ETAren su-etena. Erreakzioak

Lopezentzat, «ez da nahikoa» baina indarkeriaren amaierara hurbiltzen du

Euskal gizartearen etorkizuna «erakunde demokratikoetan» erabakiko dela esan dio lehendakariak ETAri

Patxi Lopez, atzo, agiri instituzionala irakurtzen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
ETAk bihar inor ez hiltzea erabaki izana «askatasunaren garaipena» da, baita «Zuzenbide Estatuak eta gizarte osoak egindako presioaren ondorio ere», PatxiLopez lehendakariak adierazi duenez. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hitz horiekin hasi du su-eten agiriari buruz Lehendakaritzaren egoitzan irakurri duen adierazpen instituzionala. Zuhurtziaz mintzatu da lehendakaria, komunikabide ugariren aurrean egin duen agerraldi laburrean. ETAren agiria «aurrerapauso txiki bat» dela onartu du, eta herritarrengan «itxaropena» pitz dezakeela. Haren irudiko, su-eten iraunkorra, egiaztagarria eta orokorra «ez da nahikoa», baina jarraian aitortu du «terrorismoaren amaierara gehiago hurbiltzen» duela erabaki horrek. Hala ere, iraganeko su-etenak «zapuztu» direla ikusirik, «zuhurtziaz, arduraz eta irmotasunez» jokatzeko eskatu du lehendakariak.

Bakarrik agertu da prentsa aurrera lehendakaria, arratsaldeko bostetan, eta ez du kazetarien galderarik erantzun. Euskaraz esan ditu lehen hitzak, baina mezu gehiena gaztelania hutsean irakurri du. Hamar minutu eskas iraun du lehendakariaren agerraldiak.

Lehendakariak «itxaropen neurtuaz» hartu du erakunde armatuak emandako «aurrerapauso txikia», iraganean «sarritan hitza jan» egin duelako. Haren ustez, ETA bere amaiera barneratzen hasi da, baina deitoratu du kaleratutako agirian indarkeria behin betiko uzteko urratsa egin ez izana: «ETAk berak ere badaki ezinbestekoa duela amaitzea, baina oraindik ez du amaitzea erabaki». Horregatik uste du lehendakariak ETAren adierazpena ez dela euskal gizarteak espero zuen notizia. Ohartarazi du «hitzerdika» ibiltzerik ez dagoela, eta ETAk Zuzenbide Estatua onartu eta indarkeria amaitu beste biderik ez duela.

Baldintzarik gabe

Lopezen ustez, igaroa da «baldintzatutako su-etenen garaia», eta euskal gizarteak ez du nahi «zaintzapeko arnasaldirik». Lehendakariak adierazi du euskal gizarteak eskubidea duela askatasuna inoren «tutoretzarik» gabe arnasteko, eta gizarteak ez diola «ezer zor» ETAri.

Euskal gizartearen etorkizuna «erakunde demokratikoetan» erabakiko dela esan dio lehendakariak ETAri. «Lehendakaria naizen aldetik, ez dut onartuko talde terrorista batek gure etorkizun politikoa zaintzea eta erabakitzea», nabarmendu du. Demokrazia ez da sekula «terroristen mailara jaitsiko», Lopezek irmo adierazi duenez. Askatasunak eta bakeak ez duela baldintzarik onartzen berretsi du lehendakariak.

Haren ustetan, gizarte osoak, «baita ezker abertzaleak ere», ETAri exijitu behar dio uko egin diezaiola helburu politikoak lortzeari. Biolentzia utzi eta politikaren aldeko apustua egiten dutenei laguntzea ez du baztertu Lopezek, baina ohartarazi du haiek egin beharreko bidea dela, «indarrean dauden arauekin eta erakunde demokratikoekin bat eginez». Hala, agerraldiaren amaieran, mezu bat bidali nahi izan dio lehendakariak euskal gizarteari, joan den larunbatean presoen eskubideen alde Bilboko manifestazioan parte hartu zutenei bereziki: politikaren eta biolentzia gainditzearen alde egin nahi badute ETAren amaiera exijitu beharko dutela esan die. Halaber, erakunde armatuari «irmotasun mezua» bidaltzeko eskatu dio lehendakariak euskal gizarteari. «Terroristei helarazi behar diegu erakundeak eta balio demokratikoak sendotzeko lan egingo dugula, horiek baitira etorkizunaren eta euskal gizartearen duintasunaren bermeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.