Lopezi eskubideez ikuspegi mugatua izatea egotzi diote

Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzaren lana gogor kritikatu dute EAJk, Aralarrek eta EAk

edurne begiristain
Gasteiz
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Giza eskubideen urraketen inguruan «ikuspegi mugatua eta alderdikoia» izatea egotzi diote EAJk, Aralarrek eta EAk Eusko Jaurlaritzari. Alderdiok larritzat jo dute Patxi Lopez gobernuan dagoenetik Giza Eskubideen Zuzendaritzak hartutako norabidea. Ines Ibañez de Maeztu Giza Eskubideen Zuzendaritzako buruak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian esandakoak entzun ostean egin dituzte kritika horiek alderdi abertzaleek.

EAJren eskariz, Giza Eskubideen Zuzendaritzak legealdia hasi zenetik egindako lanaren balantzea egin du Ibañez de Maeztuk Eusko Legebiltzarrean. Haren esanetan, PSE-EE Ajuria Enera iritsi zenetik giza eskubideen alorrean egindako lanak «aldaketa sakona» izan du. Izan ere, haren iritziz, urteetan euskal gizartea «anestesiatuta eta lokartuta» egon da indarkeriaren aurka, baina egoera horri aurre egin dio Patxi Lopezen gobernuak, «bizikidetza demokratikoari» eta «terrorismoaren deslegitimazio sozial eta politikoari» lehentasuna emanez. Hala, azken urtebetean «180 graduko iraulia» eman du Jaurlaritzaren politikak giza eskubideen alorrean, Ibañez de Maezturen arabera.

Biktimen alorrean egindako lanari dagokionez, motibazio politikoak eragindako biktimen inguruko txostenak ahalik eta adostasun handiena lortu beharko lukeela esan du. Txosten horrek ekainean egon behar zuen Eusko Legebiltzarrean, baina alderdi gehienen oniritzia jaso dezan «ahalegintzen» ari direlako atzeratu da, harenhitzetan.

Giza Eskubideen Zuzendaritzako buruaren azalpenekin ez dira gustura geratu oposizioko taldeak. Aralarreko Aintzane Ezenarroren irudiko, «desegokiak» izan dira haren hitzak, eta euskal gizarteari «errespetua galdu dio» gizartea indarkeriaren aurka anestesiaturik egon dela esan duenean. «Euskal gizartea beti egon da indarkeria guztien kontra, eta hala adierazi du beti, gobernuak ikusi nahi ez badu ere». Aralarreko bozeramailearen iritziz, Giza Eskubideen Zuzendaritzak eskubideen «ikuspegi mugatua» dauka, eta haren lana «ez da lehentasunezkoa» Jaurlaritzarentzat. Horren adibide da, Ezenarroren iritziz, motibazio politikoak eragindako biktimen alorrean gobernua «gogoz kontra» ari dela lanean.

EAJrentzat, berriz, «lidergorik» ez du Giza Eskubideen Zuzendaritzak, eta Herrizaingo Sailaren agindupean ari da lanean, «irizpide zehatzik gabe», gainera.Maribel Vaquero jeltzaleak giza eskubideen inguruko ikuspegi alderdikoia izatea egotzi dio Lopezen gobernuari: «Politizaturikoa, koherentziarik gabekoa eta alderdikoia da giza eskubideen alorrean egiten duen lana». Halaber, euskal gizartearekiko errespetu falta izatea egotzi dio.

Juanjo Agirrezabala EAkoak, berriz, «onartezin» iritzi dio Giza Eskubideen Zuzendaritzako buruak esandakoari, eta gizartea «iraintzea» egotzi dio: «Euskal gizarteak beti izan du giza eskubideen aldeko eta terrorismoaren aurkako jarrera irmoa, eta onartezina da pasibotasuna egotzi izana». Horregatik, Agirrezabalak herritarrei «barkamena» eskatzea galdegin dio Ibañez de Maezturi.

EBko Mikel Aranak kutsu alderdikoia ikusi du Ibañez de Maezturen agerraldian, aurreko legealdian egindako lana «gutxietsi» duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.