Lorena Lopez de Lacalle EAko kideak EFA Europako Aliantza Askea koalizioko presidente karguan jarraituko du. Hala erabaki dute koalizioak Naoneden (Bretainia) egindako batzarrean. Lopez de Lacallek adierazi du Europako Batasunak erreforma demokratiko baten beharra duela, eta EFAren zuzendaritza berriak bide horretan lan egingo duela: «Europak berak erreforma demokratiko sakon bat behar du, gaur egun benetan eragin nahi badu»,
Batzarreko azken ekitaldian hartu du hitza Lopez de Lacallek, eta salatu du Europako Batasuna ez dela bere «potentzial guztia» erabiltzen ari. «Munduko bazkide ekonomiko indartsua bihurtu gara eta bagara, baina, halere, bazkide politiko ahula gara», zehaztu du. EAko kidearen esanetan, horren arrazoietako bat da Europaren aniztasuna aintzat hartu ez izana. Izan ere, ezinbestekotzat jo du «aniztasunean elkartuta» lan egitea, eta gehitu du hori izango dela EFAko zuzendaritza berriaren xede nagusietako bat: «Bidezkoagoa izan behar den guztion Europa lortzeko lanean buru-belarri jarriko gara gaurtik hasita».
EFA 1999an eratu zuten, eta estaturik gabeko nazioetako 40 alderdik osatzen dute; tartean dira, EAz gain, ERC, BNG eta PNC. Haren oinarri dira autodeterminazio eskubidearen eta giza eskubideen defentsa, baita hizkuntza eta kultura aniztasuna ere. Europako Parlamentuan, berriz, Berdeekin batera osatzen dute talde parlamentarioa.
Lopez de Lacalle 2019tik da koalizioko presidente, eta hiru urte gehiago egingo ditu karguan. Aurrez, besteak beste, presidenteorde ere izan zen. Era berean, gasteiztarra Arabako Kultura, Euskara eta Kirol diputatu ere izan zen.
Lopez de Lacalle ez da EFAren batzarrean parte hartu duen EAko kide bakarra. Atzo, Eba Blanco alderdiko buruak ere hitzaldi bat eman zuen. Hark adierazi zuen Eusko Alkartasunaren oinarrietako bat dela beste alderdi batzuekin harremanak sustatzea, «herri akordioak lortzeko eta nazioen eskubideak aitortzeko» eta «ultraeskuina geldiarazteko».