Ozen entzun da, berriro, LOMCE legearen kontrako mezua Euskal Herriko kaleetan. Atzo onetsi zuten hezkuntza erreformatzeko lege hori Espainiako Senatuan, PPren gehiengo osoaren eskutik. Ikasleen protestak ugariak izan ziren: eguerdirako protesta ekitaldiak deituta zeuden hiriburuetan. Izan zen gorabeherarik; Bilbon, esaterako, bi lagun identifikatu zituzten ertzainek. EAJren egoitza nagusi Sabin Etxearen inguruetan izan zen; legearen aurkako kartelak jartzeko ahalegina egin zuten han hainbat lagunek. Eskopeta tiro bat egin zuten poliziek airera gazteak sakabanatzeko. Ikasleek beren jarreraren zergatia azaldu zuten: «EAJk ezarriko du erreforma hau hemen, eta bertako arduradun politikoen aurrean protesta egin nahi izan dugu Madrildik datorren inposizio honengatik». Gazteek aditzera eman zutenez, jeltzaleen egoitzara heldu zirenerako ertzainak han ziren, borrak esku artean, protesta ekintza saihetsarazteko.
Herenegun ere jendea erruz atera zen kalera erreformaren aurka. Ikasleen Sindikatuak deitutako protestak izan ziren. Ikasle Abertzaleek eta gazte komunistek nahiago izan zuten protesta ekintza propioak egitea, ordea, eta horregatik irten ziren atzo. Bilbon, Sarriko parean egin zuten protesta, EHUren campusean. Erreformak euskara «hirugarren mailan» lagako duela salatu zuten, eta «merkatuaren araberako» hezkuntza sustatuko duela. Donostian Ibaetako campusean egin zuten protesta, eta «hezkuntza kapitalista» ezartzeko asmoa dagoela ohartarazi. Gasteizen IAk aukera baliatu zuen Arabako campuseko ikasleen batzarra aurkezteko. «Hezkuntza publiko eta doakoa bermatu behar da», esan zuen IAko kide Paul Adrian Goñik. «Eta ikasketak guztiz euskaraz egiteko eskubidea ere bai».
Baina Madrilen erreformaren aldeko defentsa irmoan jarraitzen dute PPko ordezkariek. Apenas onartu zuten aldaketarikatzo Espainiako Senatuan egindako bozketetan. Nagusiena, Gizarte Zientzietako Batxilergoan Matematika ikasgaia derrigorrezko gisara jartzea. Lege proiektuan ez zuten hala jarri, eta, besteak beste, ekonomiaren alorreko elkarteen kexua eragin zuen horrek, lege proiektuak bidea jartzen baitzuen unibertsitatean ekonomia ikasketak egiteko, aurrez matematika ikasi gabe. Baina aldaketa horretaz aparte, gehiengo osoaren gerizan, legea bere horretan lagatzearen alde egin zuten senatari gehienek: 136 boz jaso zituen alde, 81 aurka eta hiru zuri, UPNko ordezkarienak. Urrats honen ostean, kongresuan hurrena. Han onetsi beharko dute behin betiko legea.
Uriarte, berezkoaren alde
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dutela legearen kontra. Behin eta berriro esan du eskumenak urratzen dituela lege horrek. Aditzera eman duenez, «azken unera arte» saiatu dira Espainiako Gobernuarekin akordioren bat hitzartzen, baina antzuak izan dira ahalegin denak. Orain, legea onartzear, helegitearen bidea besterik ez zaiela geratzen esan du. Jaurlaritzak legea beteko duela azaldu du, baina, bide batez, legeak uzten dituen saihesbide denak erabiliko dituela euskal hezkuntza sistemak dituen berezitasunei orain arteko moduan eusten saiatzeko.
LOMCEren aurkako aldarria kalean da, onartzeko urrats bat gehiago eginda
Espainiako Senatuak hezkuntza erreformari onespena eman dio; kontra egiteko helegitea jarriko du Jaurlaritzak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu