EAJk, PSEk eta PPk adostu dute Manu Lezertua jurista izatea Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoa, baina EH Bildu ados egon ez, eta bere hautagaia proposatuko du Eusko Legebiltzarrean. Koalizioak jakinarazi duenez, Luix Barinagarrementeria abokatua izango da hautagaia. 47 urte ditu, eta Donostiakoa da. Euskalduna da, eta abokatu lanetan dihardu.
Eusko Legebiltzarreko 75 parlamentarietatik 45en babesa behar du gutxienik ararteko berriak Iñigo Lamarca karguan ordezkatzeko, eta hiru alderdiren babesa izanda, Lezertua izango da arartekoa.
EH Bilduko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak azaldu du koalizioak bi hautagaien agerraldia eskatuko duela legebiltzarrean. "Ararteko eredu berri bat" proposatu nahi du koalizioak, haren esanetan: "Herri Ararteko bat".