hor dago sistema demokratikoaren arriskua, eta ez legeztatzean, Gorenaren autoak zioen bezala.

Bateragune auzia epaituko da Auzitegi Nazionalean datozen egunotan. Nolako lotura egon daiteke Sortu eta Bilduren kasuekin?

Iruin: Oso prozesu ezberdinak dira. Bateragunerena zigor prozesu bat da, eta Bildurena prozesu konstituzional bat, hautagaitzen inpugnazioekin lotuta. Hasiera batean, prozesu ezberdinak dira, ordena juridiko ezberdinetan, eta elkarrengandik urrun. Bilduri buruzko epaiak aipatu egiten ditu Bateragune auzian erabiltzen diren dokumentu batzuk, baina aipamen puntualak dira. Ikuspuntu juridikotik, oso zaila da Bilduren epaitik erabiltzea elementuren bat Bateraguneren prozesurako. Bilduren epaian Auzitegi Konstituzionala ez da sartzen ezker abertzalearen barnean izandako debatea aztertzera. Sorturen epaian uste dut baietz, sartuko dela, finkatzeko ea egon den bide politiko hutsen aldeko apustua. Ikuspuntu juridikotik ez dut ikusten Bilduren epaiak eragina izan dezakeenik. Ikuspuntu politikotik, ordea, Auzitegi Nazionalak ez luke abstraitu beharko,agerikoa baita ezker abertzalearen azken bi urteotako prozesuaren sustatzaileak Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta gainerakoak direla. Trantsitu hori sustatu dutenak orain talde terroristako kide izateagatik epaitzea absurdoa da.

Perez Royo:Zigor prozesu batean, errugabetasun ustea hartu behar da abiapuntutzat. Haiek frogatu behar dute erruduntasuna. Guk dioguna da hauek eman duten batailarik gabe ez zela posible izango Bildurekin gertatu dena.

Iruin: Sorturen boto partikularrean sartzen da ezker abertzalearen barne eztabaidaren gaian. Boto partikularrak dio zentzuzkoagoa dela pentsatzea eman dela debate hori eta ezker abertzaleak eraman duela ETA posizio berrietara, ez alderantziz. Boto partikularrean badaude elementuak Bateragune auziko defentsaren tesia berresten dutenak, baina boto partikular bat da, galtzaile.

Galtzaile, oraingoz.

Iruin: Oraingoz, bai. Baina Bateraguneren epaia ematen denean, Sorturen auzian Konstituzionalaren epaia ez dugu izango.

Perez Royo: Nik uste Sorturen epaia udazkenean egongo dela. Parlamentua desegin orduko gai horrek argituta egon behar du.

Iruin: Gainera, mundu guztia jakitun da Sorturen auzian aldeko epai batek sendotuko duela normalizazio prozesua. Askoz gehiago finkatuko du.

Dena oso azkar ari da gertatzen, ezta?

Iruin: Euskal Herrian, prozesu politikoaren abiadura izugarria da. Ikusi besterik ez dago Euskalduna jauregiko ekitalditik hona zenbat gauza gertatu diren.

Perez Royo: Orain, arazoak beste batzuk izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.