GIZARTEA

Lonjako lanen "kontratazioan ustezko iruzurrak" egon diren aztertzeko, Pasaiako portuan da Guardia Zibila

Fiskaltzak salaketa jarri zuen Pasaiako portuko lonjako gainkostuen harira. Izan behar zuena baino zazpi milioi gehiagoko kostua pilatu dute jada lanek, eta, Ricardo Peña PPAko presidentearen arabera, 11 milioikoa izango da gainkostua lanen amaieran.

Hedabide ugari bildu dira Paiako lonjan, polizia operazioa dela eta. PASAIAKO HITZA
2016ko ekainaren 14a
07:19
Entzun

Uneotan Pasaiako Portu Agintaritzako bulegoetan dago Guardia Zibila. 11:00etan joan dira lonjaren gainkostuari buruzko dokumentazio bila, eta langileak korridoreetara irtenarazi dituzte. Horietako gehienei eraikinetik irteteko baimena eman diete, baina kontabilitatean dihardutenak bertan geratu dira, Poliziak eskatutako informazioa emateko.

Ustelkeriaren aurkako fiskalaren aginduz joan dira bulegoetara poliziak. Zehazki, "kontratazioan ustezko iruzurrak" egon direla frogatzeko agirien bila ari da Guardia Zibila.

2011n adjudikatu zituzten lonja egiteko obrak, hamabost milioi euroan. Bost urte joan dira, lanak ez dira amaitu, eta 22 milioitan doa gastua. Legearen arabera, %10etik gorako gainkostuak daudenean, berriz egin behar da adjudikazioa. %46tik gora dago kontua Pasaian.

Gaia auzitegietara iritsi zen maiatzean. Espainiako Estatuaren abokatuaren eskariari bide eman zion fiskalak: sei delitu zantzu ikusi zituen, eta salaketa aurkeztu zuen. Prebarikatzea, diru publikoa oker erabiltzea, agiriak faltsutzea, iruzur egitea, eroskerian aritzea eta ordainarazpen ilegalak egitea dira delituok.

Lonja berriaren lanak geldirik daude otsailetik. Eusko Legebiltzarrean Borja Senper PPko legebiltzarkideak Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren agerraldia eskatu zuen apirilean, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduko Xabier Olanok beste horrenbeste eskatu zion Marisol Garmendiari, Gipuzkoako Lurralde eta Mugikortasun diputatuari, portuko administrazio kontseiluko kidea baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.