Lurperatutako karbono dioxidoa harri bihurtzea lortu dute lehen aldiz

Islandiako planta esperimental batean erdietsi dute. Berotze globalari aurre egiten lagun dezakeela adierazi dute. Euskal Herritik 50 bat kilometrora, martxan dago antzeko esperimentu bat

Sandra Snaebjornsdottir ikertzailea, lortu duten materiala erakusten. KEVIN KRAJICK/LAMONT-DOHERTY EARTH OBSERVATORY.
Juanma Gallego.
2016ko ekainaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Islandiako lur azpian artifizialki lurperatutako karbono dioxidoaren %95 harri bilakatzea lortu du nazioarteko zientzialari talde batek, Science aldizkarian asteon argitaratutako ikerketa baten arabera. Bi urtean baino gutxiagoan bilakatu da mineral edo karbonato lurpean gordetako karbono hori, orain arte horretarako ehunka urte beharrezkoak zirela uste bazen ere.

Reykjavik, Islandiako hiriburua, elektrizitatez hornitzen duen Hellisheidiko zentral geotermikoan sortutako gasak erabili dituzte esperimenturako. Zentral horrek sumendietako beroa erabiltzen du energia lortzeko, baina bidean karbono dioxidoa (CO2) eta azido sulfhidrikoa ere (H2S) sortzen ditu. Gas horiek urarekin nahastu ondoren, 400 eta 800 metro sakon injektatu dituzte, basaltoz osatutako geruza batean. Prozesua benetan gauzatu dela ziurtatzeko, putzuak eta uraren karbono isotopoetan izandako aldaketak aztertu dituzte.

Gizakiak isuritako karbono dioxidoa lurperatzeko ideia aspaldikoa da, eta martxan da leku askotan. Gehienetan, petrolio ustiaketa hobetzeko erabili izan da; baina, azken urteetan, geoingeniaritzari lotutako proiektuetan erabili da, batez ere. Horien asmoa berotze efektua gutxitzea da, gizakiak isuritako karbono dioxidoa, atmosferara bidali beharrean, lurpera eramateko. Karbonoaren harrapaketa eta biltegiratzea deritzo teknika horri, baina karbonoaren bahiketa ere esaten zaio.

2012an hasi zen CarbFix izeneko esperimentua. Hasierako lehen zantzu positiboak ikusita, 2014tik aurrera 5.000 tona CO2 lurperatu dituzte urte bakoitzeko. Uda honetatik aurrera lurperatutako karbono kopurua bikoiztuko dute.

Gakoa basaltoan dago, Southamptongo Unibertsitateko ikertzaile Juerg Matterrek azaldutakoaren arabera. «Harri bolkaniko hau iragazkorra eta porotsua da, eta kontinente guztietan aurkitu daiteke: Ameriketako Estatu Batuetako ipar-mendebaldean eta hego-ekialdean, Indiako Dekkan lurraldean, Italiako Apeninoetan, Errusian, Hegoamerikan eta Australian, besteak beste». Ozeanoetako zoru gehiena basaltoz osatuta dago.

«Funtsean, karbonoa berriro ere kareharri bilakatzen da», nabarmendu du adituak. «Uretan disolbatutako karbono dioxidoak azido karbonikoa sortzen du, eta azido horrek basaltozko arrokan egon ohi den kaltzioaren eta magnesio silikatoen kontzentrazioa eragiten du».

Arrisku «gutxienekoa»

Prozesu hau ekonomikoki eusteko modukoa izan daitekeela uste du Matrerrek. «CO2 tona bakoitzeko 17 dolar xahutzen direla kalkulatu dugu». Haren arabera, nazioartean klima aldaketari aurre egiteko sinatutako hitzarmenen ondoren, karbono dioxidoa isurtzeagatik ordaindu behar bada, bideragarria izango da hori lurpean gordetzea.

Egon litezkeen arriskuez galdetuta, irmo azaldu da Matter. «Gure biltegiratze teknikaren arriskua, luzera begira ere, gutxienekoa da. Ingurumenari kalterik egiten ez dioten mineral bihurtzen ditugu CO2 isurketak».

Gure artean horrelako proiekturik egin ez bada ere, Euskal Herritik 50 bat kilometrora martxan da karbonoa bahitzeko beste esperimentu bat. Ciuden fundazioak horretara bideratutako planta bat du Hontomin udalerrian (Burgos, Espainia). Lehen injekzioak 2014an hasi ziren, eta ehunka karbono tona lurperatu zituzten. Fundazioko bozeramaile batek adierazi zuenez, baina, horien inguruko xehetasun gehiagorik ez zuten eman orduan. Bi urte pasatuta, proiektua zinetan kinka larrian dago, finantzaketa arazoak direla eta.

Hontomingo lurpeko arrokak ikertu ditu Aberdeengo Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaile Juan Alcaldek. Geologo horiproiektuaren segurtasunaz mintzatu da.

«Duela urte asko erabiltzen da teknologia hau mundu osoan petrolioaren berreskurapena hobetzeko, eta teknologia segurua da», nabarmendu du.

Alcaldek adierazi duenez, Karbono dioxidoa lurpean aurkitu daiteke era naturalean, hala nola ura, petrolioa, metanoa eta antzeko beste fluido batzuen antzera.

Hontominen biltegiratzea karbonatoetan egiten da, batez ere kaltzitan, ohikoena areetan egitea bada ere. Alde horretatik, egitasmo aitzindaria da. Adituak azpimarratu du teknologia horrek ez duela zerikusirik fracking edo haustura hidraulikoarekin: «Jende askok uste badu ere gauza bera direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.