Ez da arazo teknikoa, ekonomikoa baizik». Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkatea kexu da, dirua baita Kamiñaldeko luiziak etxebizitzetan eragindako arazoa konpontzeko muga nagusia. Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin hainbat bilera egin ditu udalak; azkenean, lanak ordaintzeko modu bat proposatu zien. «Erakundeak martxo amaieran ziren erantzutekoak, baina oraindik ez dute ezer esan», adierazi du alkateak. BERRIAk galdetuta, proposamenari buruzko erabakirik ez dutela hartu berretsi dute diputazioak eta Jaurlaritzak.
2016ko martxo hasieran gertatu zen luizia Kamiñalde mendian: San Ignazio kaleko hainbat eraikin azpian hartu zituen lurrak. Arriskuaz ohartuta, 176 etxebizitza hustu zituzten. Urtebeteren ondoren, 84 familia etxetik kanpo daude oraindik: horietatik 40 inguru Alokabide programaren etxeetan daude; gainontzekoak, senide edo lagunenetan. Orain arte, Jaurlaritzak bi milioi euro eman ditu mendia konpontzeko; aldundiak, berriz, 1,5 milioi jarri ditu, eta Espainiako Gobernuak, 2,15. Baina diru premia handia da, oraindik ere: guztira hamazazpi milioi euro beharko zituztela jakinarazi zuen udalak iaz.
Kamiñaldeko mendia egonkortzeko egin behar dituzten obrek bost milioi euroren gastua izango dute denera. Jaurlaritzaren eta aldundiaren artean ordaintzea proposatu du Ondarroako alkateak. Udalak, berriz, lurren desjabetze eta etxeen konponketa gastuak hartuko lituzke bere gain, besteak beste.
Dagoeneko martxan da magala egonkortzeko lanen lehen fasea, larritzat izendatutakoa; hiruzpalau aste gehiago iraungo du. Amaitutakoan, bizilagun batzuk etxera itzuli ahalko dira, eta etxeak konpontzen hastea aurreikusi dute. «Lehenbizi, larrialdi lanen ordainketa kitatu behar da, eta, gero, premiazko lanak esleitu», zehaztu du Bedialaunetak.
«Bustitzeko» deia
Udalarentzat, ahalegin ekonomiko «handia» da, baina korapiloa «askatu» nahi dute, alkatearen arabera. Guztira, 3,5 milioi euro ordainduko ditu udalak; bi milioiko kreditua eskatu du, hamabost urtean ordaintzeko. Bere gain hartu du etxeak konpontzea, baita obrekin lotutako beste zenbait gastu ere: lurren desjabetzeak eta aldi baterako okupatzeak, materialak, kudeaketa... Horrez gain, Alokabideko etxebizitzak ere ordaintzen ari da; izan ere, lehen sei hilabeteen ostean, Kamiñaldeko bizilagunek alokairua ordaintzen hasi behar izan zuten.
Bedialaunetak gogora ekarri du udalaren aurtengo aurrekontuak ez direla hamar milioi eurora heldu: «Ezin gara %100 hipotekatu Kamiñalderekin; gure aurrekontuetarako diru asko da. Jaurlaritzak 11.000 milioi euroko aurrekontua onartu berri du; horren zati oso txikia litzateke hau. Orain arte, lagundu egin digute, baina dirua ez da nahikoa izan».
Horregatik, hurrengo asteetan ere Jaurlaritzarekin eta aldundiarekin harremanetan jarraituko du udalak, eta hiruren arteko adostasuna lortzen saiatuko da. «Akordio ekonomiko bat adosteko lanean jarraituko dugu».
Bitartean, herrian «tentsioa» nabari dela aitortu du alkateak. «Kaltea jasandakoek ezinegona eta antsietatea daukate. Hasieran, erakundeen konpromiso eta berba politak izan ziren, baina urtebete pasatu da, eta gauzak ez dira orduan planteatu zituzten modukoak». Uste du egoera luzatzen ari dela, eta «bustitzeko» eskatu die beste bi erakundeei.
Pazientzia galduta
Izan ere, Kamiñaldeko bizilagunak «pazientzia galduta» daude. Goizane Zabala Arrizabalaga bozeramaileak salatu duenez, iragan abuztutik daude Jaurlaritzak eta aldundiak zer esango zain. «Abuztuaren 16an izan zuten erakunde arteko mahaia. Esan zuten akordioak egingo zituztela, eta harrezkero zain gaude».
Gorriz jantzita, kaltea jasandakoek hilero elkarretaratzeak egiten dituzte, hilaren 8aren inguruko zapatuan —iazko martxoaren 8an irten behar izan zuten etxetik—. «Elkartzen gara, batez ere, gogorarazteko kalean gaudela», azaldu du Zabalak. Etxetik kanpo egotea espero zuten, lanak «handiak» izango zirelako, baina ez zuten uste finantzaketa faltagatik izango zenik: «Abuztuan bezala, gaur ere erakundeei eskatzen diegu euren konpromisoak betetzeko, eta bidea egiteko denak etxera itzul gaitezen segurtasunez».
Luizi ondorena pagatu ezinik
Urtebeteren ondoren, Kamiñaldeko mendi magala konpondu gabe dago oraindik. 84 familia etxetik kanpo daude, premiazko lanak egin bitartean. Dirua behar duela dio udalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu