Logroñora joan diren eurodiputatuei ez diete utzi Otegi kartzelan bisitatzen

Europako Aliantza Libreko ordezkaritza «eskandalizatuta» eta «desilusionatuta» utzi dute espetxe atarian

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Europako Aliantza Libreko ordezkaritza bat Logroñoko (Espainia) espetxera joan zen atzo, iragarria zuen bezala. Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea bisitatu, eta hari babesa agertzeko asmoa zuten. Baina espetxeko atean geratu ziren, sartu ezinik. Ez zutela beharrezko baimenik esan zieten sarreran, eta sartzea debekatu.

Mark Demesmaeker Flandriako diputatua eta Francois Alfonsi Korsikako eurodiputatua ziren politikaria bisitatzekotan. Inaki Irazabalbeitia Aralarreko kide eta eurodiputatua, eta Lorena Lopez de Lacalle EAren Kanpo Politikarako idazkaria ere asmo berarekin joan ziren Logroñora. Haiek laguntzen izan ziren Tatiana Danofka eurodiputatua, eta Sorturen ordezkaritza bat.

12:30erako han ziren guztiak, hitzordua hala zutela sinetsita. Sorturen ordezkariek azaldu dutenez, hilaren 5ean egin zituzten bisita egin ahal izateko eginbeharreko tramiteak, eta, beraz, ez lukete Otegi ikusteko oztoporik izan behar. Espetxeko zuzendaritzak, ordea, ez zuela jasota inolako eskabiderik erantzun zien politikariei. Inork ez zuela bisitarako eskaerarik egin, eta beraz, ezin zutela espetxera sartu. Egoera konpontzen saiatu ziren, eta luzaro egon ziren kartzela kanpoan, zain. Guardia Zibilak identifikatu ere egin zituen. Baina alferrik izan ziren saio guztiak.

Gertatutakoak «eskandalizatu» egin zituen bisitariak. Flandriako eta Korsikako politikariak, batez ere. Europako Batasuneko kide diren estatuek legebiltzarkideei bere mandatua egiten laguntzeko beharra dutela ohartarazi zuen Francois Alfonsik.

Mark Demesmaekerrek, «desilusio handia» hartu duela aitortu zuen, eta gertatutakoa «behin eta berriz» salatuko duela ohartarazi. «Europak sinesgarritasuna galtzen du giza eskubideen alorrean munduko gainontzeko lekuetan gertatzen diren urraketak salatu, eta Espainian dauden preso politikoen egoeren aurrean gormutu geratzen denean».

Tatiana Danofkak «kontzientzia preso» gisa izendatu zuen Otegi, eta atzo gertatutakoa giza eskubideak urratzen ari diren frogatzat jarri zuen: «Herri batzuetan giza eskubideen ohiko defentsa ez dela betetzen erakusten duen adibide ona da».

Ezinbestekoa Europarentzat

Europako Aliantza Libreko europarlamentariek Otegi berehala askatzeko eskatu zuten hedabideen aurrean. Eusko Legebiltzarrean adierazpenak egin zituzten arratsaldean. Presoari elkartasun eta babes osoa adierazi, eta Otegi askatzea politikoki oso garrantzitsua dela azaldu zuten: «Aske uztea ezinbestekoa da Euskal Herriak bere bake prozesu propioa eraiki dezan, Irlandak duela 15 urte egin zuen bezala. Ezinbestekoa da Euskal Herriarentzat, Espainiarentzat, Frantziarentzat eta Europarentzat».

Laura Mintegi EH Bilduren legebiltzarkideak Espainiako Gobernuak iraganean iltzatuta jarraitzen duela salatu zuen. Horren adibide jarri zuen bisitarekin gertatutakoa, Segiren aurka urrian egingo den epaiketan 40 gazte epaituko dituztela eta beste 40 Herriko tabernen auzian; «Horrek esan nahi du beste 80 preso politiko izan ditzakegula Espainiako espetxeetan». Gauzak horrela, Espainia «bake prozesuan murgildu dadin» ahal den presio politiko dena egiteko eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.