Euskararen Aholku Batzordea

Lopezen ustez, indarkeria amaitzean lotuko da euskara askatasunarekin

Nafarroarekin elkarlanean aritzeko gogoa agertu du Lopezek, eta iraganeko beldurrak ahazteko eskatu die bertako agintarieiEuskararen Aholku Batzorde berrituaren lehen bilerako buru izan da lehendakaria

Euskararen Aholku Batzordearen bilera, kide berriekin. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Leioa
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarentzat, «indarkeriaren bukaerak mesede egingo dio euskalgintzari». Haren irudiko, «itxaropenez betetako garaia da» honakoa. «Bortizkeriaren bukaerarekin amets egitera ausartzen gara». Hala, Lopezen esanetan, «laster iraganeko kontua» izango da, eta horrek « bide berriak urratu eta gauzak asko erraztuko dizkio euskalgintzari». Lehendakariak dioenez, «euskarak bat egingo du behin betikoz askatasunarekin».

Euskararen Aholku Batzordeko kideei egindako harrera hitzaldian azaldutako hausnarketakoak dira hitzok. Atzo bildu zen legegintzaldia hasi zenetik bigarrenez, Leioako Artaza jauregian (Bizkaia). Duela urte eta erdi elkartu ziren azkenekoz bere kideak. Ordutik hainbat aldaketa izan dira taldean. Horietako batzuek, gainera, zer esana eman dute azken asteetan; batez ere, Jon Juaristi idazle eta irakaslearen izendapenak, euskararen inguruan egin izan dituen zenbait adierazpenen harira. «Euskarak ez du kultur trukerako askorik balio izan»; «euskara iraganeko hizkuntza da niretzat»; «hizkuntzek ez dute hiltzen, baina euskararengatik hil egiten da» izan dira Juaristik egindako adierazpen batzuk

Euskararen munduan erreferente diren 40 pertsona ospetsu independentek osatzen dute batzorde berria. Horietatik 21 aurreko batzordekoak ere izan ziren. Horiez gain, erakundeetako beste hamahiru ordezkarik, Eusko Legebiltzarrak izendatutako bost lagunek eta bilkurako idazkari Ivan Igartuak osatzen dute lan taldea. Zazpi kidek huts egin zuten atzoko bilera.

Eusko Jaurlaritzak esku artean dituen lehen ekimenak zerrendatu zizkien Patxi Lopezek. Batetik, laster V. Inkesta Soziolinguistikoarekin hasiko direla iragarri du lehendakariak. «Euskararen lurralde guztietako egoera ezagutzeko parada emango digu». Aldi berean, datorren astelehenean Kultura sailburua Baionan izango dela aurreratu du, Euskararen Erakunde Publikoarekin hitzarmen bat izenpetzera joana. «Guretzat oso garrantzitsua da euskararen lurralde guztien arteko elkarlana».

Hala, Nafarroako agintarientzako mezu bat ere zabaldu du Lopezek. Pozik agertu da «Lapurdirekin, Nafarroa Beherarekin eta Zuberoarekin lortutakoarekin». Baina elkarlan hori «beste lurralde batzuetara» zabaltzeko gogoa ere agertu du, Nafarroaren aipamen eginez. «Aspaldiko beldur eta gaizki ulertzeak baztertu behar ditugu behingoz».

Etorkizunerako erronkak

Batzordeak datozen urteetarako dituen egitekoak ere azaldu dizkie kideei, zertan lan egin beharko duten. Alde batetik, Euskara Biziberritzeko Plana gaurkotu beharko dela nabarmendu du. Eta, bestetik, Euskara21 plana gaurkotzeko zeregina ere badagokiela gogorarazi die. «Euskal gizarteak adostasun handia lortu du bien inguruan. Ziur nago hori indartuz joango dela».

Euskara dagoeneko ez da «baserriko hizkuntza», Lopezen esanetan. Ez eta «kalekoa bakar-bakarrik» ere. Lehendakariak gure hizkuntza «globalizatua» dela dio, Interneten eta teknologia berrietan gero eta gehiago erabili behar dena. «Hori da gure desafio handienetako bat». Izan ere, haren ustetan, euskarak modernitatearekin bat egiteko beharra dauka, «bizirik iraun nahi badu».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ofizialak diren bi hizkuntzen arteko desoreka «gero eta txikiagoa» izatea nahi du lehendakariak. Baina, hein berean, «hiztun guztien aukerak errespeta daitezela». Blanca Urgell Kultura sailburuak ere bat egin du hausnarketa horrekin. «Euskara neurri positiboen bidez bultzatu behar da, eta inposizio mota guztiak baztertu». Hala, sailburuaren hitzetan, «okerreko bidea» da, esaterako, hizkuntza bat edo bestea erabiltzeagatik zigorrak jartzea. «Adostasunak askatasuna du hoskide, ez bereizkeria».

Hizkuntza politika eginkizun zaila dela aitortu du, herritarren nortasun eta sentimentuak astintzen dituelako, eta «muturkeriarako aitzakia eman dezakeelako». Edonola ere, Urgellen irudiko, EAEn urratsak egin dira: «Zorionez, pentsaera guztien arteko erdibidea lortzeko». Besteak beste, Gernikako Estatutua eta Euskararen Normalizazio Legea jarri ditu horren adibide moduan.

Hizkuntzen gatazka

«Gizarte aldakor» batean bizi garela azaldu du sailburuak, eta «ohiko paradigmek» ez dutela gaur egunerako balio. Adibidez, euskarak «nazioz eta estatuz gaindiko mundu batean iraungo du», Urgellen esanetan. Hala, gaur egun «hizkuntzen arteko gatazkaren ideiak» ez du balio. Ingelesa nagusitzen ari dela gogorarazi du, eta, horren ondorioz, euskarak gaztelerarekin eta frantsesarekin dituen harremanak «ezin dira ohiko moduan ulertu». Sailburuaren irudiko, bada, harreman hori ezin daiteke izan «elkarrekin lehiatzen ari diren hizkuntzen artekoa».

Eusko Jaurlaritzak euskararen mundua «ahalik eta zabalena eta erakargarriena izatea» nahi duela argitu du Urgellek. Horretarako lanean ari direla dio, eta proiektu «zinez ederra» iruditzen zaiela. Hein berean, azken 30 urteetan «asko» egin dela aitortu du.

Hiru hamarkada horietan egindakoari buruzko hausnarketa egiteko perspektiba ematen duela iruditzen zaio. «Aztertu behar dugu zertan asmatu dugun, zertan huts egin dugun eta zergatik». Batzuen iritziz garai bateko «kemena eta ilusioa» galdu direla dio Urgellek. Berak, ordea, galdu ordez «pragmatismo bihurtu» direla esango luke.

Euskaraz dakitenen kopurua «asko» hazi dela dio sailburuak. Baina bilakaera horrek alde ezkorra ere badu, haren irudiko: erabiltzaileen kopurua «tamalez askoz txikiagoa da». Hala, euskaldun kopurua ugaritzea ez ezik, erabiltzaile kopurua euskaldun kopuruarekin parekatzea ere bada Jaurlaritzaren helburua. Garai zaila dela aitortu du, baina berak zuzentzen duen sailak euskararen sustapenari dagozkion diru laguntzei eusteko «ahalegin handia» egin duela dio. «Hitzematen dizuet euskara ez dela inoiz krisiak sortutako zorren kitatzailea izango», gaineratu du.

Urgellek herritarrekiko eta erakundeekiko konfiantza eskatu du. Kasurako, eskolan eta unibertsitatean hamabost edo hogei urte euskaraz ikasten ibili den gazteari euskara dakiela aitortu behar zaiola iruditzen zaio, «frogatu beharrik gabe». Sailburuaren ustetan, «kontrakoa oso larria» litzateke, hezkuntza sistemak «huts egin» duela esan nahiko lukeelako.

Aralarren kritika

Aralarrek Lopezen adierazpenak salatu ditu. «Euskara ETArekin lotu izana deitoragarria da. Euskarak behin betiko askatasunarekin bat egingo duela eta horren moduko adierazpen merkeekin, agerian utzi du euskararen inguruan duen ezjakintasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.