Patxi Lopezen legealdiaren amaiera. Lege ekimena

Luzapena, maldan gora

PPrekin zuen ituna hautsita, ataka zailean geratu da Patxi Lopezen gobernua: lege egitasmoak aurrera ateratzeko, ez du babes nahikorik eta, bozak aurreratuz gero, ezta denborarik ere.

edurne begiristain
Gasteiz
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Legealdia luzapenean sartuta dago. Eusko Jaurlaritzari urtebete eskas falta zaio agintaldia amaitzeko, baina bozak aurreratzeko aukera mahai gainean dauka Patxi Lopez lehendakariak. Hala gertatuz gero, gobernuak apenas izango duen denborarik onartu nahi dituen lege egitasmo guztiak onartzeko. Legebiltzarra desegin arteko denbora tartea, beraz, maldan gora izango du lehendakariak.

Legealdi hasieran egindako aurreikuspenak kale egin dio, atzera, Eusko Jaurlaritzari. Patxi Lopezek agintea hartu zuenean,lau urtean50 lege aurrera ateratzeko konpromisoa hartu zuen, eta gaur arte,horietatik erdiak onartu ditu. Urte hasieratik 11 lege atera ditu aurrera gobernuak: erdiak baino gehiago indarrean zeudenei aldaketak egiteko izan dira. Kutxen Legea izan da aurrera atera duen legerik garrantzitsuenetarikoa, baina haren eduki mamitsuenak EAJren eta PPren artean hitzartu dituzte.

PPren babesa galduta, PSE-EEren gobernua ataka larrian geratu da. Izan ere, zaila du adostasun nahikorik lortzea lege proiektu garrantzitsuenak aurrera ateratzeko: Eusko Legebiltzarrean 25 eserleku baino ez dituzte sozialistek, gehiengotik urrun.

Oposizioko talde gehienen ustetan, Lopezen gobernuaren «ahuleziaren» isla da lege egutegia bete ez izana. EAko Juanjo Agirrezabalak BERRIAri adierazi dio lehendakariak ez duela bete «emandako hitza» eta ez diela erantzun «behar bezala euskal gizartearen arazoei eta beharrei».Gainera, legealdian onartu diren lege proiektuen «pisuari» erreparatu behar zaiola iritzi dio: «Oro har, bigarren mailako legeak izan dira, sekulako garrantzia ez dutenak. Pisuzko legeak, ordea, onartu gabe geratuko dira ziurrenik: Udal Legea, Funtzio Publikoarena, Etxebizitzari buruzkoa...».

Rikardo Gatzagaetxeberria EAJko legebiltzarkidearentzat, Jaurlaritzaren «makaltasun eta ezintasunaren» adierazle da bere lege egutegia ezin betetzea. Azken asteotan egutegi hori «nola edo hala» bete nahian dabilela uste du, gainera. Iritzi berekoa da Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidea ere. Haren aburuz, azken hiru urteetan Jaurlaritzak apenas eraman duen legerik Legebiltzarrera, eta azken hilabeteotan lege proiektuak bata bestearen atzetik aurkeztu ditu, PPrekin zuen ituna apurtu duenean.

Proiektu garrantzitsuenak orainaurkezten baditu, «politikoki eta taktikoki errentagarriagoa» zaiolako da, Maezturen ustez: «Erakutsi nahi dute EAJ eta PP gai garrantzitsuenetan elkar hartuta doazela, eta horren bidez, PSE-EE ezkerreko irudi faltsua ematen saiatzen ari da».

Gaur egun Eusko Legebiltzarrean lege egitasmo eta lege proposamen ugari daude tramitazio bidean: Jaurlaritzak aurkeztutakohamabost lege egitasmo, legebiltzar taldeen zortzi lege proposamen, eta herritarren ekimenez aurkeztutakobeste lau. Datorren asteko osoko bilkuran gobernuaren hiru lege egitasmo eztabaidatuko dira: zehazki, Euskal Unibertsitate sistemaren Kalitate Agentziaren lege proiektua, Transexualen eskubideei buruzkoa eta EAEko segurtasun publikoa antolatzeari buruzkoa. Kiroleko dopinaren aurkako lege egitasmoaren tramitazioa ere amaitutzat eman du legebiltzarrak, eta bihar bozkatuko dute osoko bilkuran.

Beste lege askoren tramitazioak, baina, luze jo dezake. Epe aldetik estu ibiliko dela jakitun eta legeak «atzeratu» ez daitezen, uztaila legeen tramitaziorako erabiltzeko eskaria egin du PSE-EEk Bozeramaileen Batzordean. Batzorde horrek datorren astean erabaki lezake uztailean ere bilkura saioak izatea, EAJ, PP eta UPDk hala eskatu dutelako.

EAJ eta PP, aurrea hartuta

PPrekin zuen ituna hautsi izanak lehen ondoriozuzena izan du lege baten tramitazioan: duela bi aste Gazteriaren Legea atzera bota baitzuen Legebiltzarrak, PPk abstenitzea erabaki eta gero. PPk bazekien abstentzioak galarazi egingo zuela Gazteriaren Legea onartzea, eta, horrela, lehendakariari agintaldia bukatu nahi izateak ekar liezazkiokeen arazoak agerian utzi nahi izan zituen. EAJ, Aralar, EA eta Ezker Anitzak proiektua gobernuari itzultzearen alde bozkatu zuten, eta PSE-EE bakarrik geratu zen lege egitasmoaren defentsan.

PSE-EEk PPrekinduen «menpekotasuna» agerian utzi du lege hori atzera bota izanak, Agirrezabalak dioenez: «PPren babesa galduta, gobernua umezurtz geratu da, bere lege proiektuak ateratzeko gaitasunik gabe».

Orain arte bazkide izan duen taldearen babesa galduta, bi erronka nagusiri heldu nahi izan die Jaurlaritzak agintaldiaren azken txanpan: Kutxen Legea eta Udal Legea, hain justu ere.

Kutxen Legea duela egun gutxi onartu zuen legebiltzarrak. Bidea, baina, ez du samurra izan, batez ere atzerapen handiarekin iritsi delako ganberara, Bizkaiko Aldundiak foru eskumenak urratzen zituela argudiatuta helegitea jarri zuelako. Baina horretaz gainera, onartutako legearen edukia ez da PSE-EEk nahiko zukeena, zatirik korapilatsuenak EAJren eta PPren artean hitzartu dituztelako. Kutxetako agintaritza organoen antolakuntzan eta aukeratzeko prozeduran ados jarri dira bi alderdiak, baita aurrezki kutxek Kutxabanken dituzten ordezkariak aukeratzeko moduan ere. Akordioak, beraz, aldaketa esanguratsuak ditu Eusko Jaurlaritzak aurkeztu eta PSE-EEk aldeztu duen proiektuarekin alderatuta.

Agirrezabalaren irudiko, PSE-EEri «bizkarra» emanda adostu dute lege hori EAJk eta PPk, bi alderdion «interes partikularrak» lehenetsita. Eta gauza bera gerta daiteke hemendik aurrera gobernuak aurkeztuko dituen beste lege egitasmoekin ere: «EAJk eta PPk bat egiteko aukera izango dute edozein lege proiekturi eskuinari interesatzen zaion norabidea emateko, eta bide batez, gobernuaren bakardadea eta ahulezia nabarmen geratzeko». Maeztu ziur da Udal Legearekin gauza bera gertatuko dela legealdia amaitu aurretik onartuz gero, EAJren eta PPren irizpideak gailenduko direla uste duelako.

Udal Legearen tramitazioa izaten ari da Jaurlaritzaren buruhauste nagusia, foru aldundiekin dituen desadostasunen ondorioz etengabe atzeratzen ari delako haren onarpena.

EAJk, PPk, Aralarrek, EAk eta Ezker Anitzak proiektuari zuzenketak aurkeztuko dizkiotela iragarri dute. Orain arte bazkide izan duen alderdiak, PPk, ohartarazi du Jaurlaritzaren udal legeak zenbait «lerro gorri» gainditzen dituela; tartean, foru eskumenak. EAJk ere «desadostasun sakonak» ditu proiektuarekin, eta EAk eta Aralarrek udalerrietan ordezkaritza gehien duen alderdiaren iritzia kontuan ez hartzea aurpegiratu diote PSE-EEri. Nolanahi ere, EAJk eta PPk behin eta berriz adierazi dute premiazkoa dela legea hauteskundeetara deitu aurretik onartzea —datorren legealdian ezker abertzalea legebiltzarrean baldin badago nekez aterako luketelako aurreralegea egun dagoen moduan — eta bi alderdiok prest agertu diraakordioa lortzeko.

Hala ere, EAJk aitortu du Lopezek bozak aurreratzen baditu zaila izango dela Udal Legea legealdi honetan onartzea. Legealdia osorik betetzen badu, ordea, ziur da legea aurrera aterako dela: «Lehendakariaren esku dago legea ateratzea edo ez». Modu batera edo bestera, EAJk ez du legearen tramitazioa oztopatu nahi, Gatzagaetxeberriak azaldu duenez.

Denbora aldetik, baina, oso estu ibiliko da gobernua. Izan ere, Udal Legea Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari da oraindik, eta onartu bitarteko prozesuak luze jo dezake. Gainera, Aralarrek eskatuta, zuzenketak aurkezteko epea hil honen 29ra arte luzatu dute. Taldeen osoko zuzenketak eztabaidatu eta gero, zatikako zuzenketak eztabaidatzeari ekingo diote batzordean. Tramite hori amaitutakoan bozkatuko litzateke legea osoko bilkuran.

Etxebizitza Legea, berriro

Jaurlaritzak esan du geldirik ez dela egongo. Legealdia betetzeko asmoa duela eta legebiltzarrera lege egitasmoak igortzen jarraituko duela agindu du. Akordioak lortzeko borondatea eskatu die legebiltzarreko taldeei; esaterako, Etxebizitzaren Lege proiektu berria aurrera ateratzeko. Duela aste pare bat onartu zuen Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak etxebizitzaren gaineko eskubide objektiboa jasotzen duen lege egitasmoa.

Legegintzaldiz legegintzaldiz bidean geratu den legea da Etxebizitzarena. Joan den legealdian ere, babes eta denbora falta zela medio, onartu gabe utzi zuen Javier Madrazok. Gisa horretako lege bat legealdiaren amaieran aurkeztea «propaganda politikoa» egitea dela iritzi dio Aralarrek. Bide beretik mintzatu da EA, eta hauteskundeetara lehenbailehen deitzea beste biderik ez duela esan du: «Agonia luzatzeak gobernuaren irudia kaskartu ez ezik, gizartearenkonfiantza berreskuratzea ere zaildu egingo du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.