Gogor ekin dio Patxi Lopezek PPren aurka, PSE-EEren Batzar Nazionala hasteko hitzaldian. Sozialisten idazkari nagusiaren esanetan, Antonio Basagoiti buru duen alderdiak «nahiago izan du Raxoiren politiken eta murrizketen alde egin, euskal gizartearen interesen alde egin baino». Hala, PSE-PP itunaren oinarriak «haustea» leporatu die lehendakariak popularrei.
Zehazki, «krisitik ateratzeko eskuin neoliberalak proposatutako bidea» izan da, Lopezen ustez, bi alderdien arteko hitzarmena apurtzeko arrazoi nagusia. «Gure zerbitzu publikoak eta gure ongizate estatua defendatzeko erabakitasunak ekarri du itunaren haustura», adierazi du. Hala ere, legegintzaldia bukatu arte Lehendakaritzan jarraitzeko prest agertu da Lopez: «Ez diogu beldurrik gutxiengoan gobernatzeari». Legebiltzarrean gehiengorik ez izanagatik, egungoa Jaurlaritzak «1998tik izan duen gobernurik indartsuena» dela uste du PSE-EEren idazkari nagusiak. «Autogobernuaren eta Gernikako Estatutuaren alde egiten duen alderdi bakarra gara», gaineratu du.
Bestalde, lehendakariak Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko aukera baztertu du beste behin. «Hauteskundeen momentua oraindik ez da iritsi, baina irabazteko prest egon behar dugu». Bozen unea hurbiltzen den heinean «herri moderno batek behar dituen eztabaidak» mahaiaren gainean jarriko dituela jakinarazi du. Horien artean, zerga sistemaren inguruko eztabaida aipatu du.
Lopezek esan du arlo horretan EAJ «eztabaidatzeko beldur» dela. «Beldur dira, ez dutelako gizartearen aurrean bi euskal eskuinen familia argazkian agertu nahi». Izan ere, PPren «proposamen berdinak egitea» egotzi die jeltzaleei: «Raxoien politikak, Eusko Labelarekin». Halaber, «boterera iristeko presa» izatea leporatu dio EAJri, militantzia sozialistaren txaloak jaso dituzten leloak erabiliz: «Batzuek ezin dute jasan herri hau lehendakari sozialista baten gidaritzapean egotea, Ezkerraldeko langile baten semea Eusko Jaurlaritzaren buru izatea». Horrez gain, Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundia lortzearen «erantzukizuna» ere jeltzaleei leporatu die. «Nazio frontearen aldeko hautua egin zuten, eta horretan jarraitzen dute».
Programa eta aliantzak
Bestalde, Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidente eta alderdi jeltzalearen zuzendaritzaren lehendakarigaiak Patxi Lopezen gobernuaren kudeaketaren aurka jo du beste behin, Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean. Aurreko egunetan eginiko adierazpenen haritik, «Euskal Autonomia Erkidegoak duen egoera ekonomiko larriaren» erantzule gin du Eusko Jaurlaritza. Hori hala, lehenbailehen hauteskundeetara deitzeko eskatu dio lehendakariari, hari baitagokio erabaki hori hartzea.
Urkulluk salatu du Lopezen gobernuak ez duela krisialdi ekonomikoari aurre egiteko programarik, eta nabarmendu du PPrekin zuen hitzarmena hautsi ondoren egoera «are larriagoa» dela, Jaurlaritza «guztiz bakartuta» dagoelako. «Eusko Jaurlaritzak badaki egoera honetan ezin izango duela urtea amaitu», azpimarratu du Urkulluk. «Hauteskundeetara deitu behar du bozetatik aterako den gobernuak programa ekonomiko batekin lan egin ahal izateko eta horren arabera egin daitezkeen aliantzak zehazteko». Asteartean eginiko adierazpenetan, lehendakarigai jeltzaleak ez zuen baztertu hauteskundeak irabaziz gero gutxiengoan gobernatzea. Hala ere, nabarmendu zuen egungo egoera ekonomikoak akordio zabalak exijitzen dituela.
Atzo, sozialisten programa ekonomikoa ez ezik, ezker subiranistarena ere kritikatu zuen Urkulluk. Adierazi zuen alor horretan «ezker abertzaleak landu dituen ezkutuko dokumentuak» ezagutzen dituela, eta horietan proposatzen den programa ekonomikoak «Kubako edo Albaniako ereduen antza» duela.
Gobernu sozialistaren aurka ere akusazio larriak egin zituen buruzagi jeltzaleak. Esan zuen Lopezek zuzentzen duen exekutiboak Babes Ofizialeko 3.000 etxebizitza saltzeko «operazioa» jarri nahi duela martxan «zorra kamuflatzeko eta estaltzeko», eta nabarmendu zuen lehiaketa publikoan parte hartuko duten enpresek «zerga paradisuetan» dutela egoitza.
Urkulluren adierazpenek haserrea eragin dute alderdi sozialistan. Jose Antonio Pastor bozeramaileak uste du EAJko burua «urduri» dagoela eta horregatik jotzen duela Jaurlaritzaren aurka. «Errealitatea, baina, ez da batzuek erakutsi nahi duten bezain larria», esan du Pastorrek, eta gaineratu du EAJren eta PPren «programa bakarra» hauteskundeetara deitzea dela. Buruzagi sozialistak adierazi duenez, PSE-EEren asmoa legealdia amaitzea da.
Lopezek PPri egotzi dio gobernu itunaren oinarriak «haustea»
EAEko lehendakariak dio EAJk gobernura iritsiz gero Raxoiren politika bera egingo duela, «Eusko Labelarekin»Hauteskundeetara deitzeko eskatu dio Urkulluk Lopezi, «programak erkatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu