EAEko Etxebizitza Legea. Jaurlaritzaren aurreproiektua

Madrazoren arantza

Etxebizitza edukitzea eskubide subjektiboa izatea eta alokairua bultzatzea ziren Eusko Jaurlaritzako sailburu ohi Javier Madrazoren Etxebizitza Legearen proiektuaren oinarriak. Haatik, ez zen aurrera atera.

Javier Madrazo lan batzuk ikusten sailburu zenean. M.RAMIREZ / ARP.
ainara arratibel gascon
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu ohi Javier Madrazoren proiektu ikurra zen Etxebizitza Legea. Baina babes eta denbora falta zela eta, Eusko Legebiltzarrean ez zen eztabaidatu ere egin. Kargua utzi ostean, behin baino gehiagotan aitortu izan du ez onartzea izan zela geratu zitzaion arantza handienetakoa.

Agintaldiaren erdirako legea onartua izatea espero zuen Eusko Jaurlaritzak. EAJk, EAk eta EBk osatutako hirukoak denbora asko egin zuen lege hori onartu nahian. Aurreproiektuaren puntu nagusiak 2007an onartu ziren, eta Madrazok sostengua eskatu zuen. Baina legealdiak aurrera egin ahala, ez zuela aski babes lortzen ikusi zuen. EAJk ez zuela egitasmoa gogoko ere zabaldu zen. Aurreproiektua aurkezteko unea atzeratzen joan zen.

Legegintzaldia amaitzeko bi hilabete eskas falta zirela ikusita, 2008ko urrian aurkeztu zuen Madrazok Etxebizitza Legearen aurreproiektua. Bertan, besteak beste, etxebizitza izatea eskubide subjektiboa zela aitortzen zen. Eskubide hori, egitasmoan jasotzen zenez, alokairu sozialerako etxebizitzak eraikitzen ziren neurrian gauzatuko zen. Hala, 22.000 euro baino gutxiago kobratzen zuten pertsonei bost urtean etxebizitza bermatzeko konpromisoa hartzen zuen Jaurlaritzak. Horretarako, Etxebiden egin behar zuten eskaria.

Gainera, hamar urteko epean alokairurako 35.000 etxe eraikitzeko konpromisoa hartu zuen Madrazoren sailak. Horrekin batera, egitasmoan etxebizitza hutsen jabeak zerga bidez zigortzea proposatzen zen. Hasieran kanon bat ezartzea pentsatu zuten, baino horrek «adostasun sozial eta politiko nahikorik» ez zuela aitortu zuen Madrazok, eta juridikoki indarrean jartzea zaila zela. Azkenean, hutsik zeuden etxeen jabeei Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga igotzea aurreikusi zuten lege egitasmoan.

Etxebizitza babestuak etxe libre gisa saltzea saiheste aldera ere neurriak proposatu zituzten. Hala, lege egitasmoaren arabera, babes ofizialeko etxebizitza baten jabeak merkatu librean beste etxe bat erosizgero, derrigorrez administrazioari saldu behar zion.

Epez estu egon arren, «borondate politikoarekin» aurreproiektua onar zitekeela adierazi zuen aurkezpen egunean Madrazok; hala izateko itxaropena zuen. Babes hori lortze aldera, Javier Buron Etxebizitza sailburuordeak eskutitz bat bidali zien oposizioko alderdiei. Elkarrizketa prozesu«ireki, serio eta malgua» eskaini zien. Batik bat PSE-EEri, Aralarri eta EHAKri eskatu zien laguntza. Legea onartzeko giltza PSE-EEk zuen.

Oposizioko alderdiek ezetz erantzun zuten, ordea. Ez zutela ezta aurreproiektua jaso adierazi zuten EHAK alderdiko ordezkariek. PSE-EEk Madrazoren «azpijokoa» salatu zuen, eta «kea saltzen» aritzea egotzi zion. Legea onartzeko «interes gutxi» izatea egotzi zion Jaurlaritzari, eta soilik «Ibarretxeren kontsultaz» kezkatuta egotea. Aralarren ustez, berriz, proiektua «berandu eta edukiz hustuta» aurkeztu zen. Besteak beste, etxebizitza hutsen kanona eta udal plangintzetarako kupoa kendu izana salatu zuten. Hiru alderdiek gaitzetsi zuten oposizioaren bizkar uztea legea onartzeko ardura.

Azkenean, Madrazok amore eman behar izan zuen. Izan ere, babesik ez izateaz gain, legealdia amaitu egin zen. Aurreproiektua ez zen Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu ere egin. «Bukaeraraino saiatu gara, baina ezinezkoa izan da», aitortu zuen Madrazok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.