«Hilabeteak pasatu izan ditut gauean negarrez; leihotik begiratu, eta argirik gabe ikusten nituen leihoak, eta ni esna». Horiek Pili Santidrianen hitzak dira; 63 urte ditu, eta 38 urte daramatza insomnioarekin. Pisutsua egiten zaio gaua, eta lorik egin gabe egunari aurre egin behar izatea. Sara Palomino,berriz, insomnioa izaten hasi berri da; zazpi hilabete daramatza: «Ohera sartzen naiz, eta, nekatuta egon arren, ezin dut lorik hartu. Bat, bi edo hiru orduz egin dut lo gau batzuetan, eta gero egunak korapilatu egiten dira». Atzo Loaren Nazioarteko Eguna izan zen.
Arabako Erakunde Sanitario Integratu ESIko Loaren Unitateko neurofisiologo Salvador Delisen arabera, herritarren %30ek pairatzen dute insomnioa. Polisomnografiaren bidez aztertzen dute loa, batez ere. Proba horren bidez, garuneko jarduerak eta arnasketa aztertzen dira, besteak beste. Bilakaera ospitalean aztertzen da, gauez. Dalisen arabera, proba egiteko era «aurkakoa» egiten zaie maiz pazienteei, ospitalean lo egin behar dutelako, kablez josita. Gainera, «mugatuta»daude: «Ez da lo egiteko eremurik naturalena eta erosoena». Haatik, ikerketa horiek etxean egiteko moduak aztertzen ari dira orain.
Osasunean loa «oinarrizkoa» dela nabarmendu du Delisek, besteak beste egunean jasotako informazioa eta emozioak erregulatzen dituelako, eta gorputzerako eta burmuinerako indarberritzailea delako. «Zazpi edo zortzi ordu lo egitea gomendatzen dugu; hala ere, beharrak indibidualak dira», azaldu du. Eta lar kezkatzea ere ez da komeni. Neurofisiologoaren hitzetan, loa aztertzen duten gailu elektronikoak badira merkatuan —profesionalen artarik gabe erabiltzea ez da komeni—; jende askok jotzen du horietara, eta «gehiegizko kezka» eragiten dute sarri: «Jende asko dago obsesionatuta loaren kantitatearekin eta kalitatearekin».
Lo hartu ezina zama bat da sarri. Esaterako, Palominorentzat lo egitea «beste lan bat» da: «Ezintasuna eta nekea sentitzen ditut. Gainera, sentitzen dut atseden hartu behar dudala, betebehar hori dudala. Beraz, beste presio bat da». Horrexek okerrago lo egitea dakar. Gaua okertzen bada, eguna «zamatsuagoa» egiten zaio: «Izaera okertu egiten da, eta minberatu».
Irtenbide bila
Santidriana 07:00etan esnatzen zen garai batean, eta goiz esnatzeko garaiz lokartu nahi izateak «urduriago» jartzen zuen oraindik: «Gauean ohera joateak larritu egiten ninduen, banekielako ez nuela lorik egingo». Horren ondorioz, bi edo hiru orduz lo hartu ezinik egoten zen; ohean bueltaka, infusio bat hartzen, edo leihotik begira.
Lehen mailako arretako medikuek pazienteak artatu eta, horren arabera, espezialistengana zuzentzen dituzte. Delisen arabera, artatzen dituztenen %90 familia medikuek bideratuta datoz. Behin insomnioa artatuta, hari aurre egiteko, terapia kognitibo-konduktuala erabiltzen dute. Delisen arabera, «eraginkorrena» horixe izaten da. Taldeka egiten du terapia, eta, besteak beste, loaren inguruan ikasi, pentsamendu negatiboak uxatzeko teknikak landu, erlaxazio teknikak ikasi eta loaren inguruko berrikasketak egiten dituzte.
Insomnioa kudeatzeko, medikuarenera joan zen Santidriana, eta Orfidal —erlaxatzaile muskular bat— eman zioten:«Hasieran eragina sumatzen duzu, baina gerora ez zidan laguntzen; gaur egun nire gorputzak errefusatu egiten du». Horrez gain, bestelako gauzak ere probatu ditu. Hala nola melatonina, bitaminak, akupuntura, homeopatia, kiropraktika, tai txia eta yoga. Tai txiak «nahikotxo» lagundu dio: «Lasaitzen laguntzen dit. Azkenean, niregatik egiten dudan guztiak botika gutxiago hartzen laguntzen dit». Gauza asko probatua da,baina eragina izateari utzi zioten askok: «Egun batean laguntzen zidanak hurrengo egunean ez zidan laguntzen».
Ez da bide asko probatu dituen bakarra. Palominok ere alternatibak bilatu ditu: loaren errutina, melatonina, argi urdinak kentzea, infusioak eta gelako tenperatura erregulatzea... Egoerak gaina hartzen zionez, medikuarenera joatea erabaki zuen, eta bentzodiazepina motako botika bat eman zioten: «Etsita nengoenez, konponbide bat behar nuen; banekien adabaki bat zela, eta ezin nuela botika denbora luzez hartu». Hain justu, menpekotasuna sentitzen hasi zen, eta uztea erabaki zuen:«Ikusi nuen min ematen zidan adabaki bat zela; ez zidan laguntzen, eta menpekotasuna eragiten zuen». Hilabete bat darama hartu gabe, eta hasieran abstinentzia sentitu zuela kontatu du: «Lehenengo bi asteak oso gogorrak izan ziren; ez nuen lorik egiten, oso nekatuta nengoen, eta zorabiatu egiten nintzen».
Bentzodiazepinak botika hipnotikoak dira, eta, Delis neurofisiologoaren arabera, «adabakiak» dira: «Tarte batean lagun dezakete, baina, insomnioa kronikoa denean, tolerantzia, menpekotasuna eta bestelako ondorio batzuk eragin ditzakete». Albo ondoriorik eragiten ez duen botika baten bila dabiltza.
Zaintza bidelagun
Osasun sisteman hutsuneak ikusidituzte bi pazienteek. «Ez dizkigute aukera naturalak eskaintzen. Ez dute aztertzen zer gertatzen ari den; zuzenean bentzodiazepina ematen dute», kritikatu du Palominok. Medikuak ez ziola laguntzen sentitu zuen Santidrianak ere: «Ez du arazoaren erroa bilatzen; ez daki zergatik ez dugun lo egiten, eta ez digu galdetzen».
Bestelako bideak bilatu dituzte beren burua zaintzeko. «Hobeto nago asko zaintzen dudalako neure burua; lagunekin hitz egin dudanez, zama kendu egin dut, eta psikologoak ere laguntzen dit», esan du Palominok. Santidrianek ere irtenbidea aurkitu du:«Nire garaian ez zizkiguten emozioak erakusten; horretan nabil. Neure burua entzun behar dut».
Lorik ezaren zama du goizak
Biztanleen %30i eragiten die insomnio kronikoak. Adituen arabera, terapia kognitibo-konduktuala da «eraginkorrena», eta botika hipnotikoak «adabakiak» dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu