«Bestelako espetxe politika bat»proposatu du Patxi Lopezk aro berrian aurrera egiteko, baina betiere «legearen barruan presoak gizarteratzeko» helburua izango duena. Lehendakariak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran iragarri dituen aro berrirako neurrien artean, espetxe politika aldatzekoak azaldu ditu. Euskal presoei dagokienez, erabaki kolektiborik ez du nahi lehendakariak, banakoak baizik,eta, beraz, gizarteratzeak «indibiduala» izan behar duela azpimarratu du.
Aro berrira egokitutako espetxe politika eskatu du lehendakariak, eta, besteak beste, proposatu du euskal presoak Euskal Herrira «apurka» hurbiltzea, betiere presoen «bilakaeraren» arabera,«sistema demokratikoan integratu nahi duten iheslarien itzulera» erraztea, etagaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak askatzea.
Lehendakariak uste du presoen aferaren irtenbidea ez dela etorriko «espetxeetako ateak irekiz» edota amnistia emanez. Presoen etorkizuna «presoen beraien esku» dagoela esan du, eta horregatik «iraganarekin hausteko» eta «damua agertzeko» exijitu die lehendakariak.
Aurreratu duenez, elkarbizitzarako ordezkari bat izendatuko du espetxe politikaren gaien jarraipena egiteko. Ordezkaritza instituzionala duten alderdiekin etaEspainiako Gobernuarekin harremanak izatea litzateke haren egitekoa.
Horretaz gain, lehendakariak Espainiako Kongresuan adostutako testuaren balioa aldarrikatu du, garai berriaren «hazia» dela argudiatuta. Hori oinarri hartuta, «Euskadi berri bat» eraikitzeko hiru zutabeak «egia, justizia eta memoria»direla esan du Lopezek.
Memoria «hiltzaileen salaketa» gisa ulertzen du lehendakariak, ETAren indarkeria sustatu dutenek «historiaren kontalizuna» egin ez dezaten. Eginbehar horretarako, Memoriaren eta Elkarbizitzaren Institutua eratzeko lanetan ari direla jakinarazi du lehendakariak, eta uztailerako martxan egotea espero dutela. Ordea, baztertu egin du Egiaren Batzorde bat sortzea: «Ez da beharrezkoa, egia zer den garbi dago eta». Egia ETAren biktimen testigantzen bitartez jakin ahal dela azpimarratu du: «Batetik, hiltzaileak zeuden, eta, bestetik, hildakoak eta erresistentzia egin zutenak».
Ezker abertzalearen legeztatzea ere eskatu du Lopezek. Ezker abertzalearen «pausoak» kontuan hartuta, «demokrazian txertatzeko» ateak zabaldu behar zaizkiola iritzi dio.
Eusko Legebiltzarra. Baketzeari eta elkarbizitzari buruzko eztabaida
Lopezek gizarteratzean oinarritutako beste espetxe politika bat proposatu du
Lehendakariak euskal presoen hurbilketa eta ezker abertzalearen legeztatzea eskatu ditu, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu