Donostiako autobus geltoki nagusia Loiolako Erriberan eraikiko dute, eta, beraz, ez dute Atotxan —aurreikusitako tokian— egingo. Bilduk osatutako udal gobernuaren asmoa zen geltokia Loiolako Erriberan egitea, eta PPren babesari esker beteko du asmo hori. Gainera,geltokia 2016rako lanean egongo dela agindu du udal gobernuak, eta nahi hori azaldu du PPk. Akordioa hitzezkoa da oraingoz, baina geltokiaren behin betiko kokapena urtea amaitu aurretik berretsi beharko dute, osoko bilkuran.
Akordioa atzo jakinarazi zuen Ramon Gomez PPko udal taldeko eledunak. Haren arabera, leku aldaketa hori PPk maiatzaren 22ko udal hauteskundeetan aurkeztutako konpromisoak betetzearen ondorio da, eta, beraz, ez da «Bilduren eta PPren arteko akordio baten ondorio». PPk bi baldintza jarri dizkio udal gobernuari bere babesa eskuratzeko: Karlos I.a etorbideko saihesbidea kentzea eta Loiolako Erribera Gipuzkoako garraioen «epizentro» bilakatzea. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak onartu egin ditu baldintza horiek.
Donostiako Udaleko Mugikortasun zinegotzi Jon Albizu pozik azaldu da PPren erabakiarekin, eta haren baldintzak betetzeko konpromisoa adierazi du. Gainontzeko alderdi eta erakundeekin akordioa bilatzen jarraituko dutela esan du, eta oroitarazi du leku aldaketak ez duela prozesu osoa hutsetik hastea eragiten: «Aurreproiektu bat dugu 2005az geroztik».
Beste alderdi bat ere aipatu du Gomezek geltokiaren kokaleku aldaketari oniritzia emateko. Autobus geltokia Atotxan eraikitzearen zailtasunak nabarmentzen dituzten txosten ugari helarazi dizkio udal gobernuak PPri, eta Gomezek erantsi du PSE-EEk udal gobernuan zela «ezkutatu» egin zituela horiek. Txosten teknikoetan jasotzen denez, geltokia Atotxan ez egiteko aholkua egin diote udalari, hiri erdigunera eraman lezakeen zirkulazioa dela-eta, eta urte gutxiren buruan txiki geratuko litzatekeelako. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eginikoak dira txostenak.
PSE-EE, haserre
Ernesto Gasco PSE-EEko Donostiako bozeramaileak kritikatuegin du akordioa. PPri eta Bilduri «autobus geltokia atzeratzea» adostu izana leporatu die, eta «Donostiaren beharrei erantzuten dien geltoki bat» geldiarazi dutela ziurtatu du.
Gascok PP izan du jomugan: «Ez da hilabete igaro PPk, PSE-EErekin eta EAJrekin batera, geltokia Atotxan eraikitzeko eskatu ziola udal gobernuari. Orain, Bilduren besoetara jauzi da, donostiarrek hain ozen eskatutako azpiegitura urteetan atzeratzeko». Udal gobernua ere hizpide izan du Gascok. «Deigarria» iruditzen zaio Bilduk behin eta berriro «porlanaren aroa» amaitu dela esatea eta, aldi berean, Atotxako proiektuak jasotzen duena baino geltoki handiagoa eraikiko dutela ziurtatzea.
Loiolan egingo dute Donostiako autobus geltokia, PPren babesarekin
Udal gobernuak PPren sostengua jaso du geltokiari buruzko erabakian; 2016rako martxan nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu