Egunez egun datuei begira aritzeak batzutan ez du laguntzen behar besteko ikuspegia izaten, batez ere zenbakiak txikiak direnean. Tragediaren tamaina ezkutatzea ekar dezake. Gaur hilabete bete dira Euskal Herrian lehen pertsona hil zela koronabirusaren gaitzarekin. Hiru hilabete hauetan, guztira, 2.086 pertsona hil dira COVID-19arekin gaixoturik, datu ofizialen arabera. Eta baliteke gehiago izatea, erregistro zibiletako datuek iradokitzen duten bezala. Hondamendiaren neurria, beraz, ez da bistatik galdu behar.
Gaur beste zortzi hildako zenbatu dituzte, denak EAEn. PCR proben bidez, beste bederatzi kasu atzeman dituzte: hiru Araban, bi Bizkaian eta lau Nafarroan. Hiru gaixo ospitaleratu behar izan dituzte (hiruak EAEn). Zaintza intentsiboetako unitateetan 32 pertsona daude, atzo baino hiru gutxiago.
Mugaz gaindi. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugaren auziarekin ere iritsi da kontraesana Espainiako Gobernura. Lehenik, Industria, Merkataritza eta Turismo ministroak ekainaren 22an muga zabal daitekeela aipatu du goizean, alarma egoeraren amaierarekin batera. Bi ordu beranduago, ministroak esandakoa zuzendu du Moncloak: "nazioarteko mugikortasun segurua" uztailaren 1etik aurrera zabalduko dute. Adi berean, Nafarroako Parlamentuak mugaz bi aldeetako joan etorriak errazteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Geroa Baik aurkeztu du eskaera, eta talde guztiek babestu dute. Nafarroako herritarrek mugaz bestaldean harreman pertsonal, komertzial eta kulturalak izatea izan da eskaeraren argudioetako bat. Alabaina, Nafarroako Parlamentuak ez du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekiko mugikortasuna errazteko eskaerarik.
Maskarak. Zorigaitza aukera bihurtuta, maskaren ekoizpenari heldu diote hainbat enpresak, tartean Mondragon taldeko enpresa bat. Bexen Medicalek 20 milioi maskara egingo ditu hilean, Etxebarriko plantan.
OCU kontsumitsaile elkarteak kanpaina bat abiatu maskarak doan bana daitezela eskatzeko. Kalkulatu dutenez, familia bakoitzak 110 euro gastatzen ditu hilean maskaratan.
Agian honek ere merezi du
Zientzia-zabaltzaileak. Zientzia eta zuhurtzia oinarri hartuta lanean ari dira Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea eta Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakaslea. Zientzia-zabaltzaileen lana egiten ari dira COVID-19aren izurriaren aurrean. Beren esperientziaren berri eman dute Galarragak eta Basarasek, Jakes Goikoetxea kazetariak eginiko elkarrizketan. Ardura handia sentitu dute beren lana egitean, jakin-min eta ziurtasun eskaera handia izan delako, eta, aldi berean, gaitzaren inguruan ezjakintasun handia. Agintarien jokabidea eta datuen interpretazioa ere aipagai izan dituzte.
Zuzeneko emanaldiak. Kulturgileek onartzen dute uda honetako emanaldiak ez direla izango orain artekoak bezalakoak, baina uste dute kultur programa alternatibo bat egingarria eta beharrezkoa dela. Baina arazo handi bat dute: ez dago jarraibide komunik administrazio guztien artean. Jarraibide argiak eskatu dituzte zuzeneko arteen sektorean aritzen diren hamar elkartek.
Oharra: koronabirusaren krisiari buruzko eguneko laburpena zure posta elektrinikoan jaso nahi baduzu, harpidetu buletinera.