Urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen garrantziaz ohartarazi ditu afiliatuak Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEren lehendakarigaiak. Bizkaiko militanteekin bildu zen astelehenean, eta atzo, berriz, gutun bat igorri zien alderdiko kide guztiei. «Historian badaude une batzuk hurrengo belaunaldien bizimodua erabakitzen dutenak», esan die. Horregatik, orain arte lortutakoa eta aurrerantzean egin nahi dutena «harrotasun sozialistarekin» defendatzera deitu ditu PSE-EEko afiliatuak, kanpaina «oso gogorra» izango dela jakitun.
Bi ikuspegitatik dira garrantzitsuak Lopezentzat urriaren 21eko bozak. Batetik, «iraganeko eztabaida identitarioen» edo « herri sendo eta solidario baten» artean erabaki beharko dutelako herritarrek. Izan ere, Lopezen ustez, «herria haustea eta zatitzea» dakarte naziotasunari buruzko eztabaidek.
Bestetik, «eskuineko politiken» edo «aurrerapenaren eta elkartasunaren» artean hautatu beharko dutelako herritarrek, Lopezen arabera. Gutunean ohartarazi du zerbitzu publikoak suntsitzea eta «pobrezia orokorra» dakarrela eskuineko politika horiei eusteak. Murrizketen aurkako gobernu gisa azaldu izan du Lopezek bere gobernua, eta adierazi du aurrerantzean ere gizarte laguntzak eta zerbitzuei eutsi egingo dietela: «Euskadin gizarte duin bat bermatzeko borrokatu behar dugu orain, krisiaren errepide bazterrean inor gera ez dadin».
«Gure lorpenik handiena»
Legealdian egindakoaz harro agertu da lehendakaria. Adierazi du bere gobernuak «normaltasuna eta lasaitasuna» ekarri duela jarduera politikora, denentzat gobernatu duela, «prestigioa» eman diela Estatutuari eta autogobernuari eta «liderra» izan dela ETAren amaieran. Hain zuzen, lehendakariak jakinarazi du «terrorismoa amaitzea eta guztiontzako askatasuna berreskuratzea» zela gobernua hartzean zuten helburu nagusia: «Hori izan da gure lorpenik handiena, gure inbertsiorik onena etorkizunerako».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Lopez: «Urriko bozetan belaunaldi berrien bizimodua erabakiko da»
«Harrotasun sozialista» defendatu du Lopezek, «pobrezia orokorraren» eta «herri zatitu» baten arriskuak gainditzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu