2013 hastapenean sortu zen Lurzaindia, eta bi urteko ibilbidean bederatzi aldiz dei egin dio Safer erakunde publikoari (zeinek bere esku duen lurren prezioa zuzena izan dadin ziurtatzea, eta beharrez erostea ere). Zazpi aldiz dei egin dio prezioa goregi zelakoan estimazio berri bat egitea galdetuz, eta hiru aldiz prezioa aldatu gabe lurrak erostea galdetuz. Prezioa apaldu izan denetatik bietan (behin etxea ere salgai zelarik) lur eremua salmentatik kendua izan da. Tresna horren bidez, etxalde eta laborantzako lurren prezioa apaldu ahal izan da usu.
Beste kasu batzuetan, hala nola Lakarrin Marie-Claire Leurgorriren etxaldean, lur batzuk laborantzarako izan daitezen ziurtatu da. Leurgorrik alokatzen zituen 8,5 hektarea salgai izan zirelarik, saltzaileetarik batzuek (familiako senide batzuek) etxe bati lotu nahi zituzten lur batzuk, etxearen salmentatik diru gehiago irabazteko. Lurzaindiak negoziaturik eta jabeekin adosturik, bere esku gelditu dira lurrak, eta Leurgorrik alokairu baten truk erabiltzen ahalko ditu bere lanean.