Iñigo Urkullu EAJko presidenteak «astakeria» deritzo euskara eta indarkeria lotzeari, eta herenegun Euskararen Aholku Batzorde berrituaren lehenengo bileran esandakoak zuzen ditzan eskatu dio Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariari. Urkulluren iritziz, «beste zerbait adierazi nahi izan balu ere, hitzak hor daude», eta, horregatik, atzera egin dezan eskatu dio lehendakariari, «modu horretan adierazi nahi ez bazituen». «Ez dakit zein lotura duen hizkuntzak indarkeriarekin eta terrorismoarekin. Erabateko astakeria iruditzen zait».
Onda Vasca irrati kateari atzo eskainitako elkarrizketa batean, Euskararen Aholku Batzordearen osaketak eta Jon Juaristiren izendapenak eragin duten iskanbilaz ere iritzia eman zuen Urkulluk, eta Jaurlaritzak «aldaketaren ideiarekin temati segitzeari» erantzuten diola agertu zuen. Haren ustez, Jaurlaritzak «gehiago zaindu» beharko luke bere ardurapeko organoetan zein sartzen den.
Aralarrek, berriz, Lopezi eskatu dio Eusko Legebiltzarrean azal dezala «nola eragingo dion ETAren amaierak euskara askatasunarekin lot dadin». Mikel Basabe legebiltzarkideak interpelazio bat erregistratu zuen atzo, Patxi Lopezek eginiko adierazpenak «onartezinak» direlako. Basabek interpelazioan dioenez, Lopezen diskurtsoak «baieztapen deitoragarriak» ditu: «Erkidego honetan derrigortzen den hizkuntza bakarra gaztelania da. Milaka herritarrek egunero erabiltzen dugu euskara askatasunean, nahiz eta askatasuna erabatekoa ez izan administrazioarekin hartu-emanak euskaraz nahi ditugunean».
Eusko Alkartasunako legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak ere galdera bat erregistratu zuen atzo legebiltzarrean, Lopezek azal dezan «zertan oinarritzen den euskara eta indarkeria» lotzeko. Lehendakariak euskarari buruz «aurreiritziz beteriko ikuspegia» du eta «horren ondorio» dira haren adierazpenak, Agirrezabalaren ustetan. «Baina ez dute atzera egingo, euskararekin denak balio duela pentsatzen dutelako. Lehendabizi, Jon Juaristi izendatu zuten batzordeko kide, jakinda Juaristi euskara laidoztatzera emana egon dela, eta orain euskaldun guztiak indarkeriarekin lotzen gaituzte. Ez dago irain larriagorik». Hamaikabat alderdiak ere «hausnarketa sakona» egiteko deia egin dio Lopezi: «Hitz hauek engainu hutsa, aurreiritzi faltsua eta euskararentzako kalte larria dira».
«Iraingarriak» dira, EILAS sindikatuaren arabera, Lopezen adierazpenak. «Jasan dugun guztiaren ondoren, oso mingarria da geure hizkuntza propioa zein haren alde dihardugun milaka euskaldun bortizkeriaren susmagarri bihurtzea».
Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak, baina, ukatu egin du Lopezek «euskara eta terrorismoa» lotu dituela, eta gaineratu duadierazpenekin ez zuela iskanbilarik eragin nahi: «Baina ordezkari politikoek interes handia dute euskararen inguruan eztabaidak sorrarazteko». Mendiaren ustez, ez dago ETAren eta euskararen arteko loturarik. «Baina terrorismoak guztia baldintzatu du euskal gizartean urte luzeetan, eta, jakina, baita hizkuntza ere».
Lopezen adierazpenak. Erreakzioak
Lopezen adierazpena «astakeria» dela uste du Urkulluk
Aralarrek eta EAk Eusko Legebiltzarrean azalpenak eman ditzan eskatu diote lehendakariari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu