Lorentxa Beirie euskal presoa baldintzapean aske uztea onartu du epaileak

Haren abokatuaren esanetan, «baldintza biziki zorrotzak» ezarri dizkiote. 18 urte daramatza espetxean. Prokuradoreak helegitea jar dezake

Lorentxa Beyrieren aldeko elkarretaratzea, joan den ekainean, Kanbon. GUILLAUME FAUVEAU.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Lorentxa Beirie euskal presoa baldintzapean aske uztea onartu du auzitegiak, presoaren senideek BERRIAri jakinarazi diotenez. Abokatuaren esanetan, «baldintza biziki zorrotzak» ezarri dizkiote aske uzteko. Edonola ere, prokuradorearen erantzunaren zain daude orain; 24 orduko epean Beirie aske uztearen kontra agertuko balitz, Kanboko (Lapurdi) presoak espetxean jarraitu beharko luke auzia argitu arte. Aldiz, epe horretan kontrako agertzen ez bada, Beirie baldintzapean aske geldituko da abuztuaren lehenean.

Senideek oraindik ez dute jakinarazpen ofiziala, eta, hortaz, ez dituzte baldintza horien xehetasunak, baina, prokuradoreak epailearen erabakiaren aurka egingo balu, baliteke Beirie aske ez gelditzea. 24 orduko epean ez badu halakorik egiten, libre geldituko da Beirie, eta, ondoren, hamar eguneko epea izango du prokuradoreak auzitegiaren erabakiari helegitea aurkezteko. Kasu horretan, Beiriek baldintzapean aske egingo lioke aurre hurrengo audientziari.

Egun, Roanneko presondegian (Frantzia) dago Beirie, Kanbotik 683 kilometrora. Auzitegiak hiri horretan aztertu zuen euskal presoak baldintzapean aske geratzeko eginiko eskaera, ekainaren 21ean. Abokatuak eskatu zuen audientzia ez egiteko bideo konferentzia bidez, eta epaitegia bera joan zen Roanneko presondegira Beirieren eskaera aztertzera.

Preso eman dituen hemezortzi urteetan, Beirie hiru presondegitan egon da: Fleury Merogisen, Joux la Villen eta Roannen. 2017ko abenduan egin zuen baldintzapean aske geratzeko eskaera; orain arteko hirugarrena. 2013an eta 2016an aurkeztu zituen aurrekoak, eta Frantziako justiziak biak baztertu zituen. Azken eskaera baztertzeko garaian, auzitegiak argudiatu zuen leporatzen zitzaizkion delituak berriz egiteko arriskua zuela, nahiz eta 2011. urteaz geroztik ETAk behin betiko eten zuen jardun armatua. Oraingoan, ordea, Beirieren alde egin du epaitegiak.

Baldintzapeko baimenak

Azken hilabetean, Frantziak hainbatetan egin du euskal presoak baldintzapean aske geratzeko eskaeren alde. Besteak beste, Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske utziko ote duten deliberatuko du epaitegiak datorren asteazkenean, hilaren 24an. Joan den maiatzaren 16an atxilotu zuten Urrutikoetxea, Sallanchesen (Frantzia), eta Dei Auzitegiko epaileek onartu zuten kontrol judizialpean aske uztea, baina artean kartzelan zela atxilotu zuten, berriro, Espainiaren eskaera bat tarteko.

Xistor Haranburu ere baldintzapean aske utzi zuen Parisko Auzitegiak joan den astean, baina, prokuradoreak helegitea jarrita, espetxean segituko du Haranburuk. 30 urte egin ditu kartzelan, eta, egun, Lannemezanen (Okzitania) dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.