Indarkeriaren aroa amaitzear dagoela ziur da Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. «Garai berri bat bizi dugu» eta «atzean geratu da ETAk bizitza baldintzatzeko zuen gaitasuna», Lopezek Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko plenoan azpimarratu duenez. «Bukatu da ezagutu dugun terrorismoa».
Indarkeriaren zikloaren amaiera «errazte» aldera, «adiskidetasunerako akordio handi bat» lortzea proposatu du lehendakariak. Eta ezinbestekotzat jo du hainbat pauso ematea elkarbizitza eraikitzen hasteko. Besteren artean, presoak hurbiltzeari ateak ireki dizkio, baita kartzela politikan aldaketak egiteari ere. Zehazki,«gizarteratzea helburu duen presoen hurbiltze progresiboa» proposatu du lehendakariak, indarkeriaren zikloa gainditzea errazteko. Akordio «dinamiko eta malgu» baten bidez egin behar litzateke hori, haren ustez. Kartzela politika malguagoa eskatu ez ezik, «legea betetzen duten alderdi guztien legezko aitortza» ere aldarrikatu du lehendakariak, «sistema demokratikoaren barruan» betiere.
Bi orduko hitzaldia egin du lehendakariak Legebiltzarrean. Diskurtsoak bi helduleku izan ditu nagusiki: krisialdi ekonomikoa eta bakegintza. Mintzaldiaren azkenerako utzi ditu bakearekin lotutako proposamenak. Aro berri honetan, Jaurlaritzak «askatasun eta bizikidetza demokratikoarekin» engaiatuta egongo dela azaldu die lehendakariak legebiltzar taldeei. Lopezek biktimen memorian oinarritutako etorkizun bat eraikitzearen alde egin du, eta «gertatutakoaren benetako kontakizuna» eskatu. Halaber, elkarbizitzarako bide bakarra sistema demokratikoan sartzea dela nabarmendu du. Ildo horretan, lehendakariak argi adierazi du ezker abertzalea gaur lege barruan baldin badago, «demokrazia eta zuzenbide estatua nagusitu direlako» dagoela. Hala, adierazi du ETAri bukatzeko exijitu behar zaiola eta euskal presoei ETArekin behin betiko hausteko.
Adiskidetasunezko elkarbizitzak, baina, «garaileak eta garaituak» izan behar dituela azpimarratu du Lopezek arratsaldeko saioan, Aralar taldeari erantzun dionean. «Demokraziaren aldekoek izan behar dute garaile, eta terroristak galtzaile», haren ustez. Horrela ez bada, «beste modu batean pentsatzen duena hiltzea zilegi dela dioen mezua nagusituko litzateke».
Urratsa, txikia bada ere
Lehendakariak goizean egindako proposamen sortak ez ditu legebiltzar taldeak bete. PSEko taldekideak kenduta, gainerako alderdiek epel hartu dituzte Lopezek bakegintzaren eta normalizazioaren inguruan egindako planteamenduak. Zehaztasun falta egotzi diote alderdi gehienek. Aralar eta EArentzat, esaterako, aurrerapausoa izan da lehendakariak espetxe politikaren malgutzea proposatu eta pentsamolde politiko denek legezko izan behar dutela adierazi izana, baina bakebidean ekimenik ez hartzea aurpegiratu diote lehendakariari. EAJk eta EBk, berriz, gogoratu diote indarkeriaren amaieratik harago gatazka politikoa dagoela, eta hori ere konpondu beharrekoa dela. Gogorrago erantzun diote PPk eta UPDk: espetxe politikaren aldaketa alboratu dute, eta ETAk mugitu behar duela esan diote.
Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak «aurrerapausoa» ikusi du Lopezen diskurtsoan bakegintzari dagokionez, 2009ko proposamenarekin alderatuz gero, eta hori ona dela esan du. Nolanahi ere, «irabazlerik eta galtzailerik gabeko bakea» behar dela gogoratu dio lehendakariari: «Kontua ez da gerra irabaztea, baizik eta bakea irabaztea, eta hemen sektore gehiegi dago gerra irabazi nahi dutenak». ETAk atzerapenik gabe desagertu behar duela esan du Ezenarrok, eta borroka armatua «hutsegite estrategiko, politiko eta, batez ere, humanoa» izan dela azpimarratu du.
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak uste du lehendakaria ez dagoela Euskal Herriak bizi duen «une historikoaren mailan»; horregatik, bakegintzan eta normalizazioan iniziatiba hartzeko eta proposamenak zehazteko eskatu dio. Besteren artean, eskatu dio espetxe politikaren malgutzea eta alderdi ororen legeztatzea Madrilen defenda ditzala. ETA «erruduna» dela aitortu du Agirrezabalak, baina ez errudun bakarra, «indarkeria mota asko egon baita herri honetan». Biktima guztiak aintzat hartzeko eskatu dio EAkoak Lopezi.
EAJko Joseba Egibarrek ez du presoen hurbiltzeari buruzko eztabaidan sakondu nahi izan, baina adierazi du lehendakariak hori eskatu izanak erakusten duela jaioterritik urruntzeko politika «zigor» gisa hartutako «neurri arbitrarioa» izan zela. Proposamen hori eginda lehendakariak «titularrak» bilatu dituela kritikatu du Egibarrek. Haren ustez, gainera, ezinbestekoa da «estatuaren estrategia berraztertzea», ETArena ez ezik, «biolentzia gehiago» egon delako Euskal Herrian. Halaber, lehendakariari leporatu dio elkarbizitza eskubidea erabakitzeko eskubidearen «ordezko» gisa erabili nahi izatea. Haren irudiko, elkarbizitzak «irizpide etikoa eta politikoa» behar du.
Lehendakariari ez ezik, ETAri eta «indarkeria horretatik edan dutenei» ere mezua bidali die EAJkoak. Haren ustez, «mundu horrek» badu erantzukizun bat: «ETAk esan beharra du indarkeria behin betiko uzten duela, eta ezker abertzaleak bere historiaren irakurketa zintzo eta zorrotza egin beharra du».
«Bakea denen lanari esker dago gertuago, ez Jaurlaritzaren eta PPren lanari esker bakarrik». Horixe erantzun zion Mikel Arana EBko legebiltzarkideak lehendakariari. Haren aburuz, ETA amaitzen denean ez da bizikidetza arazorik izango, baina arazo politikoak hor jarraituko du.
Bakea, Jaurlaritzari esker
Jose Antonio Pastor PSEko legebiltzarkideak, berriz, zalantzarik ez du: «Terrorismoaren zikloa ixtekotan baldin badago eta ezker abertzalea aldatu egin bada», Jaurlaritzaren eta bere bazkidearen «irmotasun politikari esker» izan da. Areago, Pastorrek uste du lehendakariak ireki dituela bakearen ateak. Ezker abertzaleak emandako pausoak, haren aburuz, ez dira nahikoak izan, eta indarkeriatik aldendu eta «demokrazian sartzeko» pauso gehiago eskatu dizkio.
PPko Antonio Basagoitik, berriz, ez du bat egin lehendakariak elkarbizitza eraikitzeko egindako proposamenekin. «ETA iraganeko kontua balitz bezala mintzatu da Lopez, eta hori erakunde terrorista bukatzeko helburua atzeratzea da», azpimarratu du. Espetxe politika legedian oinarritu behar dela gogoratu dio PPkoak lehendakariari, eta ETAk eta presoek mugitu behar dutela esan dio. «Irmo segitu behar dugu, bidesaririk ordaindu gabe», ohartarazi du. Demokraziaren «muga» ezin dela jaitsi eta joko arauak errespetatu behar direla gaineratu du. «Erritmoak eta beharrak demokratek zehaztu behar dituzte, ez barkamena eskatu behar dutenek», Basagoitiren arabera. Edonola ere, PPkoak aitortu du «bakea eta askatasuna inoiz baino gertuago» daudela: «Ez da amets bat, errealitate bat da, ziur nago askatasunean bizitzea lortuko duula».
ETA oraindik bizirik dagoela eta mehatxua dela esan du Gorka Maneiro UPDko parlamentarioak, eta, horregatik, lehendakariari eskatu dio erakunde armatuaren «xantaia» alboratzeko. Bake planen beharrik ez du ikusten Maneirok, «euskaldunen artean gerrarik ez» dagoela iritzita. Haren ustez, badira elkarbizitzarako balio duten bestelako itun batzuk: Espainiako Konstituzioa eta Gernikako Estatutua, kasu.
Eusko Legebiltzarra. Osoko bilkura
Lopezek presoak hurbiltzea proposatu du, «indarkeria zikloa ixtea errazteko»
ETA garaituta dagoela eta «garai berri bat» dela esan du lehendakariak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuranEAJ, EA, Aralar eta EBk diote bake bidean eginiko urratsa dela baina ez dela nahikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu