Mehatxuak eta irainak ugari izan ziren, eta, Etxerat-ek salatu duenez, funtzionarioek izandako jarrerak ere lagundu zuen. Euskal presoek salatu dutenez, jipoiak eta erasoak preso sozialek egin zituzten arren, kasu gehienetan funtzionarioak zeuden horien atzean.Horri guztiari espetxe kanpoan gertatutakoak gehitzen dizkio Etxerat-ek, hala nola Espainiako polizia batek eta haren semeak Iruñean Anjel Berrueta hil izana, Conchi Sanchizen heriotza, hainbat presoren senideek espetxe kanpoan pairatutako erasoak eta Karlos Apeztegia Jaka presoaren gurasoei atarian idatzitako mehatxuak. Hain zuzen, hiru egun horietan pairatutako erasoei buruzko azalpenak emateko asmoz, Etxerat-ek agerraldia eskatu zuen Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. Gaur 10:00etan dute hitzordua. Iñigo Urkulluk gidatzen duen Giza Eskubideen Batzordearen aurrean euren salaketa plazaratuko dute, txosten baten bidez, Etxerat elkarteko ordezkari Josu Zerratok, erasoak pairatu zituzten Imanol Esnaola eta Idoia Arbelaitz preso ohiek eta Aitor Ibero abokatuak. Euren asmoa Giza Eskubideen Batzordeak gaia bere gain hartu eta hainbat ekimen bideratzea da. Lehenik eta behin, erasoak pairatu zituzten presoak bisitatu eta espetxean bertan zuzeneko lekukotza hartzeko eskatzen diete Etxerat-eko kideek Batzordea osatzen duten legebiltzarkideei. Behin hori jasota, Legebiltzarrak erantzukizunak eskatu eta berriro halakorik gertatuko ez dela bermatzea nahi du Etxerat-ek. Eta, azkenik, sakabanaketa amaitzeko eskatzea, horrelako erasoak zaildu eta giza eskubideak bermatzeko aukera emango lukeelako horrek.
-
Bestelako eraso eta eskubide murrizketak
erasoak
Alcala Meco (gizonak): Atentatuen berri izan zutenean, patioan zeuden preso sozialek harriak, makilak, plastikozko kutxak eta aulkiak bota zituzten euskal presoen leihoen kontra. Ondoren, ziegetara igo, eta lixiba pastillak ate azpitik sartu zizkieten, su eman ostean. Lixiba pastillen kea oso toxikoa da. Horren ostean, guztiak bakartze modulura eraman zituzten.
Aranjuez (gizonak): Hirugarren moduluko bost euskal presok pairatu zuten erasoa. Irudiak ematen hasi zirenean, bost presoak batera jaitsi ziren jangelara; haien hitzetan, zetorkien erauntsiari «eusteko asmoz». Mahaian eserita zeudela, zenbait preso sozial geraturatu eta oihuka hasi zitzaizkien. Mehatxatu eta iraindu zituzten, eta tentsio uneak izan zituzten. Euskal presoak aurre egiten hasi zirenean, liskarrak hasi ziren: «Gu bostok, elkarri bizkarra babestuz, geure burua defenditzen saiatu ginen. Hiruzpalau minutu iraun zuen borrokak, kolpeak, ukabilkadak eta ostikadak eman zein jasotzen». Hurrengo bi egunetan ere saiatu ziren euskal presoei eraso egiten.
eraso saioak
Albaceten, labanaz: Albaceten hiru bider saiatu ziren Txus del Bado presoari eraso egiten, eta hirugarrenean labanaz egin zuen saioa preso sozial batek. Albaceteko euskal presoek, horrez gain, preso sozialen irainak eta mehatxuak pairatu zituzten. Albaceteko sei preso politikoak bakartuta zeuzkaten, eta horrek sortzen duen «babes falta» eta Del Badoren kontrako erasoak salatzeko, gose grebari ekin zioten. Hilabetetik gora egin zuten baraualdian.
Alboloten (Granada), irainak eta mehatxuak: Ainhoa Gutierrez euskal presoa iraindu eta mehatxatu egin zuten beste presoek; Etxerat-ek salatu duenez, funtzionario eta medikuak xaxatuta. Preso sozial batzuek Gutierrezi kontatu ziotenez, medikuak honako hau esan zien: «Jipoi bat eman nahi baduzue, edo lepoa moztu, nik ez dut begiratuko». Gutierrezek bi urteko alaba berarekin du espetxean. Bere gurasoak bisitan joan eta umea kalera atera zutenean, preso sozialei mintzatu zitzaien. «Zerbait egin behar badidazue, egin orain, alaba kanpoan dela», esan zien Gutierrezek. Ordutik, bakean utzi zuten.
Andoni Beroiz (12 de Octubre): Valdemoro espetxean dagoen Andoni Beroiz presoak pneumoniarekin eraman zuten 12 de Octubre ospitalera, martxoaren 11n bertan. Haren amak gutun batean kontatu zuenez, erietxera iritsitakoan guardia zibilek bakarrik utzi zuten harrera gune batean. Atentatuen biktimen senideak zeuden zain leku berean, eta guardia zibilek zera esan zieten: «Hemen duzue 500 kilo lehergaiz betetako furgoneta Madrilera ekarri nahi zuen etakidea». Beroizek tentsio une bat baino gehiago izan zuen erietxean.
eskubide murrizketak
85 preso, 2. gradutik 1. gradura: Martxoaren 11ko atentatuen ondorioz, 2. graduan zeuden preso asko 1. graduan jarri zituzten. Inolako arau hausterik edo jokabidearen bilakaera okerrik arrazoitu gabe aldatu zituzten graduz eta eskubideak murriztu. Guztira, 85 preso aldatu zituzten graduz, honako espetxe hauetan: Burgos, El Dueso, Langraiz, Logroño, Mansilla eta Valladolid.
Bakartzea eta 1. gradua: Hainbat espetxetan, 1. presoak 1. graduan jartzeaz gain, bakartze moduluan sartu zituzten. Besteak beste, Topasen eta Zueran.
Urruntzeak: Martxoaren 11tik 54 preso espetxez aldatu dituzte, gehienak urruntzeko. Batez beste, 54 preso horiek 174 kilometro urrutiago daude. Bisitarik gabe: Martxoaren 13 eta 14ko asteburuan 87 preso bisitarik gabe gelditu ziren.