Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Lopez, Pastor eta Arriola izango dira PSE-EEren zerrendaburuak

Arabako sektore berritzailea zerrendatik kanpo geratu da ia; zerrendakide bakarra da ildo horretakoa

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
PSE-EEren Nazio Batzarrak gaur onartuko ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde zerrendak. Ordura arte, hautagaitzak ez dira irmoak izango, baina alderdiak atzo jakinarazi zuen onartzea espero duen proposamena. Jakina denez, Arabako zerrendaburu izango da Patxi Lopez, lehendakari jarraitzeko hautagaia. Aurreko bozetan Bizkaiko zerrendaburu izan zen Lopez, eta Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaile eta alderdiaren Bizkaiko presidente denak beteko du leku hori. Gipuzkoako zerrendaburua Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia izango da.

Gipuzkoako eta Bizkaiko zerrendak osatzeak ez dio arazo handirik eman alderdiari. Arabakoak, berriz, desilusio batzuk eragin ditu, alderdiko sektorerik berritzaileena kanpoan geratu baita praktikoki; ordezkari bakarra izango du zerrendan.

Lehendakaria buru duela, sektore ofizialekoak dira Arabako zerrendako 25 kideetatik 24. Txarli Prieto alderdiko Arabako idazkari nagusia izango da zerrendan bigarrena, eta Txaro Sarasua legebiltzarkidea hirugarrena. Laugarren postuan egongo da sektore berritzaileko ordezkari bakarra: Natalia Rojo legebiltzarkidea. Oscar Rodriguez legebiltzarkidea eta Joana Madrigal, ordea, kanpoan utzi dituzte.

«Ez dago lekurik guztientzat»

Sektore berritzailearen presentzia hutsala izateari buruz, honako hau adierazi du Lopezek: «Alderdien zerrendak osatzea beti da minbera, beti egiten direlako injustiziak. Inoiz ez dago nahikoa leku merezi duten guztientzat». Hala ere, adierazi du horiek ere izango dutela lanerako lekua.

Bizkaiko zerrendari dagokionez, Isabel Zelaa, Rodolfo Ares eta Idoia Mendiak —Jaurlaritza osatzen dute— betetzen dituzte bi, hiru eta laugarren postuak.

Gipuzkoan, Susana Corcuera, Blanca Roncal, Miren Gallastegi eta Bixen Itxasok betetzen dituzte lehen postuak. Jesus Egiguren dago zerrendaren amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.