Loteria tentazio

Gabonak heltzear daude, eta, haiekin batera, Eguberrietako loteria, bihar. Sozialki onartuta dago ausazko joko hori, eta garai zaila izaten da ludopatentzat.

Gabonetako loteria
Loteria dezimoak, artxiboko irudi batetik. MARISCAL / EFE
nerea intxausti
2023ko abenduaren 21a
05:00
Entzun

«Erosiko zenuen Gabonetako loteria, ezta?». «Ez». «Nola ezetz? Eta tokatzen bada, zer?». Ohiko elkarrizketa izaten da laneko, kirol elkarteko ala lagunarteko giroan, uda amaitu eta hurrengo hilabeteetan. Dezimoa erosi eta zenbaki «polita» eskuratzea izaten da asmoa, biharko zozketan diru kopuru handia lortzeko aukera gehiago izateko. Baina, ausazko jokoen mendekoak direnentzat edo izan direnentzat, gaixotasunari aurre egiteko garai zailak dira egun horren bueltakoak: oso joko zabaldua da, erostea eta partekatzea ohitura bihurtu da, eta horretara bultzatzen dute iragarkiek ere. 

Javier Cuevas boluntarioa da Bizkaiko Ekintza Aluviz elkartean, duela 23 urtetik. Ekintza Aluvizek lagundu egiten die ausazko jokoekiko eta substantziarik gabeko beste adikzioekiko mendekotasuna dutenei. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta Barakaldon dauka egoitza. Aurretik ludopata izandakoek lan egiten dute elkartean, boluntario gisa, haiek egon ziren egoera berean daudenei laguntzeko. Haietako bat da Cuevas. Orain 25 urte hasi zen haren eta ausazko jokoen arteko lotura, «ezustean», eta, orain, Ekintza Aluvizko zuzendaritza taldeko idazkaria da. 

Cuevasen esanetan, jokoarekin arazoak dituztenek egunero jasaten dituzte tentazioak, baina loteria erosteko «etengabeko sermoia» benetako sufrikarioa da batzuetan tratamenduan daudenentzat: «Ludopata batzuek gertukoei bakarrik esaten diete jokoarekin arazoak dituztela, baina ingurukoek loteria erostera bultzatzen dituzte».

Loteria ausazko joko bat denez gero, adikzio bihur daiteke. Pertsona batek ausazko jokoetan aritzeko sentitzen duen behar kontrolaezina da ludopatia, eta, portaera aldakor progresibo horretan, gutxietsi egiten du edozein ondorio negatibo. Adikzio bat da, substantziarik kontsumitzea behar ez duen mendekotasun bat. 

Cuevasen esperientziaren arabera, irabaztea da okerrena, «burua gehien nahasten dizuna». Dirua da jokatzen jarraitzeko bidea, eta horrek adoretzen du ludopata bat berriro apustu egitera; saria lortzean ere, diru horrekin berriro jokatzea da ohikoena. «Ez da arinkeria esatea jokatzen ari garenean denbora erosten ari garela: jokatzen jarraitzeko denbora». Gainera, uste okerrak sortzen dituela dio Cuevasek: «Diru erraza behin irabazi arren, ez duzu berriro irabaziko. Bik irabaziko dute dirua honetan: Espainiako Gobernuak, zergetatik; eta makinaren jabeak».

Jende askok ez du jokoekin edo mendekotasunarekin lotzen loteria. «Ez dut esango Gabonetako loteria ludopaten fabrika denik, baina dezente laguntzen du», aitortu du ludopata ohiak. Hego Euskal Herrian, Espainiako Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundeak saltzen ditu dezimoak. Ausazko jokoen operadore bat da, Espainiako Gobernuaren ardurapekoa eta Ogasun Ministerioari atxikia. Loteria saltzeko denda sare zabala du, eta joko pribatuak baino lege esparru onuragarriagoa, bai publizitateari eta bai fiskalitateari dagokienez. Iaz, Espainiako Ogasunak 129,6 milioi euro bildu zituen zergetan Gabonetako lehen sariarengatik. Espainiako loteria guztien artean, Gabonetakoa da fakturazio gehien biltzen duena: iaz 3.000 milioi euro izan ziren, operadorearen txostenaren arabera.

Garai berezian egiten da urteko zozketa nagusia, Gabonetan. «Estatuak festekin lotu nahi du zozketa hau, bakearekin, familiarekin, janari gozoarekin eta pozarekin. Sentiberatasunez betetako iragarki bat egiten dute, baina ez diote uzten jokoa bultzatzeari». Nabarmena da, bide batez, haurren protagonismoa, bai iragarkietan eta baita zozketa egiterakoan ere. Cuevasek salatu du Espainiako Gobernuak aldi berean sustatzen dituela, batetik, arriskua sor dezakeen jarduera bat, eta, bestetik, hura murrizteko arauak eta prebentzio neurriak. «Ez da batere erraza iragarki hauekin bizitzea, baina tratamenduaren beste parte bat dela pentsatu behar dugu, kalean baitaude eta beti egongo baitira», dio, etsita, boluntarioak. Ekintza Aluviz elkarteko boluntarioek ludopatiari buruzko informazioa sozializatu nahi dute, loteria sozializatu beharrean.  

Autodebekua

Zer egin dezake ludopata batek edo ludopata ohi batek Gabonetako loteriari begira? Ekintza Aluvizen iritziz, «oso aukera praktikoa da» Jokoa Debekatzeko Erregistro Orokorrean (RGIAJ) izena ematea. Erregistroaren zerrendan sartuz gero, sei hilabetez sarrera galarazia izaten dute eurek aukeratutako lokaletan. Elkartea 35 urtez aritu da lanean hori lortzeko. «Zeure burua babesteko neurri bat da», adierazi du Cuevasek. Oraingoz ez du eraginik loteriaren dezimo bat erosteko orduan, baina gero ez du uzten saria kobratzen; elkarteak loterian aplikatu nahi du erregistroa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.