Spanair enpresaren porrotak eta Iberiako pilotuen grebak bat egin zuten atzo aireportuetan, eta nabarmen eragin zien bidaiariei. Loiun (Bizkaia) nabaritu zen: 29 hegaldi gelditu ziren bertan behera. Spanair konpainiak atera beharrekoak ziren hegaldi horietatik 23; gainerako sei hegaldiak Iberiako pilotuen grebarengatik ezereztu ziren. Zazpigarren greba eguna zuten atzokoa; Iberiak kostu merkeko beste konpainia bat sortu nahi duelako ari dira protestan pilotu horiek.
Larunbataren eta igandearen artean beste hamasei hegaldi ere ezeztatu zituen Spanairrek. Kataluniako hegazkin konpainiak porrot egin zuenetik, beraz, 39 hegazkin Loiutik atera gabe gelditu dira. Madrilera, Bartzelonara eta Tenerife hegoaldera joatekoak ziren ezereztutako hegaldiak.
Spanairreko langileak haserre daude konpainiak izan duen jokabidearekin, eta haserre hori azaleratu egin zen atzo. Bizkaiko aireportuan 70 langile ditu Spanairrek. Atzo eguerdian batzarra egin zuten, aireportuan bertan, eta itxialdia egitea adostu dute. Beren lan egoera konpontzeko eskatu diote konpainiari, eta iragarri dute itxialdia mugarik gabea izango dela. Itxialdiari eusteko, txandak egingo dituzte.
Loiuko aireportuko langileen artean CCOOk du ordezkaritza zabalena, eta hark antolatu du itxialdia. UGTk ordezkari bakarra du langileen artean, eta hark ez du babestu protesta, bidaiariei kalte ez egitearren.
Spanairrek ostiralean abisatu zuen ateak itxi eta jarduera etengo zuela, bat-batean. Atzo jakinarazi zuen langileei enplegu erregulazio txostena ezarriko diela. Guztira, 2.075 langile ditu konpainiak. Langileek salatu dute «linboan» daudela, ez langabezian, ez aktiboan. Erabiltzaileen arretan lan egiten duten langileei, esaterako, lanera joateko eskatu die Spanairrek, haien arazoak bidera ditzaten. Baina sindikatuek ohartarazi dute konpainiak ez duela lan hori ordainduko. Spanairrek utziko duen zuloa beteko duten konpainietan Spanairreko langileak birkokatzeko eskatu dute; ezinezko denentzat, berriz, langabezia saria jasotzeko izapideak bizkortzeko.
CCOOko EAEko Aire Sektoreko arduradun Jon Herrerak esku hartzeko eskatu die instituzioei, hartzekodunek Spanairri zorra kobratu aurretik arazoa konpon dezaten. Kataluniako Generalitateari zuzendu zaio: «Generalitatea zen konpainiaren akziodun nagusia; egoera honen arduradun nagusia da, beraz». Spanairrek atzo aurkeztu nahi zuen hartzekodunen konkurtsoa, baina SEPLA Espainiako hegazkin pilotuen sindikatuak aurrea hartu eta konpainiak baino lehenago aurkeztu zuen hartzekodunen konkurtsoa, egungo zuzendaritzari prozesu hori gidatzen ez uzteko.
EasyJet, Iberia eta Vueling
Batzuk joan eta besteak etorri; Spanairren porrotak EasyJet konpainiari bultzada eman dio. Otsailaren 19an hastekoa zen Loiun zerbitzua ematen, baina aurreratu egin du lanean hasteko eguna. Spanairren bat-bateko erorketaren ondorioz, atzo bertan hasi zen EasyJet Loiun lanean. Bilbotik Madrilerako lau hegaldi eskainiko ditu egunero; aurrerago, egunean zortzi hegaldi eskaintzeko asmoa du.
Iberia konpainiak, berriz, Madril eta Bilbo arteko hegaldien kopurua %31 handituko du. Egunero 11 hegaldi aterako ditu, eta eskari gehien dagoen orduetarako hegazkin handiagoak jarriko ditu. Eta Vueling konpainiak jakinarazi du hiru hegaldi linea berri irekiko dituela martxotik aurrera, hirurak Kanarietara.
Bidaiarientzako oharrak
Bidaiariei zenbait aholku eman dizkie Kontsumobide Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Institutuak. Hegaldiei buruzko informazioa jasotzeko, Spanair konpainiara edo bidaia kontratatutako agentziara joan behar da. Bestela, AENAri eska dakioke informazioa. Erantzuna gustukoa ez bada, erreklamazio orriak idazteko, eta eskuetan duten dokumentazio guztia gordetzeko. Hegaldia galdu duenak bi aukera dituela ere gogorarazi du Kontsumobidek: beste garraiobide bat ematea, ala txartelaren balioa dirutan eskuratzea. Kalte-ordainak ere eska ditzakete bidaiariek.
Loiun 29 hegaldi ezeztatu dituzte
Spanairreko 70 langile itxialdian sartu dira Loiun; hartzekodunen konkurtsora deitu dute SEPLAko pilotuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu