politika

Luis Mari Bandres euskaltzalea eta EAJko militante historikoa hil da

Gaixotasunaren ondorioz zendu da. Kultura arloan Jaurlaritzako sailburu eta Gipuzkoako diputatu izan zen. Ez Dok Amairu taldeko kide ere izan zen.

2009ko abenduaren 3a
14:43
Entzun
Luis Mari Bandres Unanue (Pasaia, Gipuzkoa; 1944) euskaltzalea eta EAJko militante historikoa hil da bart, gaixotasun baten ondorioz, alderdiko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo sailburu -Jose Antonio Ardanza zela lehendakari-, Gipuzkoako Euskara eta Kultura diputatu eta EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko kidea izan zen, besteak beste.

1965-1969 artean Donostian Ingeniari Tekniko Industrialeko Eskolako irakasle izan zen, OASAn ingeniari gisa lan egin zuen. 1970ko hamarkadan, euskara zientzia arloan erabiltzeko egokitzapen lanetan aritu zen eta unibertsitate ikasketak ofizialki euskaraz eman zituen lehen irakasleetako bat izan zen. Besteak beste, Udako Euskal Unibertsitateko kide eta irakasle ere izan zen hasiera-hasieratik.

Ez Dok Amairu taldeko partaidea izan zen, 1979-1985 artean UNED Bergarako (Gipuzkoa) unibertsitateko zuzendari, eta Elhuyar Zientzia Elkarteko zuzendaritza karguetan ere aritutakoa zen.

Orain gutxi arte, EHUko Kimika fakultatean eta Ingeniaritza Teknikoaren Unibertsitate Eskolan Elektrikari eta Antolaketa Komertzialeko irakasle izan zen. Euskal Idazleen Elkarteko, Aranzadi Zientzia Elkarteko, UZEIko eta Txistularien Elkarteko kide ere bazen.

Horrez gain, artikulugilea ere bazen; BERRIA eta Egunkaria-n idatzi zuen, esaterako. Irutxuloko Hitza Donostiako egunkarian ere iritzi artikuluak egin zituen, 2006ko irailetik.

BERRIAn idatzitako artikulu batzuk

- 2009ko hamabostaldia (2009-07-28)

- Bainuetxeak eta Donostiako La Perla (2009-07-12)

- Sebastian Iradier (2009-05-19)

- Ergelak (2008-10-21)

- Iruinseme (berezi) bat (2008-03-25)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.