Loiolatik Aietera, Bruselan barrena

Igandean bost urte beteko dira Bruselako Adierazpena plazaratu zutela. Nazioarteko hogei pertsona ezagunek bat egin zuten , eta hauspotu egin zituzten bake prozesu berri baten lehen suak.

jokin sagarzazu
2015eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Igandean bost urte. 2010eko martxoaren 29an plazaratu zuten Bruselako Adierazpena, gatazkak konpontzeko prozesuetan parte hartu duten nazioarteko hogei pertsona ezagunek izenpetuta. Zerrenda luzea izanagatik ere, horien artean bi izen nabarmendu dira, aurretik eginiko lanarengatik eta ondoren eginikoagatik: Jonathan Powell eta Brian Currin. Loiolako prozesuko —Genevako elkarrizketetako— protagonistetako bat izan zen Tony Blairren kabinete buru izandakoa; eta ondorengo gertakarietakoa abokatu hegoafrikarra. Prozesu baten eta bestearen arteko zubia izan zen Bruselako Adierazpena.

Hiru puntu zituen agiri hark: lehenengoan sinesgarritasuna ematen zion hilabete lehenago ezker abertzaleak bide demokratikoetatik soilik aritzeko egindako apustuari —Zutik Euskal Herria—, eta hura legeztatzeko eskatzen zuen. Bigarrenean, su-etena galdegiten zion ETAri. Eta hirugarrenean, Espainiako Gobernuari jarrera eraikitzailea erakusteko, ETAk indarkeria alboratuko balu.

Herrestan etorri ziren gertakariak, ezker abertzalearen eta ETAren aldetik, bereziki. Sei hilabetera Gernikako Akordioa, eta 2011ko urtarrilaren 10ean ETAren aldebakarreko su-eten iraunkor eta egiaztagarria. Otsailean nazioarteak bultzada eman zien urrats horiei HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldea sortuz. Mitchell printzipioetan oinarritutako ibilbide orria aurkeztu zuen taldeak, eta egitekoak ere ezarri: bereziki, ezker abertzalearen legeztatzea eta, elkarrizketa politikoak ahalbidetzea, gatazka gainditzeko akordio barneratzaile bat lortzeko. 15 hilabete geroago lortu zuen Sortu alderdiak legezko izatea Espainiako Estatuan, ezker abertzaleak ia hamar urte legez kanpo eman ostean.

Baina, bereziki, HNTk ETAren su-etena egiaztatzeko eskaini zuen bere burua, eta handik bost hilabetera, irailaren amaieran, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea aurkeztu zuen. Taldea osatu eta gutxira, urriaren 20an, etorri zen ETAren jardunaren amaiera, Aieteko Konferentziaren ostean; prozesuak inoiz izan duen nazioarteko babesik handiena jasoz.

Ordutik joan da osatzen, modu batera edo bestera, nazioarteko politikarien izen zerrenda: Latinoamerikako hamalau gobernuburu ohik eta AEBetako Bill Clintonek, esaterako, egin dituzte aldeko adierazpenak.

2006ko babesetik urrun

Babes hori, baina urriagoa izan da Europan, eta are Europa Parlamentuan. 2006ko urtarrilean osatutako taldeak —Basque Friendship— saiatu da horretan, eta saiatzen ari dira. Egun, 15 europarlamentarik osatzen dute taldea, baina 20tik gora izatera ere iritsi zen, Loiolako elkarrizketen garaian. Orduan jaso zuen babesik zabalena prozesuak; besteak beste, 2006ko urriaren 25ean, askorentzat «historikoa» izan zen adierazpenarekin,inoiz ez baita halakorik errepikatu. PSOEren parlamentariek aurkeztu zuten konponbidearen aldeko agiri bat Bruselan, beste hiru talderen babesarekin. Espainiako Kongresuak 2005eko maiatzean ETArekin elkarrizketatzeari buruz onartutakoa oinarri hartuta, baina zenbait aldaketa eginda, zalantzan egon zitezkeenen botoak ziurtatze aldera. Hala, Madrilen eta ETAren arteko elkarrizketei berariaz sostengua adieraztea saihestu egin zuten, baina bake prozesuaren alde azaldu zen parlamentua, eta prozesua Euskal Herri «osoan» zela nabarmendu zuten. Euskal Herrian eta Espainian babestutako testuak, baina, ozta ozta egin zuen aurrera: 321 alde, 311 kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.