Noiz sortua: 2020-06-04 00:30:00

Koronabirusa. Ana Galarraga eta Miren Basaras. Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea eta EHUko irakaslea

«Zabaltzen jarraitu behar dugu ez dakigula benetan zer gertatuko den»

Asko dakite SARS-CoV-2 birusari eta COVID-19aren izurriteari buruz, baina, asko jakinda ere, zuhurtziaz jokatzen dute, ez baitakite zer gertatuko den epe laburrean eta luzera begira. Bideoa, elkarrizketaren barruan.
Miren Basaras eta Ana Galarraga, Derion egindako elkarrizketan.
Miren Basaras eta Ana Galarraga, Derion egindako elkarrizketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2020ko ekainak 4

SARS-CoV-2 birusak eta COVID-19aren izurriteak kolokan jarri dute mundua. Birus berria, arazo berriak, galdera berriak. Galdera gehiago erantzunak baino. Zalantzen ozeano horretan nabigatzea egokitzen ari zaie Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileari (Zarautz, Gipuzkoa, 1970) eta Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleari (Derio, Bizkaia, 1968). Erreferentzia bihurtu dira, bai eskaintzen duten informazioagatik, bai ertz ezberdinak jorratzeko duten joeragatik, eta baita haien mezuen zuhurtziagatik ere.

Bi hilabete egin dituzte BERRIAn txandaka zutabeak idazten, irakurleei birusaz, izurriteaz eta ondorioez jakin dena eta ez dena argitzen. Erronka izan da bientzat, eta gustura daude egindako lanarekin.

BERRIAn ez ezik, hainbat komunikabidetan kolaboratzen duzue, birusaren eta izurritearen ikuspegi zientifikoa emanez. Erreferentzia bihurtu zarete. Hala sentitzen duzue?

ANA GALARRAGA: Bai. Gainera, bilatutako zerbait da. Elhuyarren helburua da zientzia gizarteratzea, gizarte kritiko eta ahaldundu bat lortzen laguntzeko. Gure lana da jendeari gakoak eskaintzea, egoera hobeto ulertzeko, ikuspegi zientifiko batetik. Sutan probatzen da eltzea, eta uste dut momentu hori tokatu dela: horri erantzuteko ahaleginaren fruitua da orain egiten ari garena.

MIREN BASARAS: Oraingoz ez naiz jabetzen erreferentzia naizenik. Egia da komunikabideek deitzen didatenean pentsatzen dudala beharbada izango dela ondo samar komunikatzen dudalako.

Ziurtasun gutxi eta zalantza asko. Zuen iritzietan, mezua eta tonua neurtzeko ahalegin bat nabari da, zuhurtasunerako joera.

GALARRAGA: Baina ez koronabirusaren kasuan bakarrik. Zientziaren beraren baitan dago: zuhurtzia oinarri-oinarrizkoa da. Kasu honetan, ordea, jendeak erantzun zuriak edo beltzak nahi ditu; baina batzuetan esan behar da ez dela posible, oraindik ez baitakigu. Ez dakigu erantzun hori etorriko den ere. Gainera, hau guztia oso dinamikoa izan da.

BASARAS: Ikerketen eraginez, aldatuz doa. Koronabirusaren kasuan ikusi dugu lehen egunetatik zenbat aldatu diren hainbat gauza: nola transmititzen den, asintomatikoek zer garrantzi duten... Horregatik, zuhurtziaz jokatu behar da beti. Horrelakoa da zientzia.

Ez da konplexurik izan behar onartzeko gauza batzuk ez dakizkigula.

GALARRAGA: Alderantziz. Horrela behar du. Birusa erabat berria da, eta ezinezkoa da jakitea zer gertatuko den, gertatu arte eta kasuak izan arte.

BASARAS: Ezjakintasuna handia da oraingoz. Horrela hartu behar dugu, zientzia horrelakoa delako.

Zer sentitzen duzue zuen jarduerek zientzia dibulgazioak eta mikrobiologiak hartu duten garrantzi eta oihartzun publikoa ikusita?

GALARRAGA: Ardura handia, jendea kezkatuta dagoen garai batean segurtasuna eman behar duzulako eta nolabait lagundu behar duzulako baretzen, egoeraren neurria emateko. Jendearen kezka ulertuta ere, ezin duzu esperantza faltsurik eman. Aspalditik esaten genuen garrantzitsua zela zientzian pixka bat jantzita egotea, eta zientzia gizarteratzeak oinarrizkoa eta zaindu beharrekoa izan behar duela. Orain agerian geratu da. Arduraz gain, asebetetasun handia ere sentitzen dut.

BASARAS: Nik ardura, eta baita errespetua ere, publikoki azaltzeko. Entzuten zaituen jende asko dagoelako eta mezuek argiak izan behar dutelako, ulerkorrak.

Izan al duzue erru sentipenik halako egoera gordin batean zuen lanarekin gozatzeagatik?

GALARRAGA: Errua ez, baina zuritu egin behar izan dut alderdi profesionaletik hau zirraragarria dela.

BASARAS: Errua ez. Gehiago izan da ikusi dugula ailegatu dela duela hainbat urte esaten genuena: mikroorganismoak oso garrantzitsuak direla eta agian pandemia baten aurrean egongo ginela. Zoritxarrez, sekulako kezka eta hildakoak eragiten ari da.

GALARRAGA: Modurik okerrena da jabetzeko benetan merezi duela arlo horiei garrantzia emateak.

Koronabirusari buruzko ikerketetan arrantza egiten duzuenean, zer irizpide erabiltzen dituzue batzuei kasu egiteko eta beste batzuei ez?

GALARRAGA: Ia beti bezala, zerbait oso berezia bada, ondo frogatuta egon behar du: baieztapen sendoek ebidentzia sendoak behar dituzte. Atentzioa asko ematen badit eta asko urruntzen bada besteek esaten dutenetik, berrogeialdian jartzen dut. Itxaron egiten dut ea beste norbaitek ere bat egiten duen horrekin. Askotan ez da egokia informazioa azkarregi ematea.

BASARAS: Pandemia honetan, hasieratik ikerketa asko egin da, eta dena argitaratu da. Argitaratutako askok ez du parekoen azterketarik. Beraz, zuhurtziaz jokatu behar da. Gainera, paziente oso gutxirekin ere ikertu da.

Damutzen zarete esandako zerbaitez?

GALARRAGA: Ez. Nire beldur eta min handiena izango litzateke ez izatea errespetu nahikoa hildakoak gertu izan dituztenekin edo izurriteagatik benetan sufritu dutenekin. Ez dut uste gertatu denik.

BASARAS: Ni, damutzekotan, agian hasieran lasaitasun mezua eman izanaz damutzen naiz, eta zorrotzagoa izan ez izanaz. Hasieratik esan behar nuen benetan kezkatu behar genuela, garrantzitsua zela, maskarak erabili behar genituela, distantzia zaindu behar genuela...

Gobernu batzuek zientzialariak jarri dituzte lehen lerroan, azalpenak ematen. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez. Aldatu beharko lukete hori?

GALARRAGA: Bai, ez dut zalantzarik. Gainera, garbi ikusten da gauzak garbi azaltzen baldin bazaizkie herritarrek hobeto betetzen dituztela arauak eta jokabide zuhurragoak eta egokiagoak hartzen dituztela. Ondo azaltzeko, oso garrantzitsua da ematen dituzun jarraibideen oinarriak ondo ulertzea. Ezin badu agintariak egin —denok ez daukagu Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren prestakuntza—, orduan, komunikazio arduraduna zientzialaria bada, bermatuko duzu alderdi hori. Funtsezkoa da. Oraindik ez gabiltza berandu, ze hau pixka baterako izango da, eta jendearen portaera gakoa izango da.

BASARAS: Nik ikusi izan dut, bai, bereziki Eusko Jaurlaritzaren kasuan, beranduegi atera dela azalpenak ematera. Hasieran, ezkutatuta zeuden, ez zen inor ateratzen. Gizarteak jakin nahi zuen, baina nori galdetu behar zion? Nork esan behar zizkion esan beharrekoak? Mezu argiak zabaldu behar dira: zer egin... Hori guztia hasieran ez da egin. Zientzialariak egoteak lagunduko luke. Gogoan dut Merkel agertu zenean kutsatuen kopuruaren kurbari buruz hitz egiten jende guztiak ulertu zuela zein zen arriskua. Agian hemen ez dute prestakuntza hori, baina badaude aholkulariak.

GALARRAGA: Gero, herritarrei ezin dizkiezu portaera batzuk eskatu zuk ez badituzu arau eta jarraibide egokiak eta koherenteak eman. Argiak, garbiak eta arrazoituak izan behar dute. Horretarako, zein hobeto benetan arau horiek zergatik diren ulertzen duena baino? Hutsune ikaragarria dago, baina garaiz gabiltza.

Gardentasuna falta izan dela iruditzen zaizue? Ez al dituzte erakutsi behar erabaki batzuk justifikatzen eta arrazoitzen dituzten datuak eta aurreikuspenak?

GALARRAGA: Nik gardentasuna eskertuko nuke, adibidez, zenbakietan. Onartezina iruditzen zait Bizkaiko diputatu nagusia [Unai Rementeria] agertzea esanez ez duela emango zahar etxeetan hildakoen kopurua ia bukatu arte, eta hilabeteko datuak emango dituela. Onartezina da. Uste dut bestela ez dutela izan benetako estrategiarik. Benetan oso lan zaila tokatu zaie, ez dut uste asmo txarrik egon denik, ez dut uste inor hain gaiztoa denik asmo txarrez jokatzeko; baina datuak ezkutatzea ezin da onartu.

BASARAS: Lan zaila tokatu zaie, argi dago; inork ez zuen espero honek horrelako neurria izango zuenik. Egunez egun aurre egitea zaila da, baina gardentasuna behar da: alde batetik, datuetan; bestetik, niri dagokidan unibertsitatean [EHU], adibidez, testen inguruan. Testekin sekulako iskanbila sortu zen, eta hor jarraitzen du. Unibertsitatean prest geunden apirilaren hasieran testak egiteko. Garai hartan, EAEn oso test gutxi egiten ziren. Gero gehiago egin dira. Justu egoera edo epe horretan konfinamenduan geunden, eta orduan zegoen kasu gehien. Hor bai, gardentasun falta itzela ikusi dut.

Falta izan da agintariek beren mugak eta ezinak natural onartzea eta agertzea ere?

GALARRAGA: Bai. Egon da terrenoa markatu nahi izatea ere. Egitea zerbait Espainiak esan ez duena: adibidez, fase aldaketetan araua berregokitzea, zergatik ondo jakin gabe. Zure ukitua emateko, esateko «Begira, hemen guk agintzen dugu». Horrelako gauza batzuk ikuspegi zientifikotik ulertzeko oso zailak izan dira, eta ez zeukaten inolako zuribiderik.

BASARAS: Naturaltasuna falta izan da, esaterako, maskarei buruz ere. Bagenekien ia-ia hasieratik derrigorrezkoak zirela. Zer hobeto esatea derrigorrezkoak direla, baina ez daudela: saiatzen ari zarela erosten, egiten... baina ez daudela guztientzat. Naturaltasun hori, segur aski, askoz ere argiagoa izango zen gizartearentzat, eta denok ulertuko genuen.

GALARRAGA: Mezu kontraesankorrak sortzea zeure buruaren kontra doa. Jarrera ere oso goitik beherakoa izan da, kazetariei ia errieta egiten, eta ez du laguntzen.

Komunikabideon eskaintza asko zentratu da datuetan. Datu horiek ez al dute ezkutatu errealitatearen gordintasuna?

GALARRAGA: Bai. Are gehiago, egun bateko datuetan tematzeak ez dauka zentzu handirik: ez dizu ematen informazio askorik. Bilakaera ikusi behar da. Eta zenbakietan tematzeak, era berean, pertsonez ahaztea ere badakar.

Alde horretatik, aztertzen ari dira, adibidez, ikuspegi psikologikotik nola eragin duen. Lehentasuna eman zaio osasun fisikoari, baina soziala eta batez ere psikologikoa ahaztu egin dira, bigarren mailan geratu dira. Horrek ondorioak izango ditu, eta orain horri guztiari egin beharko zaio aurre. Zenbakiek ezkutatu egiten dute pertsonen bizipena.

BASARAS: Hildakoen kopuruak, esaterako. Hiru hilabete eskasean 2.000 pertsona baino gehiago hil dira gaixotasun batengatik. Kopuru itzela da. Orain entzuten dugu sei pertsona hil direla, bost hil direla... Badirudi ez direla hainbeste, baina itzela da. Pentsatu behar dugu Euskal Herrian 2.000 pertsona hiltzeko zenbat hegazkin erori behar diren. Zenbat auto istripu egon behar diren. Asko, eta oso epe laburrean. Itzela da.

Alarma egoera arintzen ari da, lehengo bizimodura itzultzeko ahalegin bat dago... Egunotako zenbait jarrera ikusita, jendea jabetzen da benetako arriskuaz?

GALARRAGA: Ulertu behar da jendeak benetako gogoa edukitzea orria pasatzeko. Oso geurea da: osasun mentalerako ona da ihesbide bat ematea ere. Okerrena da era bateko ihesbidea bultzatzen ari direla. Amorru pixka bat ematen dit entzuteak «Begira, jendea terrazetan». Baina zer aukera eman dira etxetik ateratzeko, ez bada terrazetara joatea? Bidegabea iruditzen zait jendearengan jartzea ardura guztia, aldi berean indar pila bat egiten baita horretara bultzatzeko.

BASARAS: Lasaitasun puntu bat badago. Zergatik? Datuak hobetzen ari direlako eta badirudielako ez direla hainbeste. Eguraldi ona egiten du, uda iristen ari da, jendeak atera egin nahi du; baina zabaltzen jarraitu behar dugu benetan ez dakigula zer gertatuko den.

GALARRAGA: Orain, agian, portaeraren zientzietako adituak behar dira, ulertzeko zein den gizartearen egoera emozionala une honetan, eta gako batzuk eta helduleku batzuk emateko hau bideratzeko, berriro ere geure burua arriskuan ez jartzeko.

Udazkenean baliteke bigarren olatua etortzea; edo ez.

GALARRAGA: Hori zabaldu da, baina ez daukagu inolako arrazoirik pentsatzeko beste olatu bat etorriko denik urrian edo uztailean. Turismoa bultzatzen bada, ateak irekitzen badira eta, adibidez, eragin handiagoa izan duen lekuetako jendea hain gogor jo ez duen lekuetara joaten bada, hor arrisku bat sortzen ari gara, uztailean. Zergatik? Komeni delako turismoa bultzatzea.

BASARAS: Egia da, era berean, entzun izan ditugula aditu batzuk edo pertsona batzuk aditu moduan esaten ziurrenik udan ez dela egongo kasurik. Nola esan dezakete hori?

GALARRAGA: Eguraldiagatik ez da: ikusten ari gara zer gertatzen ari den Brasilen.

BASARAS: Epidemia batean egongo bagina, hori izango litzateke koronabirusaren joera normala; baina ez gaude epidemia batean, pandemia batean baizik. Ez dakigu zer gertatuko den. Garrantzitsua da denbora guztian epidemiologiari adi egotea.

GALARRAGA: Horretarako baliabideak behar dira. Orain, adibidez, lehen arretako zentroetan daukate ardura hori. Eta lehen arretako zentroetan orain hasiko dira koronabirusagatik etenda geratu ziren ohiko gaixotasunen jarraipenaren eta arretaren ondorioak. Gainkarga bat egoteko arriskua dago.

BASARAS: Olatu hori, berpizte hori, ez dakigu noiz izango den. Argi dago egongo direla kasu berriak, lokalagoak izango dira, eta ikasi dugun honek lagundu behar digu kasu berriekin arin jokatzen. Ikasi egin dugu, eta espero dugu ikasitakoa martxan jartzea, eta horrela egotea denbora guztian birusa kontrolatu arte.

Ikasitako horretatik zer nabarmenduko zenukete? Zerbait aldatuko da?

GALARRAGA: Ez naiz batere baikorra. Joera izugarria daukagu, historiara begiratuta, lezioak ahazteko. Epe motzean pentsatzen dut baietz, eutsiko diogula tentsioari.

BASARAS: Ziur asko, aldaketa garrantzitsu bat izango da, eta ni poztu egingo naiz: espero dut udazken-negu hauetan jende askok hartzea, esate baterako, gripearen kontrako txertoa, orain arteko kopuruak nahiko apalak dira eta.

Zientzia, zientzialariak, zientzia dibulgatzaileak... protagonista bihurtu zarete. Hau guztia gainditzen denean, zientzia berriro ahaztuta geratuko da?

GALARRAGA: Ez dut uste sistema asko hobetuko denik. Gainera, are okerrago, joera egongo da ez zientzia sistema hobetzeko, baizik eta indartzeko hain justu gertatzen ari denari erantzuten ari zaion arloa; baina gainerakoei inbertsioa kenduta.

BASARAS: Egia da diru inbertsio nabarmena eman zaiola gaixotasun hau ikertzeari, baina beste arlo asko daude, eta hor geratu dira. Jendea enpresetara eta leku askotara joan ahal da, baina ikerkuntza laborategietara oraindik ez. Ikerketa geldituta dago urtarriletik. Eta etorkizunean? Ahaztu egiten zaigu. Hori gertatu zen 2003an, SARS birusarekin: ikerketa asko egin zen txerto bat bilatzeko, baina gaitza desagertu egin zen, eta hor geratu zen ikerketa guztia.

GALARRAGA: Ados nago. Hain justu SARSa ikertu zutenek eta txerto bat bilatzen ari zirenek, orain, koronabirus honen kontrako txertoa bilatzen hasi direnean, esaten dute: «Pentsa zenbat denbora galdu dugun. Orduan ari ginen, eta orduan egindako lanak balio digu, baina jarraitu izan bagenu, jada eginda edukiko genuke bidearen erdia baino gehiago».

BASARAS: Argi dago zoonosiak [animalietatik gizakietara pasatutako gaixotasunak] oso garrantzitsuak direla, birus eta gaixotasun berri ia guztiak zoonotikoak direla. Hor badago ikerketa handi bat egin behar den esparru bat, eta, horretarako, dirua behar da.

GALARRAGA: Zientzian inbertsio handiagoa, zientziaren komunikazioari garrantzia handiagoa... Futbol denboraldia hasten denean ni ez naiz agertuko inon.

Kontua ez da horrenbeste jendeak zientziaz jakitea, kultura zientifikoa izatea baizik. Garrantzitsua da, hain justu, lehen esaten genuenerako: ulertzeko jakintza urratsez urrats egiten dela; bidean geratzen direla saiakera asko, baina horietatik ere ikasten dela; ezin dela eskatu txerto bat urtebetean, ez dela ez dutela nahi, baizik eta ezinezkoa dela... Hori da kultura zientifikoa. Hori garrantzitsuagoa da zientziari buruzko ezagutza zehatz bat edukitzea baino.

Ikertzaileen egunerokoa ere ezagutu behar da, haien egoera prekarioa. Denok ikusten dugun moduan suhiltzaileek lan baldintza duinak behar dituztela, oso lan garrantzitsua egiten dutelako, bada, gauza bera: ikertzaileek lan baldintza duinak behar dituzte; haien lana ere baliagarria da bizitzak salbatzeko.

BASARAS: Honek luze joko du, eta, bukatzen denean, lasaituko gara, birusa beharbada kontrolpean izango dugu. Baina ez dugu ahaztu behar beste mikroorganismo eta birus batzuk hor daudela, eta ez dugu ahaztu behar orain ikasitakoa. Hurrengo urteetan agian iritsiko zaigu besteren bat.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

ENDIKA PORTILLO / FOKU ©Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen.

Hildako bat eta 15 kutsatu gehiago izan dira, datu ofizialen arabera

Ane Eslava

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du Nekane Murga Jaurlaritzaren Osasun sailburuak. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute Bilbon.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna