Politika

Lopez: "Legegintzaldi hasiera honetan ez dugu EHAKren babesa bilatuko"

PSE-EEren Jaurlaritzako lehendakari izateko hautagai Patxi Lopezek azpimarratu duenez, hau "hizketarako eta negoziaketarako legegintzaldia dela esan zuten herritarrek hauteslekuetan". Bere alderdia talde guztiekin hitz egin eta negoziatzeko prest dagoela esan du 'Radio Euskadi'-n egin dioten elkarrizketan, eta bere iritzian, hori alderdi guztiek egin beharrekoa dela esan du. Nolanahi ere, "legegintzaldi hasiera honetan" EHAKrekin ez direla bilduko ere jakinarazi du, egin zuten lehen bileran ikusi baitzuten "ez datozela bat, ezertan".

2005eko ekainaren 8a
11:01
Entzun
PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek esan duenez, beraiek ez dute baztertu Eusko Legebiltzarreko lehendakaria Lopez bera izatearen aukera. Gainera, orain, EAJren hautagai Jose Juan Ibarretxeren aukera "berbera" duela dio. Izan ere, Ibarretxek lehendakari izan nahi badu, hirukoa abian jarri beharra dauka, eta Lopezek esan duenez, Ibarretxek "babes hori ez daukala dirudi", oraindik orain.

"Herritarrek hauteslekuetan esan dutena hau hizketarako eta negoziaketarako legegintzaldia dela da. Hori denok egin behar dugu ordea, eta ez PSE-EEk bakarrik. Gu prest gaude denekin hitz egin eta negoziatzeko, baina ez gaude prest gure aukerei muzin egiteko".

Hala ere, "legegintzaldi hasiera honetan" EHAKrekin biltzeari uko egin die. EHAK-k inbestidura ekitaldiaren aurretik bi hautagaiekin bildu nahi zuela esan zuen, beraien botoa zeini eman erabakitzeko. Lopezek ez dela haiekin bilduko esan du, egin zuten lehen bileran "ezertan ez zetozela bat" ikusi zutelako.

Bestalde, Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziaketaz gutxiago hitz egin behar dela iritzi dio, "itxaropen faltsurik sortu gabe". Espainiako Gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterori "bakea esploratzen" utzi behar zaiola azpimarratu du, "ETAk armak utzi eta gero".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.