Lopez: «Herriari ez zaio komeni bozak aurreratzea»

Agintaldia «modu ordenatuan» amaitzeko laguntza eskaini dio Basagoitik, baina ez bederatzi hilabeterako

Antonio Basagoiti, atzoko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
«Sekula ez dut legealdia kosta ahala kosta osorik beteko, herriaren interesa interes partikularren gainetik jarri behar delako», esan du Patxi Lopez lehendakariak Ser irrati katean egindako elkarrizketa batean. Hala ere, adierazi du herriari ez zaiola komeni hauteskundeak aurreratzea. Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea ere herritarren hobe beharrean oinarritu da kontrako mezua defendatzeko. Hauteskundeak aurreratzea ezinbestekoa dela errepikatu du, bere jarrera indartzeko EAEko PPren zuzendaritzarekin egindako agerraldian. Lehendakariari agintaldia «modu ordenatuan» amaitzen laguntzeko prestasuna azaldu du, baina abisu argia emanda: PP ez dago prest Lopezen agintaldia legealdia bukatu arte luzatzeko.

Lopezen esanetan, «orain askoz garrantzitsuagoa da Euskadin zerbitzu publikoak defendatuko dituen eta ekonomia sustatuko duen gobernu bat izatea, hauteskunde kalkuluengatik bozak aurreratzea baino». Euskal herritarren interesak defendatzea autogobernua defendatzea dela ohartarazi du, eta bera horretan ari dela adierazi. Areago, hartu duen bide horri esker, bere burua berriz ere lehendakari ikusten du Lopezek: «Euskadiren alde egingo den defentsa oso baloratua izango da».

Bozak aurreratzeko eskaeren inguruan, hori bere erabakia dela ohartarazi du, agintaria bera dela erakutsi nahian. Esan du «premiazko politikak egonkortu arte» ez duela deituko bozetara. Kutxen legea eta udalena onartzeke daudela zehaztu du, eta krisia gainditzeko planak abiatu berri daudela: «Arduragabekeria litzateke gauzatu gabe uztea».

Hala ere, Lopezek dio onuragarriak izan direla PPren itunak iraundako hiru urteak: «Asko aurreratu da». ETAri aurre egiteko helburua lortu dela azaldu du, ekintza armatuak betiko amaitu dituela gogoratuta; era berean, esan du autogobernuan aurrera egin eta «gizartean haustura sortzen duten eztabaida identitarioak» alboratu direla.

Basagoitik bat egin du Lopezekin, PSE-PP akordioa «ona eta beharrezkoa» izan dela; arrazoietan ere bat etorri da. Baina Basagoitik uste du egoera aldatu egin dela Mariano Raxoi Espainiako Gobernura iritsi zenetik.

Hortaz, «etapa» hori amaitu eta etorkizunari begiratzeko garaia dela esan du. Ezin duela berean itxi esan dio Lopezi, eta eskua luzatu dio, legealdia «modu ordenatu eta lasaian amaitzeko». Hala ere, abisu eman dio ez duela lagunduko legealdia osorik betetzen: «75 legebiltzarkidetik 25en babesa soilik izanda ezin da gobernatu». Seguru dago bozak aurreratuko direla, eta ahalik txukuna egitea eskaini dio Lopezi: «Lehendakaritzan sartzen lagundu genuen bezala, irteten lagunduko dugu, baina ez bederatzi hilabetez jarraitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.