LOMCE legea

Luis Larrañaga (Sohat-eko eleduna): "Gorputz hezkuntza baliabide egokia da ikasleen garapenerako"

gotzon hermosilla
2014ko apirilaren 27a
17:09
Entzun 00:00:0000:00:00

Luis Larrañaga (Azkoitia, Gipuzkoa, 1965) Sohat Soin Heziketaren Aldeko Taldeko bozeramailea da. Hezkuntza komunitateko irakasle eta gurasoek osatutako elkartea da Sohat, gorputz heziketaren garrantzia gizarteratu eta arlo horretan eragin nahi dituzten murrizketen kontra lanean aritzeko helburuz sortua.

LOMCE Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren zenbait atali "kritikagarri" eta "negatibo" irizten badio ere, gorputz hezkuntzaren arloan legean aurrerapausoak daudela uste du Larrañagak. Edozelan ere, aurrerapauso horiek ez dira oraingoz ordutegian islatzen, astean eman beharreko ordu kopurua finkatzea autonomia erkidegoen esku gelditzen delako. Horregatik, gorputz hezkuntzako irakasleen eskakizunak lortzeko aukera zabaltzen dela uste du Larrañagak, eta bide horretatik jotzea beharrezkoa begitantzen zaio: "Ez zait estrategia egokia iruditzen zain gelditzea ea Alderdi Popularrak hurrengo hauteskundeak galtzen dituen eta legea bertan behera gelditzen den".

Nolako berrikuntzak dakartza LOMCE legeak soin heziketaren arloan?

Edukien aldetik badago aldaketa. Ikasleek higiduraren arloko gaitasunak eskuratzea finkatzen da helburutzat, eta hor ezagutzak, prozedurak, jarrerak, emozioak eta abar integratzea proposatzen da. Pertsonaren osotasuna aintzat hartzen da, eta inteligentzia higiarazlea bultzatzen da. Inteligentzia higiarazle hori garatzeko, ikasleak egoeraz jabetu behar du, interpretatu, erabaki batzuk hartu, erabaki horien bidez ekin eta ondoren ebaluatu erabaki horiek onuragarriak izan diren ala ez. Ikuspegi aldaketa garrantzitsua da.

Beraz, balorazioa ona da.

Gorputz hezkuntzari dagokionez, legea ezin dugu gaizki baloratu. Jakina, beste zenbait ataletan oso lege kritikagarri eta negatibotzat jo daiteke.

Aldaketa hori ordu kopuruan islatuko da?

Legeak Madrilgo administrazioaren esku uzten du curriculuma diseinatzeko ardura nagusia, eta Madrilek finkatuko du ikasgai nagusien, hots, natur zientzia, giza zientzia, gaztelania, matematika eta ingelesaren gutxieneko ordu kopurua. Nik kalkulatzen dut astean bi ordu eta erdi eskainiko dizkiotela ikasgai bakoitzari. Euskara, berriz, konfigurazio autonomikoaren blokean sartuko litzateke, eta horren tratamenduak gaztelaniaren parekoa izan beharko luke; beraz, beste bi ordu eta erdi izango litzateke. Gero, legeak aukera ematen die eskuduntza hori duten erkidegoei enborreko ikasgai horiek osatzeko eta ikasgai espezifikoen edukiak eta ordutegiak zehazteko, eta hor gorputz heziketa sartzen da.

Zer esan nahi du horrek?

Soin heziketaren gutxieneko edo gehienezko ordutegia ez duela Madrilek zehaztuko, erkidegoek baizik. Beraz, aukera ezin hobea da 2012an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin zen eskaera, alderdi gehienek babestu zutena, aurrera ateratzeko: gorputz hezkuntzak gutxienez astean bi ordu edukitzea, alegia. Gure kasuan, Eusko Jaurlaritzaren esku dago erabaki nagusia.

Aspaldiko eskaera da hori, ezta?

2007an curriculum berria ezarri zenean, ikusi genuen gorputz hezkuntzak galera handia jasaten zuela 1996ko dekretutik, Lehen Hezkuntzan zein DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Lehen Hezkuntzan %40 murrizten zen, eta DBHn %38. Lehen ere, 1996ko dekretuaren garaian ikusten zen dekretuak berak finkatzen zituen helburu orokorrak eta konpetentziak lortzea ezinezkoa zela ordu kopuru horrekin; beraz, erokeria zen 2007an curriculuma helburu eta gaitasunen arloan aberastea eta ordu kopurua are gehiago murriztea.

Zein izan zen erantzuna?

Geure burua antolatzen hasi ginen, protesta egiten eta gizarteari zein administrazioari ikusarazten hori ez zela batere orekatua. 75.000 sinadura aurkeztu genituen Jaurlaritzaren egoitzan, greba deialdi bat egon zen, hezkuntza arloko eragile askoren babesa lortu genuen, eta kanpaina horren bukaera izan zen 2012ko otsailean legebiltzarrean egin genuen agerraldia. Gure proposamenak Hezkuntza Batzordearen gehiengoaren babesa izan bazuen ere, orduan ez zen aldaketarik egon; horregatik diot orain, LOMCE dela-eta dekretua aldatu behar bada, eskakizun hori behingoz gauzatzeko aukera aparta dagoela.

Zergatik da garrantzitsua gorputz hezkuntza?

Europako 2013ko txosten baten arabera, umeen %80k eskolan baino ez dute kirola edo ariketa fisikoa egiten. Horregatik, oso garrantzitsua da gorputz heziketa hezkuntzan txertatzea eta ez uztea eskolaz kanpoko ekintza gisa, horiek borondatezkoak direlako eta ordaindu egin behar direlako. Guk ikusten dugu ikasle askoren ohiturak oso sedentarioak direla eta esfortzu fisiko minimoa eskatzen duten jardueren aurrean ez dutela oso jarrera positiboa, baina hori, askotan, familiek duten bizitza estiloaren araberakoa izaten da. Herri batetik bestera gauzak asko aldatzen dira. Ni orain Donostian nago, eta hemen ikusi dut kirola edo ariketa fisikoren bat egiteko ohitura handia dagoela, baina beste ikastetxe batzuetan errealitatea guztiz bestelakoa da.

Beste arrazoirik ere ba al dago?

Hori osasunaren ikuspegitik, baina nik uste dut gorputz hezkuntza, kirola eta jolasa oso baliabide egokiak direla ikasleen garapen pertsonal eta soziala lortzeko. Gure arloan, arauen onarpenean, galtzen eta irabazten ikastean, taldeak osatzean eta abarretan pertsona bere osotasunean inplikatzen da, emozio eta sentimendu guztiekin. Ikasleek euren emozioak identifikatzen eta kudeatzen ikasteko sekulako lana dugu aurrean, eta lan horrek garrantzi handia du pertsona hobeak lortu eta gizarte hobea eraikitzeko. Beste ikasgai batzuetan zailagoa da emozio eta sentimenduen mundu horretaz hitz egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.