Aste osoan eta bihar arte, Herribiltzak udako topaketak eginen ditu aurten ere, abuztuaren 7tik 13ra bitarte. Zazpi egunez, Herribiltzako kideak elkarlanean aritzen dira, eguna pasatzera baizik hurbildu direnekin batera; ideiak trukatzen dituzte eztabaiden bitartez, eta baita tailer praktikoen bidez ere.Zazpi egunez, independentzia aldarrikatzen dute, Euskal Herria burujabe izateko bidean. Bistan dena, aldarriak hausnarketa dakar, eta horretan aritu dira aste osoan: orain arte, herrien arteko elkartasuna, adierazpen askatasuna, instituzio politikoak, feminismoa eta kapitalismoaren alternatibak aipatu dituzte, adibidez; egunez egun, gai jakin bat jorratu dute.
Larzabaleko eguzki azpian (Nafarroa Beherea), bonetaz, txapelaz edo kasketaz babesturik, bi giderreko sarde bat hartu du bertaratu den bakoitzak, eta lanean hasi. Tresna lurrean sartu, indarrez, eta oina erabili dute gehiago sartzeko: jauzka; behin, berriz behar izanez gero; altxa. Eta berriz hasi. Halaxe iragan zuten atzoko goizaldia, buruaskitasunaren ildoan, Larzabaleko Espelletenia ostatu gibelean baratze bat sortzeko.
Buruaski izatea zer den, hala definitu du Herribiltzak bere webguneko aurkezpen orrian: «Buruaskitasuna, hemen eta munduan, bizitzeko behar ditugun gauzak (bizitegia, elikagaiak, energia, sendagaiak, garraiobideak...) ahal bezain hurbileko gizataldeetan ekoiztea da, langileak esplotatu gabe eta planeta suntsitu gabe». Helburu horren ildotik, hogei bat jende bildu ziren atzo, haurrak tarteko, ostatuaren gibelaldeko partean baratze bat sortzeko asmoz. Haatik, motorrek ez zuten lekurik atzoko proiektuan, eta dena eskuz egin zuten: baratze eremua marraztu, lurra altxatu, eta nahasi.
Independentzia, zergatik?
Gorka Torre Herribiltzako kide aktiboa da; aspaldi dihardu dinamikaren gaiak lantzen. Aurtengo topaketetan, berriz ere, egun bakoitzeko gaiak independentziarekin lotu dituzte. «Independentzia askatasuna da, burujabetasuna, erabakitzeko gaitasuna. Independente baldin bagara, erran nahi du ez garela besteen menpe erabakiak hartzeko», azaldu du. Eta jarraitu: «Eraldaketak egin nahi ditugu bizitzako arlo guztietan; eta, herri gisa eraldaketa horiek egiteko, independentzia behar dugu. Besteek agintzen duten heinean, eta Frantziako eta Espainiako estatuen instituzioek beren legea inposatzen diguten heinean, eraldaketa gutxi egin ditzakegu biziaren arlo horietan guztietan».
Baratzezaintzarekin paraleloa egin du Torrek, Herribiltzak zer aldaketa nahi duen azaltzeko: «Gauzak eraldatzeko, ezin ditugu azaletik egin; azken finean, erran nezake [topaketetan] lortzen dugula erradikaltasun aski handi bat ukaitea, eta ezinbestekoa da hori arazoak konpontzeko: erroetara jotzea. Ez badugu erroetara jotzen, arazoa ez dugu konponduko. Orain berean, baratzea egiteko, nahi ez genituen landareen erroak kendu behar izan ditugu. Ez baditugu kentzen, berriz aterako dira baratzean; hor dugu paralelismoa».
Eta hala, hausnarketatik abiatuz, helburuak gauzatzen saiatzen dira. Atzo goizean, 09:30ean bildu ziren denak Espelletenia ostatuan, Larzabalen, baratze kolektibo bat sortzeko xedez. Ostatuaren jabeak, Maialen Karrikondo eta Jeremy Larronde, Herribiltzako partaide dira: «Proposatu genien [Herribiltzakoei] hemen baratze kolektibo bat egitea. Jatetxea hartu genuenean, pentsatu genuen hemengo elikagaiekin abiatzea, bistan dena, eta egun batez, ahal bagenuen, baratzeko produktuekin. Kolektiboa biziki interesgarria da guretako, eta zentzuzkoa; horregatik parte hartzen dugu Herribiltzan».
Gehitu dute: «Baditugu ametsak pertsona gisa, eta entseatzen gara horiek enpresari lotzen. Sisteman gara, eta erraza da buru-belarri segitzea hartan. Alta, gauzak hobetzen ahal dira, bestela egin; horren entseatzea da helburua».
Prestatu duten baratze eremua borobila da. Torrek hala azaldu du: «Ideia da egunero egiten ditugun gauzei dimentsio estetiko bat ematea. Baratzea edo lur lana eguneroko jarduera bat da, eta, borobila, itxura geometriko gisa biziki gustuko dugu. Landaketak ere borobilean ezartzen ditugu». Bestalde, sinbologiaren ikuspegitik, zehaztu du borobila «herriaren sinboloa» dela, «komunitatearena».
Dinamika kolektiboa
Herribiltzari lotzen diren kideek arrazoi ugari dituzte, baina, orokorrean, denek bat egiten dute kolektibotasunaren garrantzia azpimarratzean. Oihana Oilarbururen ustez, «taldean, gure artean antolatzea ezinbestekoa da, arrangura berak dituzten jendeekin elkartzea». Gehitu du: «Ez zait iruditzen hori naturala zaigunik, ez baitugu ikasten horrela funtzionatzen».
Aurelie Dumas ere Herribiltzako kidea da. Goizaldea aitzur kolpeka lanean iragan ondoren, itzaletan hartu du babes, hamazazpi hilabeteko bere haurrarekin: «Buruaskitasuna beti hurbila egin zait kontzeptu gisa, beti harrigarria da ikustea zer egiten ahal dugun taldean eta gure baitatik. Gainera, hemen, belaunaldi aniztasun ederra dugu egun; hamazazpi hilabeteetatik hasirik». Erran zahar bat bururatu zaio: «Herri oso bat behar da haur baten heziketa egiteko». Ideia horren bidetik, Torrek hala segitu du gogoetan: «Heziketak biziari lotua behar du, eta bizitzako arlo guztietara ekarria, ez gela batera mugatua. Egun, adibidez, haurrak bildu dira baratzearen sorreran; hain zuzen ere, biziari loturiko heziketa da».
Lurretik, herri buruaskia
Herribiltzako udako topaketen barnean, hogei bat pertsona bildu dira Larzabaleko Espelletenia ostatu gibelean, baratze kolektibo bat sortzeko. Errotik, burujabetza defenditu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu